EKAINAREN 28A, GAY, LESBIANA,
TRANSEXUAL, BISEXUAL, INTERSEXUAL ETA QUEER-EN ESKUBIDEEN
NAZIOARTEKO EGUNA
Ekainaren 28an, LGTBIQ kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.
Pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIQfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, egindako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.
Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.
Arrazoi horiengatik, Tolosako Udalak LGTBIQ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi nahi du eta konpromisoa berretsi sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. Horregatik, Tolosako Udalak konpromiso hauek berresten ditu:
-
Lesbofobia, homofobia, bifobia eta transfobiaren kontrako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak garatzea, erreferente positiboak sortzeko maitasun- eta sexu-dibertsitatea bizi ahal izateko, eta kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz. Herritarren kontzientzia solidario berri baterantz aurrera egitea eta berdintasun eta errespetuzko balioetan gizarte-kohesioa segurtatzea, eta diskriminaziorik ezaren kultura zabaltzea kolektibo horiek jasaten dituzten eraso eta aurreiritzien aurrean.
-
Indarkeria matxista mota guztiei arreta, jarraipena eta erantzun publikoa emateko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea, tradizionalki esleitutako genero-eskemak hausten dituzten pertsonengan erabiltzen diren espazio fisiko eta sinboliko guztietan: intersex, transgenero, transexual, homosexual, lesbiko eta sexu/genero eskema tradizionala errepikatzeari uko egiten dioten emakume eta gizon guztietan.
-
LGTBIQ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriei eustea, hala nola: izen-emate formularioetan binarismoa haratagoko aukera ematea.
-
Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harreman-eredu anitzak sortzeko eta LGTBIQ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izan ditzaten.
-
Tolosako ikastetxeei, hezkidetza-proiektuaren bidez, beharrezko tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari lagunduz, sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.
Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, eta foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela.
Halaber, ekainaren 28an, ostiala, 20:00etan, Leidor Aretora etortzera animatu nahi ditugu tolosarrak, ‘Kanpora Sartzen #zeharopositiboa’ emanaldira. 2013ko martxoaren 11n Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; Xabinen eta birusaren arteko elkarbizitzaren testigu izango gara obra honetan, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuz. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Lehen pertsonan idatzitako istorioa da, sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duena. Ekainaren 28ko sentsibilizazio-kanpaina honen harira antolatu da emanaldia Berdintasun Sailak.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBIQ eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez.