Osasun ekipamendua eraiki ahal izateko HAPOko aldaketa puntualari behin-behineko onespena eman dio udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/26 | Hirigintza
  • EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari (EAELAB) bidaliko zaio, dagokion txostena egin dezan, eta horrekin emango zaio behin betiko onespena.
  • Azpieremu horretan dauden udalaren jabetzakoak ez diren bi orube ere bereganatuko ditu Udalak, Jaurlaritzari egin beharreko lagapena azkartzeko.

 

Udalbatzak behin-behineko onespena eman dio, iraileko osoko bilkuran, aho batez, HAPOko «24. Iurre» esparruko aldaketa puntualari eta dagokion Ingurumen-Azterketa Estrategikoari.

Tolosako Udalak HAPOaren aldaketa puntualari hasierako onespena eman eta jendaurrean jarri zuen iazko azaroan. Segidan, sektoreko eskumenak dituzten herri-administrazioei eman zitzaien horren berri, haiek ere dagozkien txostenak egin zitzaten. Txostenak aintzat hartuta, batetik, eta, bestetik, jendaurreko epean egondako ekarpenen emaitzak ikusita, aurkeztu da behin betiko onespenerako dokumentua, hasierako onespena zuen dokumentazioa egokituta. Egokitzapen horrek ez dakar funtsezko aldaketarik. 

Osasun Sailak bertan egin asmo duen titulartasun publikoko osasun ekipamendua eraikitzeko  aurrez egin beharreko tramitea da, lursail horiek berkalifikatu eta Eusko Jaurlaritzaren esku gera daitezen. Hain zuzen, HAPOaren aldaketa honek 8.543,84 m2-ko azalera duen hirigintza azpieremu bat ezarri eta antolatu du. Horren barruan, 8.423,64 m2-ko azalera duen lursail bat bereizten da, eta sestra gaineko eta sestrapeko eraikigarritasun fisikoa eta profila ematen zaio, eta erabilerak, eraikuntza eta urbanizazioa arautzeko irizpideak finkatu dira.

Hurrengo urratsak

Aldaketa honen behin-behineko onespenarekin, amaitzear dira Udalak lursail horiek Osasun Sailaren esku jarri ahal izateko egin behar dituen lanak. Aldaketa puntualaren dokumentazio osoa EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari (EAELAB) bidaliko zaio orain, dagokion txostena egin dezan. Txosten hori jasota emango litzaioke behin betiko onespena aldaketari. Eta, orduan bai, lagapena izapidetu eta une horretatik aurrera, Osasun Sailaren esku geratuko da lursail hori.

Udalaren jabetzakoak ez diren bi orube ere badaude azpiesparru horretan. Uztaileko osoko bilkuran EAJ udal taldeak horiek eskuratzeko proposamena luzatu zuen, eta Hirigintza Sailak gaia aztertu ondoren, proposamena ontzat eman da. Horrenbestez, aldaketa puntualari behin betiko onespena eman ondoren, Udalak orube horiek bere gain hartzeko lanak abiatuko ditu, Jaurlaritzari egin beharreko lagapena errazagoa eta azkarragoa izan dadin.

Osoko bilkurako beste bi gai: Arrameleko zubia eta Irisgarritasun Plana

Lurralde antolaketako beste bi gai ere izan dira hizpide osoko bilkuran. Batetik, Arrameleko zubiaren eta inguruko biribilgunearen konponketa lanak. Exekuzio-proiektua jada eginda dago, baina obra egin ahal izateko lursail zati bat desjabetu behar da. Bada, aho batez onartu da desjabetze horren akta egiteko data: urriaren 14an egingo da. Desjabetze hori egin ostean, jarriko da martxan obraren lizitazioa. Obra honekin, Arrameleko zubiaren bidegorria eta oinezko bideak konpondu eta berrantolatuko dira, baita errepidean dagoen biribilgunea moldatu ere.

Bestetik, jendaurreko epaldia igarota, Tolosako Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralak behin betiko onespena jaso du. 2003koa da Tolosan onartutako azkena, eta ordutik ez da eguneratu. Bada, 12 urterako plangintza batean jaso dira jarduketak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA