-
Euren eskaerak bideratu ditzakete 1960 eta 1999 urte bitartean EAEn giza eskubide urraketa larriak pairatu eta oraindik biktima izaera aitortua ez duten herritarrek.
-
Tolosako Udalaren webgunean dago eskaerak egiteko beharrezko informazioa, hala nola, legearen edukiak, legearen hartzaileak nortzuk direnen inguruko zehaztasunak eta baita eskaerak bideratzeko moduak ere.
-
Egiari Zor fundazioak eskabideak egin nahi dituztenei laguntza eta aholkularitza eskaintzen die. Laguntza jasotzeko edota informazio gehiagorak idatzi info@egiarizor.eus helbidera edo deitu 944 045 363 telefonora.
Azken Osoko Bilkuran aho batez onartutako Egiari Zor Fundazioak aurkeztutako mozioaren harira, Udalak gogorarazi eta azpimarratu nahi izan du aurten amaitzen dela eskaerak egiteko epea Euskal Autonomia Erkidegoan 1960tik 1978ra eta 1979tik 1999ra bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasandako biktimei aitortza eta erreparazioa emateko, 2019ko apirilaren 4ko 5/2019 Legearen baitan.
Tolosako Udalak eskabidea aurkeztu nahi duten pertsonei aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa berresten du, eta tolosa.eus-en eskuratu daiteke beharrezko informazio guztia: legearen edukiak, legearen hartzaileak nortzuk direnen inguruko zehaztasunak eta eskaerak bideratzeko moduak, etab. Udalak adierazi duenez, “indarkeriak eragindako kalte lazgarriak errepara ezinak badira ere, guri erakunde bezala biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta aitortza eskubideak bermatuak izan daitezen, gure esku dagoen guztia egitea dagokigu, biktima guztiei gure babesa adieraziz eta ahal den neurrian jasandako mina arintzen laguntzeko asmoz.” Bide horretan lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa du Udalak, eta horren adibide dira Aranzadi Zientzia Elkartearekin aurrera eramandako elkarlanak, esaterako: “Oroimana Tolosa” memoriari buruzko webgunea eta dagoeneko argitaratu diren bi liburu.
Hori horrela, Udalak tolosar guztiei gogorarazi nahi die EAEn giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko eskaerak egiteko epea zabalik dagoela oraindik.
2019ko apirilaren 4an Eusko Legebiltzarrak 12/2016 Legearen aldaketa onartu zuen, eta hori oinarri hartuta, bi epe ezarri ziren giza eskubideen urraketen biktimak 2019ko apirilaren 4ko 5/2019 Lege berriaren babespean aitortzeko eskaerak egiteko: 1979ko urtarrilaren 1etik 1999ko abendura bitartean gertatutako kasuena eta 1960tik 1978ra bitartean gertatutakoena. 2019ko irailaren 27an zabaldu zen bi urtez eskaerak aurkezteko epea, hortaz, aurten amaitzen da.
Eskaerak nola egin
Euskadi.eus atarian elektronikoki bete daiteke eskabidea edo, bestela, eskabide-eredu normalizatua egoitza elektroniko horretan bertan deskargatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu daiteke.
Eskaera horretan, giza eskubideen urraketa gertatu zen testuinguruaren deskribapena jaso behar da, eta biktima-izaera frogatzeko garrantzitsutzat jotzen diren txosten, ziurtagiri eta dokumentuak erantsi behar zaizkio. Hala ere, dokumentaziorik ez badago, inolako arazorik gabe egin daiteke eskaera.
Egiari Zor fundazioak ere laguntza eskaintzen die eskabideak egin nahi dituzten pertsonei. Izapideak egiterakoan aholkularitza eta laguntza ematen du fundazioak. 2012. urteaz geroztik ari da lanean Estatuak eragindako edo sustatutako indarkeriak jasan dituzten biktimen eskubideen alde. Fundazioa osatzen dute erailak izan ziren pertsonen senitartekoek, eta zaurituak edo torturatuak izan ziren pertsonek. Fundazioarekin harremanetan jartzeko idatzi info@egiarizor.eus helbidera edo deitu 944 045 363 telefonora.