Behin betiko onartu da HAPOko «24. Iurre» esparruko aldaketa puntuala, osasun azpiegitura eraiki ahal izateko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/31 | Idazkaritza
  • Behin betiko onespena jasota, Udalaren jabetzakoak ez diren bi orube erosteko prozedura abiatuko da.

Udalbatzak, aho batez, behin betiko onartu du Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko «24. Iurre» esparruko aldaketa puntuala, lursail horretan Osasun Sailak titulartasun publikoko osasun azpiegitura berria egin dezan.

2025eko iraileko osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onespena aldaketa puntualari, eta dokumentazioa bideratu zen sektoreko eskumenak dituzten herri-erakundeetara, haiek ere txostenak egin zitzaten. Abenduan jaso ziren EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen (EAELAB), URA Agentziaren, Lurralde Antolamendurako Batzordearen Gipuzkoako Hirigintza Plangintzaren Atalaren, eta Kantauriko Kondeferazio Hidrografikoaren txostenak.

Lau txosten horietako informazioarekin aldaketa puntualaren dokumentazioa osatu zen, eta hilabete beranduago, otsailaren hasieran, jaso zuen Udalak behin betiko dokumentua.

Arloko txostenetan, besteak, beste, azpimarratzen da mugikortasunaren plan espezifiko baten beharra, trafiko handiko eremua izanik, azpiegitura berriak arazoak aregotuko dituelako. Barneko diseinuari ere egiten zaio aipamena, autobidearen gertutasunagatik legezko soinu muga handituko denez, neurri osagarriak hartu beharko direla azpimarratzen baitu. Hondakin uren kasuan ere, konponbide bat beharko duela azpimarratzen dute txostenek, Adunako iragazte zentrora eraman ahal izateko.

Udalaren jabetzakoak ez diren bi orube ere badaude azpiesparru horretan. Iazko irailean iragarri moduan, aldaketa puntuala honi behin betiko onespena eman ondoren, orube horiek eskuratzeko lanak abiatuko ditu Udalak, Jaurlaritzari egin beharreko lagapena errazagoa eta azkarragoa izan dadin. Lursailen lagapena izapidetu ondoren, Osasun Sailaren esku geratuko dira.

Kontratazioa arintzeko neurria

Udal Aurrekontua Gauzatzeko Arauetan aldaketa bat egitea ere onartu da, aho batez. Barne funtzionamenduari eragiten dio, batik bat, eta helburua da kontratazio-prozesua arintzea.

Kanpo kontratazioa egiteko modu ezberdinak ditu Udalak: horietako bat da kontratu txikiena. 15.000 eurora arteko muga izaten da kasu hauetan —40.000 euro obretarako—, baina 8.000 euro gainditzen dituzten lanen kasuan, hiru aurrekontu eskatzea betebeharra zen Tolosako Udalean, nahiz eta legeak ez horretara derrigortu. Neurri hori malgutzea proposatu da, gomendio gisa utziz.

Aldaketa egitearen arrazoia da arau horren aplikazio praktikoan zenbait zailtasun antzeman direla, bereziki udal zerbitzuen eguneroko funtzionamenduari dagokionez. Besteak beste: kontratazio-prozesua nabarmen luzatzea; premiazko edo ohiko zerbitzu eta horniduren kasuan udal jarduera moteldu eta atzeratzea; eta hornitzaile gutxi dauden merkatuetan hiru aurrekontu lortzea zaila izatea.

BPXporten kontratuaren likidazioa

Horrez gain, herriko kirol-instalazioen kudeaketarako aurreko kontratuaren likidazioa ere izan da eztabaidagai berriro ere. Otsailean onartu zen BPXport XXI SLUren 2022, 2023 eta 2024ko diru-sarreren eta gastuen azterketa jasotzen duten txostenak. Ekitaldi horietako kanon aldakorra likidatu, eta kontratuaren likidazioari hasiera ere eman zitzaion. Bada, oker bat tarteko, berriro ere eman da bozketara. Hain justu, BPXek Udalari ordaindu beharreko onura aldakorraren kopurua da aldatutakoa: ia 17.000 euro gehiago ordaindu beharko dizkio enpresak Udalari, guztira 41.186,70 euro.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA