-
Udal tasa eta zergek %0,83ko igoera izango dute (Hego Euskal Herriko KPIaren igoera berdina), zaborren tasa izan ezik, azken hau %5 igoko da gastu eta diru-sarreren arteko desorekari aurre egiteko
-
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekarguan salbuespen gehiago egingo dira eta Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergan %95eko hobaria emango da eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak ezartzeko obretan
-
Bestalde, kreditu aldaketak ere onartu dira, besteak beste, emanaldi berezietarako, UDATEn izapideak egiteko jarri den makinarako eta informatika baliabideak berritzeko, besteak beste
Tolosako udalbatzak egindako Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren datorren urterako ordenantza fiskalak. Gauzak horrela, 2020an udal zerga eta tasek %0,83ko igoera orokorra izango dute, zaborraren tasa izan ezik. Azken hau, azken urteotan bezalaxe, %5 igoko da zerbitzuaren gastuaren eta tasagatik biltzen diren diru-sarreren arteko desorekari aurre egiteko.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekarguan salbuespen gehiago txertatuko dira datorren urtean. Beraz, aurrerantzean, ondorengo kasuetan ez da errekargurik kobratuko:
-
Etxebizitza urtarrilaren 1 eta martxoaren 31 bitartean saldu bada, inor erroldatuta ez badago ere.
-
Urtarrilak 1eko datarekin etxebizitza obretan badago, inor erroldatuta ez egon arren, udaleko obra lizentzia aurkeztuta.
-
Etxebizitza jabeak kanpoan bizi badira edota lanagatik urtea kanpoan igarotzen badute, oinarrizko elektrizitate edo gas gastua ziurtatzen bada.
-
Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzagatik, zaintzailearen edota zaintza behar duen pertsonaren etxebizitza hutsik geratzen bada.
Salbuespenen helburua da egungo errealitateari ahalik eta modurik egokienean erantzutea. Helburu bera du atzoko Osoko Bilkuran onartu zen beste aldaketa batek. Landa izaerako lurretan, hau da lur-ez urbanizagarrietan, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza eraikinetako obra handietako lizentzien kasuan tasa jaitsi egingo da, 1148eurotik, 254 eurora, lehen hiri izaerako tasa kobratzen baitzen.
Onartutako beste neurrietako bat izan zen, Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergan %95eko hobaria ematea eraikinetan eguzki energia aprobetxatzeko sistema ezartzeko egiten diren obretan, legez eskatzen ez denean edota legeak eskatzen diren baldintzak gainditzen direnean.
Kreditu aldaketak:
Osoko Bilkuran ere aho batez onartu ziren hainbat kreditu aldaketa, besteak beste, informatika baliabideak berritzeko; UDATEn izapideak egiteko ezarri den makinarako; hezetasun arazoei konponbidea emateko Samaniego Ikastetxean mantentze lanak egiteko; EPAko obrak diruz laguntzeko; Azken Muga ekimenaren baitan Zaraten eskainitako eta Hodeiertzen emanaldi berezietarako; Udaberri taldeko jantzietarako; Tolosako historiari buruzko komiki ediziorako; Erraldoi eta Buruhaundiek Tafallan eskainitako emanaldi berezia ordaintzeko edota Alberto Letamendiren eskulturaren ezustekoei aurre egiteko, besteak beste. Guztira, kreditu aldaketa 61.176 eurokoa izan da.
Klima aldaketaren aurkako konpromisoak eta Nafarroa erdialdeko uholde larrien aurrean akordioa:
Amaitzeko, bi mozio onartu ziren guztien adostasunarekin. Bata, klima aldaketaren harira, bestea, Nafarroa erdialdean, uztailean, izandako uholde larrien ingurukoa.
Gauzak horrela, Tolosako udalbatzak larrialdi klimatiko egoera adierazi zuen eta bere eskumenen baitan aldaketa klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa hartu zuen. Era berean, udalbatzak elkartasuna adierazi zien eurite eta uholdeen ondorioz kaltetutako Nafarroa erdialdeko herritar eta udalerriei eta kalteei aurre egiteko 2.000 euroko diru-laguntza emateko konpromisoa hartu zuen. Azkenik, kaltetuak izan diren herriei beraien elkartasuna adierazteko auzolan ekonomikoan parte hartzera animatu zituzten herritarrak, horretarako kaltetutako udalek ireki dituzten banku-kontuetan egokia ikusten den ekarpena eginez.