- Urriko osoko bilkuran «24.IURRE» esparruaren aldaketa puntuala hasieraz onartu da; «13.1 San Frantzisko pasealekua 37» esparruko xehetasun-azterketari eta «20.1 Amarotz Paper-Fabrika» eremuko antolamenduko plan bereziari, berriz, behin betikoa.
Hirigintza eta etxebizitza ere izan dira hizpide, gai bati baino gehiagori lotuta. Alde batetik, hasierako onespena eman zaio, aho batez, HAPOko «24.IURRE» hirigintza-esparruaren aldaketa puntualari, bertan Tolosaldeko Titulartasun Publikoko Osasun ekipamendua kokatu ahal izateko.
Aldaketa hori gauzatu beharra dago, lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ahal izateko. Kasu honetan, aurrerakin dokumenturik gabe tramitatzen denez, ingurumen txostena beharrezkoa zen hasierako onespena emateko. Hain zuzen, apirilean eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, eta irailean jaso ostean, urriko bilkuran eman zaio onespena. Orain 45 eguneko entzunaldian izango da. Halaber, txosten sektorialak eskatu, horiek jasotzen dutena bildu eta balizko helegiteen erantzunak eman beharko dira, udalbatzak behin behinekoz onartu aurretik. Onarpen horren ondoren, EAEko Lurralde Antolamenduko Batzordera bideratuko da, eta haren onespena jasota, behin betikoz onartuko ahal izango litzateke HAPOaren aldaketa puntuala.
«13.1 San Frantzisko pasealekua 37» azpiesparruko xehetasun-azterketari ere behin betiko onespena eman dio udalbatzak, bizilagun batzuk aurkeztutako alegazioei erantzun eta gero. Hirigintza Sailak txosten juridikoa egin du horietako bakoitza aztertuz, eta ondorioztatu du prozedura egokia dela eta legea behar bezala betetzen duela.
Besteak beste 35. zenbakiko bizilagunek garajerako sarbideko arrapala handitzea edo garaje berritik sarbidea egitea eskatzen zuten; urbanizazio plana egitean aurreikusten da arrapala handitzeko aukera, zortasuna udalari eman eta hori egiteko hitzarmena garatu ondoren. Sarrera eta argiteria txukuntzeko helegitea ere jarri zuten; bada, azterketa hori ez dagokio xehetasun-azterlan honi, urbanizazio planari baizik, baina hori egitea aurreikusten da. Lerrokadura, altuera eta eraikigarritasunaren inguruan, berriz, azterketa juridikoak erakutsi du HAPOan jasotako lerrokadurak aldatu daitezkeela xehetasun-azterlanarekin.
Lehenago, birpartzelazio proiektua ere aurkeztu zen eta entzunaldia pasa eta onartu ostean, bi zatitan banatuko da eremua. Horrela, Sagrado Corazon etxea mantendu ahal izango da, udal jabetzakoa izatera pasako dean, eta atzean 23 etxebizitzako eraikin bat eraikiko da, aurreko proiektuan aurreikusitako etxebizita kopurua mantenduz.
«20.1 Amarotz Paper-Fabrika» eremuko hiri-antolamenduko plan bereziari ere behin betiko onespena eman zaio aho batez. Era berean, Vivienda de Suelo de Euskadi S.A. - Euskadiko Etxebizitza Eta Lurra” sozietatearekin lankidetza-hitzarmena behin betiko onartu da. 81 etxebizitza egingo dira, eta udalak 486.000 euroko diru ekarpena egingo dio Visesa sozietate publikoari sustapen hori garatu ahal izateko, 6.000 euro etxebizitza bakoitzeko. Datozen asteetan informazio-saio bat antolatuko da Amarotz auzoan bertan, xehetasun guztiak azaltzeko. Baimenak urte amaieran ematea da asmoa, lanak berehala has daitezen.