Plaza Zaharraren eta Zerkausia, Korreo eta Letxuga kaleen arteko patioa berreskuratzeko lanak abiatuko ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/23 | Hirigintza
  • Etxadi-patioan dauden eraikinetako batzuk eraitsi eta eremua garbituko du Udalak, apiriletik aurrera.
     

Alde Zaharreko etxadi-patioak berreskuratzea eta duintzea da Alde Zaharra Berroneratzeko Plan Integralaren barruan zehaztutako helburuetako bat. Bada, norabide horretan urrats garrantzitsua emango du Udalak: Plaza Zaharraren eta Zerkausia, Korreo eta Letxuga kaleen arteko etxadi-patioa berreskuratzeko lanak abiatuko ditu.

Hilabeteak dira eremu horretan lanean dabilela Udala. Ordenazioz kanpoko eraikinak daude patioan: horietako batzuk jabetza pribatuak dira, beste batzuen jabetza argitzeke zegoen, eta beste kasuren batean, jabetza publikoko baina erabilera pribatibokoak zeuden. 

Horietako asko, ordea, utzita zeuden, eta osasun publikoko arazoak antzeman ziren, tartean, arratoi plagak. Horiek hustu eta garbitzeko errekerimenduak bideratu zitzaizkien iaz jabekideei eta, ondoren desratizazio-tratamenduak aplikatu dira. Lan horiek eginda egoera hobetu bada ere, harago joatea erabaki du Udalak: jabetzak aztertu eta zalantzak argitu eta gero, eraikinetako batzuk eraisteko eta eremua garbitzeko ardura hartu du. 

Dagoeneko bideratu dira lan horien kontratazioak, eta apirilean hastea da aurreikuspena. Eraikin horietako batzuk amiantoa dute eta, beraz, trataera berezitua eman behar zaie lanei. 

Oraingoan, patioaren erdian egingo dira lanak: Letxuga kaleko eta Plaza Zaharraren aldeko pasabide ingurutik, Zerkausia kalearen lehen erdira, gutxi gora behera. Beste erdian, jabetza pribatuko eraikinak daude, eta horien etorkizuna aztertzeko azterlanak martxan ditu Hirigintza Sailak. 

Ander Figuerido zinegotziak azaldu duenez, patioarekin zer egin erabakiko da lanak egin eta eremua nola geratzen den ikusi eta gero: «Hau lehenengo urrats bat da. Ez dakigu bestelako urbanizazio lanik beharko ote duen. Erabilera publikoa eman nahi bazaio, zer eta nola egin ikusi beharko da. Argi dugu ez dugula puntu beltz bat sortu nahi. Hala eta guztiz ere, erabat degradatua dagoen eremu bat txukuntzeko eta duintzeko urrats garrantzitsua da».

 

Lan gehiago

Alde Zaharreko Plan Integralari lotuta, beste bi kontratu bideratzear dira. Batetik, eremuaren konponketa lanetarako kontratua esleitu berri da. Ondorengo hilabeteetan lan txiki ugari egingo dituzte kalez kale. Bestalde, Plan Integralaren bigarren fasearen kontratua esleitzear dago. Eginbideak amaitu bezain pronto aktibatuko da, eta hurrengo urteetarako Ekintza Plana lantzeari ekingo zaio.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA