Tolosako kale-argiteriaren neurketa abiatuko du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/19 | Hirigintza
  • Martxoaren 10etik aurrera egingo dira neurketak ibilgailu berezi baten bitartez; errepidean ez ezik, espaloian eta bidegorrian barrena ibiliko da.
  • Horrekin batera, argiteria hobetzeko interbentzioak egingo ditu Udalak dagoeneko beharra identifikatuta duten zazpi eremutan.


Tolosa, 2025eko otsailaren 19a

Tolosako Udalak, udalerriko kale-argiteriaren neurketak egingo ditu martxoaren 10etik aurrera, 20:00etatik 23:00etarako ordutegian. Egun horietan, neurketa mota hauek egiteko espresuki hornitutako ibilgailu batek herriko errepide, espaloi eta bidegorriak zeharkatuko ditu auzoz auzo neurketak egiteko. Errepidetik 50 km zeharkatuko ditu autoak eta oinezkoen bidetik, aldiz, 17 km.

Beharrezkoak dira neurketa hauek 4/2019 Jasangarritasun Legean aurreikusten den kale-argiteriaren auditoretza egiteko beharrezko dira neurketa hauek, eta hainbat helbururi erantzuten die.

Batetik, kale argitareriaren inguruan dauden beharrak aztertzeko datu zehatzak izatea, etorkizuneko argiteria berritzeko inbertsioak nora bideratu erabaki ahal izateko. Bestalde, Tolosako zebra-bideen argiztapen-maila eta segurtasuna aztertzea da beste helburuetako bat; horrela, puntu ilunak identifikatu, eta esku-hartzea behar duten eremuak zehaztuko dira.

Azkenik, bertako herritarrekin Tolosako argiztapenaren planoa partekatzea izango da beste helburuetako bat. Izan ere, tolosarrak herriaren egoeraren jabe izatea ahalbidetu nahi du Udalak, haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Neurketak, beti ere, baldintza klimatologiko egokiek ahalbidetuta egin ahalko dira soilik; euria edo behe-lainoa bada, neurketak atzeratu egingo dira.

Abian dauden argiztapen-lanak

Udalak egunotan neurketa abian jarri arren, lanean ari da, jada identifikatuta dauden hainbat puntu ilunen argiztapena hobetzeko, eta hobekuntza-lanak egitea aurreikusita dago jada herriko zazpi puntutan:

  • Paper kaleko kantxaren argiztapena.
  • Iurramendi kalean, Ikastolako biribilgunetik Paper kalera doan biribilgunera, oinezko bidearen argiztapena indartzeko gaur egun dauden faroletan jartzeko luminariak erosi dira.
  • Iurramendi pasealekuan, ibai-ertzetik igarotzen den bidegorriaren eremua.
  • Zerkausian gauez pizten den argiztapena luminaria berriengatik ordezkatuko dute. Aurrerago, beste lerroak berritzea aztertuko da.
  • Zerkausian, ibai aldetik ikusten den fatxadan dauden argiteria apaingarrietako batzuen ordez, kolore-kontrola dutenak jarriko dira. Horiek ondo funtzionatzen badute, falta diren luminariak ere ordezkatuko dira.
  • Trinkete plazara ematen duten hiru pasabideetan argiztapena indartuko da, luminaria berriekin. Leku horietan erabiliko den materiala egokia dela ikusten bada, etorkizunean, Tolosako beste zenbait pasabidetako argiztapena material berarekin hobetzea aztertuko da.
  • Emeterio Arrese parkearen argiztapena indartzeko azterketa eskatuta dago, emaitza jasotzeko zain, inbertsioa egin aurretik.

Tolosako argiztapenaren datuak

Udalerrian 3.700 argi-puntutik gora daude, eta horien potentzia kontratatua 350 kW-etik gorakoa da. Orotara, 725.000 metro karratutik gora argiztatzen ditu Udalak, errepide, oinezko bide, bidegorri eta beste hainbat eremu kontuan izanda. 2024. urtean 695.154 kWh kontsumitu ziren, 184.891 €-ko gastuarekin. Udalak LED teknologia duten luminariak sustatu ditu eta % 90etik gora dira jada teknologia hori dutenak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA