Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/07/01 | Idazkaritza
  • Hiru urterako zerbitzu-kontratuaren lizitazioari hasiera eman dio udalak: urtean milioi erdi gehiago bideratuko da eta 11.000 zerbitzu-ordu gehiago izango dira.
  • Egin beharreko aldaketak eginda, udal kirol instalazioen kudeaketarako lizitazio berriari ere hasiera eman zaio.

 

Hiru zerbitzu-kontraturen espedienteak onartu eta horien lizitazioei hasiera eman die udalak ekaineko osoko bilkuran. Hain zuzen, kirol instalazioen kudeaketa, etxez etxeko laguntza eta kale garbiketarako zerbitzu-kontratuak lizitatzeko prozesuak jarri dira martxan; azken honen kasuan, maiatzean onartutako pleguetan zuzenketa bat egin eta pleguak eguneratu dira.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko apustua

Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko du. Lizitazioa martxan jartzeko plegu tekniko eta administratiboak onartu ditu udalbatzak, erabateko adostasunarekin. 

Hiru urteko iraupena izango du kontratu berriak, eta udalak nabarmen handituko du diru ekarpena: %40 gehiago bideratuko du –500.000€–. Hain zuzen, urteko aurrekontua 1.766.107 eurokoa izango da, eta hiru urteetako balio zenbatetsia, 6,6 milioi eurokoa. Zerbitzuaren ordu kopurua ere igo egingo da, orain arteko 44.000tik 55.000 ordura. Modu horretara, erabiltzaile gehiagorengana edo denbora gehiagoz iritsi ahal izango da zerbitzua.

Langileek eta gaur egun zerbitzua kudeatzen duen enpresak adostasuna lortu berri dute, lan hitzarmena sinatzeko. Horri esker, udalak baldintzak jarri ahal izan ditu hitzarmen horretan hiru urteetarako aurreikusten diren langileen oinarrizko soldata %28 igo dadin. 

Funtsezko zerbitzua da etxez etxeko laguntzarena, egoera zaurgarrian edo mendekotasun egoeran dauden pertsona eta horien senide askorentzat. 160 erabiltzaile inguru ditu eta honakoa urrats garrantzitsua izango da etorkizunera begira zerbitzua bera sendotzeko.

Kirol instalazioen eta kale garbiketako lizitazioetan aldaketak, aplikatuta

Pleguetan egin beharreko aldaketak eginda, udal kirol instalazioen eta kale garbiketako zerbitzu-kontratuen lizitazioei ere hasiera eman die udalbatzak. 

Kirol instalazioen kasuan, KEAOk oinarrien aurka jarritako helegiteen ebazpena aintzat hartuta egin dira aldaketak. Kontratu berria trantsiziorako izango da: bi urterako iraupena izango du, eta urteko aurrekontua 2.284.583 eurokoa izango da. Aurreko kasuan bezala, kontratua baldintzatua dago gaur egungo kontratuaren behin betiko suntsiarazpenarekin.

Kale garbiketakoari dagokionez, behin lizitazioa hasita egonda, kontratazio-organoak azterketa ekonomikoan akats bat antzeman zuen, makineriaren amortizazioa behar bezala sartu ez zela, alegia. Azterketa ekonomikoa berrikusi eta administrazio-pleguak zuzenduta, espedientea onartu eta berriro lizitazioari hasiera eman dio. Bi urterako kontratua da, beste bi urtez, urtez urte, luzatzeko aukerarekin.  Guztira 7,8 milioi bideratuko ditu udalak.

HAPOko ondarearen udal-katalogoaren zabalpena

Ondarearen Udal-Katalogoa berritzeko lehen urratsa ere eman du udalak, udal gobernuaren babesarekin. Maiatzean behin betiko onespena eman zion San Frantzisko 37 ‘Villa Sagrado Corazón’ eraikinaren babesari. Bada, orain interes arkitektonikoa duten herriko gainerako txalet, bizitegi-eraikin eta eraikin instituzionalak katalogoan barneratzeko egokitasunaren azterketa jarriko du martxan.

Udaleko arkitektoek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako proposamenak aintzat hartuta, 47 eraikin aztertuko dira guztira: txalet tipologiako 19 eraikin (besteak beste, Arkaute, Izaskun, Villa Maria, Ibai-gain, Itxaropena edo Oriaburu etxeak), bizitegi-eraikin kolektiboko 25 eta beste hiru eraikin instituzional. Eraikin horietako bakoitzaren azterketa egin eta dagokion fitxa osatuko du udalak, eraikinak berak edota bere elementuek zein babes-maila duten ikusteko.

Bien bitartean, eraikin horiek osorik eraisteko lizentziak, edota fatxadei eragiten dieten lanetarako baimenak eten egingo dira, gehienez ere urtebetez. Hau da, Tolosako HAPOko Katalogoa aldatzeko hasierako onespenaren erabakia hartu arte.

Udaleko Euskara Plana, onartua

Tolosako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2024-2027 Plana eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu ditu udalbatzak, biak ala biak, aho batez. Planak mugarri izan nahi du, errealitatea hobeto ezagutu eta hobetzekoak identifikatu eta gero, ahulguneak indarteko. Horretarako, metodologia aldatu da. Udaleko langileei galdetegi bat bidali zaie, argazki osatua jasotzeko, eta %80ak baino gehiagok erantzun du.

Launa indargune eta ahulgune erakutsi ditu diagnostikoak. Komunikazioan, herritarrekiko harremanetan, langileen eta ordezkari politikoen hizkuntza-gaitasunean eta udal barruko harremanetan euskararen erabilera sendoa dela ondorioztatu du. Aldiz, hobetzekoen artean daude hizkuntzaren kudeaketa, lidergoa, plan eta irizpideen barne komunikazio hobea edota udal kontratu, emakida eta hitzarmenetan sartzen diren hizkuntza-klausulen jarraipena.

Onartu berri den planak, besteak beste, alor horiek hobetzea izango du helburu, euskararen erabileran beste jauzi bat emateko. Norabide horretan laguntzeko, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen proposamena ere onartu du udalbatzak. Printzipio gidariak, eta kudeaketarako, zerbitzurako eta lanerako hizkuntza irizpideak finkatzen ditu dokumentuak, baita komunikazio korporatiboko, ekitaldi publikoetako eta itzulpen eta zuzenketetako irizpideak ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA