2022ko aurrekontuen likidazioa eta kreditu aldaketak azken Osoko Bilkuran

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/05/30 | Idazkaritza
  • Ia osotasunean gauzatu dira 2022an aurreikusitako gastu eta sarrerak eta baita ere proiektuak: Amarotzeko estalkia eta jolastokia, Paper kalearen berurbanizazioa, Gorriti eranskinaren erosketa eta lanen abiaraztea, Arkauteko teilatuaren konponketa, zezen plazako 4.fasea, Emakumeen Etxeko eta Abegiko obrak, besteak beste.

 

Ohitura den moduan, maiatzeko plenoan 2022ko likidazioaren berri eman zen. Likidazioak adierazten du noraino gauzatu diren aurreikusitako gastuak eta sarrerak.

Hasierako aurrekontua, 34,5 milioi eurokoa izan zen, behin betiko aurrekontua berriz, 45 milioi eurokoa, urtean zehar egindako kreditu aldaketak medio.

Inbertsioen atalean lortu da aurreikusitako proiektuak gauzatu, martxan jarri edota urte amaierarako abiaraztea (likidazioak abenduak 31 arte ordaindutako inbertsioak jasotzen ditu). Horien artean daude:

  • Gorriti eranskinaren erosketa eta eraispen lanak abiarazteko prozesua.
  • Arkauteko teilatuaren konponketa.
  • Asfaltatze lanak.
  • Haur jolastokien berritzea
  • Paper kalearen berurbanizazioa
  • Izaskungo aldapako estolderia lanak
  • Amarotz auzoetxe alboko estalkia eta jolas parkea.
  • Eguzki plaka berriak
  • Zezen plazako 4 fasea (exekuzioan zegoena)
  • Emakumeen Etxea (exekuzioan zegoena)
  • Abegiko obra (exekuzioan zegoena)
  • Usabalgo 3. Fasea (exekuzioan zegoena)

Inbertsioez harago, arlo sozialean bereziki, narbarmena izan zen zerbitzuen indartzea iaz: familia esku-hartze programen sendotzea; Abegi etxean gau eta eguneko zerbitzu integrala, adineko pertsonentzako eguneko arretaren indartzea, etxez etxeko laguntzaren sendotzea… etxebizitza alorreko proiektuak, garapen ekonomikoari lotutakoak zein kultura edo berdintasun sustapenari lotutakoak ere kontuan izan behar dira, inbertsioei lotutakoak ez badira ere, herritarrei eskainitako zerbitzuan eragin zuzena dutelako.

Legealdi konplexua izan bada ere, pandemia ondoren bi krisi etorri direlako ekonomikoa eta energetikoa eta horiek eragin zuzena izan dutelako udalaren gastuen igoeran, udal baliabideen kudeaketa zorrotzari esker, udalaren egoera finantziarioa ona da eta horrek ahalbideratu du  herritarren onurarako neurriak hartu ahal izatea, esaterako tasak eta zergak KPIaren azpitik igotzea.

Kreditu aldaketak, hainbat proiektu eta lanekin aurrera egiteko

Maiatzeko Osoko Bilkuran 2,8 milioi euroko kreditu aldaketa egitea onartu zen, kreditu gehigarrien modalitatean. Laburbilduz, 1,7 milioi euro Giza Baliabideen alorrera bideratuko dira, lanpostuen balorazioak aurreikusitako igoerak ordaintzeko, udal lanpostuak egonkortzeko prozesua aurrera eramateko administrari bat kontratatzeko eta gizarte langile bat gehiago kontratatzeko ere.  Bestalde, eraberrituak izan diren eraikin publikoen gastuak ordainduko dira (Topic-en egindako obrak, Abastasoseko hezetasunak kentzeko lanak…) eta etxez etxeko zerbitzuko lizitazioko aurrekontua %10 igoko da.

Diru laguntzei dagokienean, negozio berrien irekiera sustatzeko EKIN programako laguntzak ebazteko eta aurtengo deialdia egiteko dirua jarriko da, 100.000€. Gauza bera egingo da alokairu ordainketa errazten laguntzeko diru laguntzarekin. Iazkoak ebazteko eta aurtengo deialdia egiteko 125.000€, beharrezkoa balitz diru gehiago jartzeko konpromisoarekin, ez dadin inor kanpoan geratu.

Bestalde, Hodeiertz eta CITen urteurrenetarako diru laguntza  berezia ere emango da aurten eta Tolosaldeko Lanbide Heziketari ere laguntza berezia emango zaio kotxearen erabilera murrizteko, bizikleta eta patinete elektrikoak erosi ditzaten; obrak iraun bitartean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zerbitzua emateko beharrezkoa den aurrekontua ere baliatuko da kreditu aldaketaren bidez. Ondorengo lanak aurrera eramateko ere erabiliko da kreditu aldaketa:

  • Hilerriko sarreran obrak egiteko eta nitxo berriak egiteko. Ados programa martxan jartzeko baita ere.
  • Iurramendin babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lurrak eusteko lanak.
  • Led argiak eta gizarte zerbitzuen aireztapena.
  • Aldaba auzoko estolderia obrak.

Kreditu aldaketan aipatutako dirulaguntza guztiak emateko, 2023ko diru laguntzen eranskina aldatzeko proposamena eta 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoaren aldaketa egitea onartu ziren Osoko Bilkuran.

Behin betikoz onartuta geratu ziren Bide publikoan aldamioen egiturak, garabiak eta obretarako beste bitarteko laguntzaile batzuk instalatzeko udal ordenantza berria eta Tolosako Udalaren ondasun eta eskubideen errolda. Baita ere Mankomunitatearen Estatutuen aldaketa ere. Nagusiki 3 aldaketa egin dira estatutuetan: artikuluak foru arau berrietara egokitzea, udalen ekarpenak egiteko irizpideen zehaztapena, biztanle kopuruaren arabera eta genero ikuspegia txertatzea.

Onartutako beste puntu batzuen artean daude herritarrei zerbitzu hobe bat eskaintzeko eta udala, udal lanpostuak eta langileen funtzioak egungo behar berrietara egokitzeko garatutako lanpostuen katalogoa eta balorazioa, sailen organigrama berria eta 2023ko lanpostuen zerrenda behin betikoz onartzea, aurkeztutako errekurtsoak ebatzi ondoren.

Baita ere, 2022ko abenduaren 15eko akordioaren aurka ELAk jarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoan pertsonatzea. Tolosako Udaleko behin betiko lanpostuen katalogoa eta balorazioa, sailen organigrama berria eta 2023ko Lanpostuen zerrenda onartzen duen akordioaren aurka jarritakoa; txistu irakasle eta txistulari bandako zuzendari lanpostuaren lanaldia handitzea; 2023 urteko udaleko lanpostu zerrendaren zuzenketa egitea; Euskal Herria plazako 1 zenbakian kokatutako eraikina zuzeneko emakida esleitzeko prozedura hutsik deklaratzea Tolosako Ekinbide Etxeak atzera egin izanagatik; Emeterio Arreseko tabernako prezioen eguneraketa eta itxitako ekitaldiko fakturen onarpena.

Amaitzeko bi mozio jorratu ziren, lehena, Iocus Basque SL establezimenduaren jarduera mugatzeko eta hala badagokio ixteko neurriak har ditzan Eusko Jaurlaritzari eskatzea helburu zuen mozioa eta bigarrena,  Tolosako Udalean garatutako memoria eta bizikidetza prozesuari buruzko mozioa, biak aho batez onartuak izan ziren.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA