-
Aurtengo lehentasunak mantendu egingo dira 2021ean:herritarren gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta kultura babestu eta komunitatea sendotzea, herriarentzat estrategikoak diren proiektuetan aurrera pausoak ematearekin batera.
-
Inbertsio soziala %9 igoko da, guztira ia 3 milioi euroko aurrekontuarekin.
-
Helburu nagusia da zaurgarritasun egoeran dauden eta egoerak gehien kaltetu dituen herritar zein sektoreak lagundu eta babesten jarraitzea.
Atzo arratsaldean ospatutako Osoko Bilkuran onartu zen datorren urterako udal aurrekontua. Guztira, 27.037.040 euroko aurrekontua izango da, iaz baino %1,24 gutxiago.
Egungo egoerara egokitutako eta bereziki, ezohiko egoera honi erantzuteko aurrekontua da, Suspertu Planaren jarraipena izango dena. Eta hortaz, aurtengo lehentasun eta ardatzak mantendu egingo dira datorren urtean:
-
Herritarren gizarte babesa bermatzea.
-
Hiri ekonomia suspertzea
-
Kultura babestea eta komunitatea sendotzea.
Aurrekontu osoaren ia %40a bideratuko da herritarren arlora
Gizarte Zerbitzuen alorrak %9ko igoera izango du, 2.922.691 euroko aurrekontuarekin. Beraz, inbertsio soziala nagusi izango da datorren urtean, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak babesten jarraitzeko helburuarekin, kohesio sozialaren, integrazioaren, berdintasunaren eta tolosar guztien ongizatearen aldeko apustuan. Hainbat lerro eta programa indartuko dira herritarren beharrei erantzuteko:
-
Gizarte Larrialdietarako digulaguntzak: 247.000€. Iaz baino 82.000€ gehiago.
-
Familiei bideratutako laguntzak: 180.000€. Iaz baino 70.000€ gehiago.
-
Familia eskuhartzea eta gazteekin programa: 322.217€. Iaz baino 40.000€gehiago.
-
Zutani taldeari dirulaguntza elikagai bankuko banaketa osatzeko: 12.000€. Iaz baino 3.000€ gehiago.
-
Alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza lerro berria: 40.000€.
Enpleguaren eta ekonomiaren sustapena, beste lan lerro nagusietako bat izango da datorren urtean. Lanbideren bitartez, Gazte Planaren barruan, langabezian dauden 30 urte azpiko bi pertsona kontratatuko dira, eta eskualdeko Enplegu Planaren baitan beste bi. Hiri ekonomia suspertzen jarraitzeko:
-
Suspertu Tolosa kontsumo bonu berriak: 120.000€.
-
Tolosa&Co elkartearekin hitzarmena: 40.000€. Iaz baino 10.000€ gehiago.
-
Azoka Lagunak proiektua sendotzeko eta indartzeko: 50.000€.
-
Negozio berriak sustatzeko, merkataritza-lokalen egokitzapenerako eta alokairurako dirulaguntzak: 70.000€.
-
Saltokien eskualdaketa bermatzen jarraitzeko “Berriz enpresa” programa: 35.700€.
Kultur programazioa ere bere osotasunean mantenduko da, kultur jarduera sustatzen jarraitu eta herriko talde eta artisten lana babesteko. Kultur arloan, gainera, kultur eskaintzari buruzko azterketa egingo da eta kultur jarduera berriak martxan jarriko dira, aurten Kultura Plazara egitasmoarekin egin den moduan.
Komunitateak garrantzia berezia hartu duen honetan, gobernantza eredu berrietan sakontzeko eta partaidetza sustatzeko: gobernantza ordenantza berria garatuko da, Tolosatzen prozesua gauzatu, Tolosatzen herri aliantza abiaraziko da urtarrilean eta Tolosatzen Eskola Irekiak ikasturte berriari ekingo dio.
Herriko talde eta eragileei zuzendutako diru laguntza guztiak mantentzearen aldeko apustua ere egin da eta inbertsio publikoa ere mantenduko da, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri modura.
Estrategikoak diren proiektuetan aurrerapausoak
Legealdi Planean aurreikusitako eta herriarentzat estrategikoak diren zenbait proiektutan aurrerapausoak ere emango dira eta aurten gauzatu ez diren zenbait obrei ere hasiera emango zaie:
-
Zumardi Txikiaren proiektua.
-
Kultur Etxeko proiektua.
-
Laskoain kalea eraberritzeko lanak.
-
Gernikako Arbolaren 2.faseko obrak.
-
Euskal Herria plazako zorua berritzeko lanak.
-
Paper kalearen berritzea.
-
Gorriti plazaren txukuntze lanak, Oyarbide eraikinaren eranskina eskuratu eta eraitsi ondoren.
-
Usabalgo 3. fasea.
-
Bizikleta aparkaleku berria.
-
Emakumeen Etxearen eraikuntza.
-
Genero Indarkeriaren aurkako II. protokoloa
Trantsizio energetikoaren alorrean, energia berriztagarrien aldeko apustuan:
-
Hiribus elektrikoa.
-
Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak.
-
Dirulaguntza berriak jasangarritasun energetikorako.
-
Eguzki plaken instalazioarekin jarraitu. (Ferialekua eta Uzturpeko frontoia)
-
Led argiak
Amaitzeko, etxebizitza hutsen inguruko azterketaren ondorioak kontuan izanik, alokairua sustatzeko lan lerro berriak zehaztu dira datorren urtera begira: batetik, alokairuaren ordainketa errazteko laguntzak eta bestetik etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak emango dira, Etxebidek eskaintzen dituenak osatuz, herritarrei aukera berriak eskaintzeko etxebizitza alorrean.
Osoko Bilkuran onartu ziren beste hainbat punturen artean daude: Tolosako udal eraikinak eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua arautuko duen esleipenaren kontratazio espediente eta lizitazioari hasiera ematea; 2021. urterako udaleko lanpostu zerrendari hasierako onarpena ematea, 2020-2022 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa eta aurrekontu-kreditu batzuk berriro erabilgarri jartzea, besteak beste.
Era berean, 2020ko urtarrilaren 1eko Tolosako biztanleen kopuru ofizialaren berri eman zen: 19.816 biztanle ditu azken datu ofizialaren arabera Tolosak; eta azkenik, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioak atzera bota zituen eta beraz, ez ziren jorratu.