- Zerbitzua profesionalizatu egingo da zerbitzu integrala eskaintzeko eta eskaini beharreko prestazio eta zerbitzuak zehaztu dira, boluntarioen eta bertako langileen jarraipena aurreikusiz.
Atzoko Osoko Bilkuran gehiengoz onartu zuen Udalbatzak bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arretarako zerbitzua sortzea, zerbitzu publiko gisa.
Abegi, etxerik gabeko arreta zerbitzua 1986 urtetik ari da zerbitzua ematen Tolosan boluntario talde baten eskutik, Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak diruz lagunduta. 2015. urtean Gizarte Zerbitzuen Mapa eguneratzean, zerbitzua udal eskumenekoa izatera pasa zen. Geroztik, zerbitzua osatzeko eta profesionalizatzeko urratsak egiten aritu da Udala.
2018an hasi zen Gizarte Zerbitzuen saila zerbitzu publikoa eta eskaini beharreko prestazioak zehazten, Abegitik abiatuta. Paraleloki, eraikinak oinarrizko baldintzak bete ditzan obra proiektua egin da eta eraikinaren doako lagapenerako negoziaketak egin dira gotzaitegiarekin.
Hitzarmena sinatzear da, obra lizitazioa martxan da eta zerbitzua osatuta, datozen hilabeteetan ekingo zaie eraikinaren egokitzapenerako lanei.
Zerbitzuari dagokionez, paradigma aldaketa bat emango da, profesionalizatu egingo delako zerbitzua, zerbitzu integrala eskaintzeko helburuarekin. Egunez eta gauez eskainiko da zerbitzua eta eraikinaren kudeaketa profesionalen esku egongo da: eskuhartze saioak, ebaluazioak eta tailerrak egingo dira, besteak beste. Boluntarioen jarraipena ere bermatu da profesionalen gidaritzapean.
Zerbitzu publiko berriaren helburua da gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko arreta eskaintzea, gizarte kohesiorako eremuak sortuz eta gizarte arreta ematearekin batera, gizarteratzeko prozesuak ahalbideratzeko.
2021 urteko likidazioa eta kreditu aldaketak
Atzoko Osoko Bilkuran hainbat kreditu aldaketa onartu ziren eta beste hainbaten berri ere eman zen, iazko aurrekontuaren likidazioaren berri ematearekin batera.
2021 urteko likidazioari dagokionez, hasierako aurrekontua 27.037.040 eurokoa izan zen, behin betikoa aldiz, 34.938.463,04 eurokoa eta gastuen exekuzio maila, %74koa. Ekitaldiko aurrekontuen emaitza positiboa izan da: 2.529.836,07 eurokoa eta diruzaintzako gerakina 17 miliotik gorakoa da.
Atzoko Osoko Bilkuran modalitate ezberdinetako bi kreditu aldaketa onartu ziren eta beste bi kreditu aldaketen berri eman zen. Guztira, 2 milioi euroko kreditu aldaketak.Nagusiki ondorengo proiektu eta ekimenetarako:
- Eguzki plakak Uzturpen.
- Emeterio Arresen segurtasuna bermatzeko lanak.
- Tolosaldeko Emakumeen Etxeko altzariak (diru gehiago jarri da).
- Udaltzaingoaren Plan Estrategikoa.
- Leidorreko eserlekuen berritzea.
- Eraikinetako mantentze lanak: Liburutegia, haur eskola eta Aranburu Jauregia.
- Asfaltaze lanak.
- Haur jolastokien konponketa.
- Parke eta lorategiak eta etxez-etxeko laguntza zerbitzua.
Egindako hainbat kreditu aldaketen harira, 2020-2022 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa eta Dirulaguntzen eranskinaren aldaketa egitea onartu zen atzokoan ondorengo aldaketak txertatzeko: Lumen ikuskizuna babesteko CIT taldeari dirulaguntza, Udaberri taldeari dirulaguntza Boisera egingo duten bidaia finantzatzeko, Inmakulada Ikastetxeari dirulaguntza zaintzaileen formaziorako eta UEMAren urteko kuota gehikuntza ordaintzeko.
Haurren Hiriaren baitan landutako proposamenenaren aurkezpena udalbatzari
Aurtengo Haurren Hiria egitasmoaren baitan, udalerriko azpiegiturak aztertu eta horien inguruko proposamenak landu dituzte herriko 3 ikastetxeetako ikasleek. Ikasturtean zehar landutako proposamenak aurkeztu zituzten atzo haurrek pleno aretoan udabaltza osatzen duten zinegotzien aurrean.
Era berean, datorren ikasturteko (2002-2023) prezio publikoak ere onartu ziren aho batez. %2,5eko igoera izango dute, irailean onartutako ordenantza fiskalen igoera bera aplikatuz, Musika Eskolako, Euskaltegiko eta Kultur ikastaroetako prezioek.
Onartu ziren beste puntuen artean daude: Emeterio Arrese Zentro Sozio-kulturaleko tabernako prezioen eguneraketa eta Usabal kiroldegiko kudeaketa kontratuaren 2021. urteko ustiapen kontuko kanon aldagaiaren likidazioa. Onartutakoaren arabera, kanon aldagaiaren likidazioa %35ekoa izango da, hortaz, 6.757,90 euro Kirolzer enpresari dagozkio eta gainerako %65a (12.550 euro) ordaindu beharko dio enpresak Tolosako Udalari 2021 urteko kanon aldakor gisa.
Gobernantza, parte hartze eta gardentasuna ordenantza, behin betikoz onartuta
2021 urteko urriko Osoko Bilkuran eman zitzaion hasierako onespena Gobernantza, parte hartze eta gardentasun ordenantzari. Hainbat egokitzapen egin ostean, aho batez onartu zen atzoko Osoko Bilkuran behin betiko dokumentua.
Ordenantza berritzailea da, partaidetzaz harago, gardentasun eta komunitatearen garapena jorratzen dituen dokumentua delako, herritarren trebakuntzan eta formakuntzan azpimarra jarriz. Azpimarra jarri da baita ere, berdintasunean, ikuspegi feminista eta berdinzalea txertatuz ordenantzan.