Gorriti plaza berritzeko proiektuak oinezkoei emango die lehentasuna

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/08/26 | Hirigintza
  •  Lanak egikaritzeko lizitazioa publiko egin du Udalak eta datorren irailaren 11ra arte izango da proiektuak aurkezteko epea.

Tolosako Udalak Felipe Gorriti plaza erabat berrurbanizatzeko proiektu bategina aurkeztu du, oinezkoen mugikortasuna lehenetsiz eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetuz. Gaur egun ibilgailuen trafikoa, zamalanak eta oinezkoen zein txirrindularien joan-etorriek bat egiten duten espazioan, diseinu berriak plataforma bakarra sortuko du, ibilgailuak plazaren erdialdeko ibilbidetik bideratuz. Gaur egun dagoen zamalanetarako gunea kendu egingo da, eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, Alde Zaharrera ibilgailuen sarrera mugatu eta antolatzeko. Era berean, Gorriti plaza, Barrena kalea eta Arramele zubiaren arteko bidegurutzea altxa egingo da, oinezkoen lehentasuna indartzeko eta ibilgailuen abiadura murrizteko.

Proiektuak, gainera, plaza eta haren ingurua erabilera sozial eta aisialdirako espazio atseginago bihurtzea du helburu. Izan ere, eraitsitako Oiarbide ostatuaren eranskinaren eremuan lorategi bat eta jolas-gune bat sortuko dira, eta Andre Maria kalearen eta Oria ibaiaren arteko berdegunea txukundu eta hobetu egingo da, pasealekua eta atseden-guneak gehituz. Berdegune berriek landareak eta zuhaitzak izango dituzte, eta Oria ibaiaren ondoan bankuak eta babes-barandak jarriko dira. Plaza osoan asfalto inprimatuko zoladura erabiliko da, eta ibaiaren inguruan eta euste-hormaren eremuan material iragazkorrak erabiliko dira. Andre Maria kaleak, bestalde, bi noranzkoko zirkulaziorako bi errei izango ditu.

Urbanizazio-aldaketekin batera, azpiegiturak eta segurtasun-baldintzak ere erabat berrituko dira. Oiarbide ostatuaren atzealdeko egungo euste-horma ezegonkorra denez, horma berri bat eraikiko da mikropilote bidezko zimenduekin, eta ondoko lauza ere berreraikiko da, egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Era berean, hornidura-sarea berrituko da, eta saneamendu-sistema unitarioaren ordez euri- eta hondakin-urak bereizteko sareak ezarriko dira. Argiteria ere hobetuko da, 11 farola berri jarri eta aireko kableen zati bat lurperatuta.

Proiektuarentzat sei hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 1.077.529,16 eurokoa da, BEZa barne.

 

Alde Zaharra biziberritzeko bidean, mugarri

Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, proiektuaren izaera estrategikoa nabarmendu du: «Alde Zaharra biziberritzeko plan estrategikoaren barruan, Gorriti plaza eraberritzea ezinbestekoa da, auzoak merezi duen gune berri eta eraberritu bat eskaintzeko. Urte gehiegi eman ditu degradatutako gune moduan, eta Udalak ireki berri duen lizitazio prozesuarekin, bertako bizilagunek hainbeste merezi duten plaza seguru eta irisgarria izango dute». Halaber, proiektuak aste honetan abiatutako Arrameleko zubiaren eraberritzeari jarraipena emango dio, herriko guneak eraberrituz eta loturak erraztuz. Ildo horretan mintzatu da Martinez de Rituerto alkatea: «2023-2027 agintaldi planean jasotako proiektu estrategikoa da, eta zenbait erakunderen arteko elkarlanari esker, konpromisoa bete eta proiektu sendo eta landua aurrera eramateko moduan izango gara». Dena ondo bidean, Gorriti plaza berriaren lanak urtea amaitu aurretik hasteko moduan izango dira. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA