Giza baliabideak Arrazionalizatzeko Planaren bigarren fasea, eta Zaintzari lotutako konpromisoak, osoko bilkuran

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/12/01 | Idazkaritza
  • Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Planaren bigarren fasearen onarpenarekin, egungo %16ko bitartekotasun-maila jaistea da helburua.
  • Zaintza sistemaren diagnosia egin eta Zaintza Plana osatzeko konpromisoa ere hartu du udalak, Mugimendu Feministak aurkeztutako mozioa onartuta.

 

Tolosako Udaleko Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Programaren bigarren fasearen onarpena izan da azaroko osoko bilkurako puntu azpimarragarrienetako bat. Aho batez egin du aurrera proposamen berriak. Hori horrela, zazpi lanposturen sorrera eta beste hiruren moldaketa ekarriko du erabaki honek.

2018an onartu zen programa honen lehen fasea, egiturazkoak ziren eta bitarteko izaera zuten lanpostuak egonkortzearen bitartez, udal langileen bitartekotasun-maila handia murrizteko, enplegua egonkortzeko eta finkatzeko helburuarekin. 

«Azken lau urteotako lan eskaintza publikoak, ordea, oraindik garatu gabe daude, eta egonkortze prozesua ere amaitu gabe dago. Tartean hutsik geratu dira lanpostu batzuk, jubilazioak eta beste arrazoi batzuk tarteko. Horrek behartzen gaitu tasa are gehiago murriztera», ohartarazi du Josune Sanz Giza Baliabideetako zinegotziak.

2023ko Estatuko Aurrekontuen Legeak ohiko birjarpen tasaz gain, ezohiko tasa gehigarri bat ere aurreikusten du, eta hori baliatu nahi izan du udal gobernuak enplegu planaren proposamen berria egiteko. Helburua bitartekotasun-tasa gaur egungo %16tik legeak ezarritako %8tik behera jaistea da. Udal barneko antolaketarako eta beste alor batzuetako gastua gutxitzeko ezinbesteko lanpostuak indartu eta sortu nahi dira modu horretara.

Proposamena egin ahal izateko, departamentuen behar eta eskaerak jaso zituen lehenengo udal gobernuak eta, ondoren, horien kontrastea egin zuen langileen batzordearekin. 

Bada, zazpi dira proposamen horretan jasoko diren lanpostu berriak: gizarte langile, errentako administrari, kontratazio kudeatzaile, informatika teknikari (A2 mailakoa), giza baliabideetako teknikari (A1), trafiko koordinatzaile eta arkitekto lanpostuak, hain zuzen. 

Gaur egungo lanpostuen zerrendan ere moldaketak egingo dira hiru kasutan: zuzendari tekniko lanpostua, ingeniari tekniko elektrikoan bihurtuko da; hizkuntz normalizatzailearen lanpostuaren kasuan, lan itunpeko plaza amortizatu eta funtzionario plaza sortuko da, ezaugarri berdinekin; azkenik, igeltsero balioaniztuna, ofizial iturginarekin ordezkatuko da.

 

Zaintza eztabaidagai

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren testuinguruan, zaintzari buruzko bi mozioren eztabaida izan da osoko bilkurako beste puntu esanguratsuenetako bat.

Mugimendu Feministak aurkeztutako mozioak alderdi guztien onarpena izan du. Modu horretara, zaintza sistemaren diagnostiko osatua egiteko, eta horri erantzungo dion zaintza plan integrala garatzeko konpromisoa hartu du udalak, 2024ko udal aurrekontuan hori egikaritzeko behar den diru partida onartuz. EAJk aurkeztutako ‘Euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko mozioa’, berriz, ez du aurrera egin.

 

Beste hainbat erabaki

Osoko bilkuran bestelako gai gehiagoren inguruko erabakiak hartu dira, alderdi guztien adostasunarekin. Esate baterako, taxi zerbitzuen 2024ko tarifak kalkulatzeko 2023ko prezioen %2,7ko igoera izatea onartu da, baita udal eraikin eta hiri-altzariak garbitzeko zerbitzu-kontratua beste urtebetez luzatzea ere.

Aldaba auzoko arazketa-irtenbidea hobetzeko Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egin beharreko saneamendu-sare berriaren proiektua egiteko, eragindako lursailak hirigintza-arrazoiengatik desjabetzeko prozedura presazkotzat hartzea ere ebatzi du udalbatzak. Lursail eta jabeen zerrendari behin betiko onespena eman zaio, eta horiekin guztiekin okupazioaren aurretiazko akta sinatuko da abenduaren 15ean, 09:30ean Aldabako frontoian.

Euskararen Aholku Kontseilurako udal-talde politikoen ordezkariak ere izendatu dira osoko bilkuran. Aitzol Gartzia Azurmendi (EH Bildu), Xabier Balerdi Tolosa (EAJ) eta Jose Mari Villanueva Telleria (PSE-EE) izango dira ordezkari titularrak; Estitxu Kortejarena Ugarte eta Xarles Iturbe Pasaban izango dira, berriz, lehen bien ordezkoak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA