Haurren eskubideei buruzko adierazpen instituzionala udalbatzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/29 | Idazkaritza
  • Halaber, haur eta gazteen sustapenerako politikak indartu eta bultzatzeko Gaztematika proiektuaren sarera batzea onartu du udalbatzak

  • Atzoko Osoko Bilkuran ere inauterietako diru-laguntzen eta antolamenduaren ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion eta A25eko eta Euskararen Egunaren inguruko adierazpen instituzionalak aho batez onartu ziren

 

Atzo ospatutako Osoko Bilkuran, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Haurren Hiria proiektuan parte hartzen ari diren Tolosako haurrek udalbatzaren aurrean adierazpen instituzionala irakurri zuten: “Haurren Hirian gure iritzia emateko aukera dugu, guztion artean zer nolako Tolosa nahi dugun adieraztekoa; gaurkoan, gure eskubideak zein diren gogorarazi nahi dugu; haur guztiek izan beharko genituzke-eta eskubide berdinak eta agintariek edo pertsona helduek gurekin zerikusi duten erabakiak hartzen dituzuenean gure garapenerako eta ongizaterako onena dena egin behar duzue” adierazi zuten. Ildo horretatik, osasun, hezkuntza, aisialdi, lan, bizitza pribatu, informazio, iritzi eta adierazpen askatasunari buruzko hainbat artikulu irakurri zituzten, haurren eskubideei buruzko hitzarmenean jasoak daudenak, eta eskerrak eman zituzten, Haurren Hiriaren eskutik, Tolosan haurrei ahotsa emateagatik.

Halaber, haur eta gazteen sustapenerako politikak indartu eta bultzatzeko helburuarekin Gaztematika proiektuaren sarera batzeko proposamena ere onartu zen atzokoan. Joseba Ormazabal, Gazteria saileko zinegotzi arduradunak azaldu zuenez, “Tolosako udalak badu bide bat egina haur eta gazteen politikei dagokienean Haurren Hiriaren proiektuaren eskutik, baina urrats berriak egiteko Gaztematika proiektura batzea interesgarria izan daitekeela iruditzen zaigu beste herrietako ereduak ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera emateaz gain, laguntza teknikoa ere jasoko dugulako sustapenerako metodologiei, planei, prozesuei eta tresnei dagokienean eta erakundeen arteko lankidetza eta harremana sendotzeko ere baliagarria izango da proiektua”. Azaldu zuenez, gainera, zeharkako elementu gisa barnebiltzen ditu proiektuak hizkuntza berdintasuna, hizkuntza aniztasuna, euskararen erabileraren sustapena eta emakume eta gizonen arteko berdintasun ikuspegia eta haur eta gazte eta udalaren arteko harremanak sendotzeko ere balio izango du egitasmoak.

Inauterietako diru-laguntzen eta antolamenduaren inguruko ordenantzari hasierako onespena:

Atzokoan ere elkarlanean garatutako eta herritarrekin partekatutako inauterietako diru-laguntzen eta antolamenduari buruzko ordenantzari hasierako onespena eman zitzaion.

Ordenantza honek helburu du diru-laguntzak emateko prozedurak zehaztu eta arautzea, inauterien izaera propioari eusteko eta txarangen, karrozen eta konpartsen jarduna babesteko, baita segurtasuna bermatzeko ere.

Parte-hartzaileek, hau da diru-laguntza eskatzaileek, bete beharreko baldintzez gain, eskaerak egiteko aurkeztu beharreko dokumentazio eta datuak zein diren ere jaso da ordenantzan eta baita betebeharrak ere bereziki berdintasun irizpideei, alkohol kontsumoari, ordutegiari, txarangei, ibilbideari eta baita musika bolumenari dagokionean.

Alkateak zarataren arazoari buruzko kezka azaldu zuen atzokoan “inauteriak herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak dira, umorea oinarri dutenak, baina baita errespetua ere eta izaera hori mantentzen aldera neurriak hartzea ezinbestekoa da, horregatik, musika bolumenaren gaiaren haritik neurriak hartzen jarraitu behar dugu; zarata eta segurtasunari buruzko azterketa bat egiten ari gara, abenduan jasoko ditugu emaitzak eta inauterietako eragile ezberdinekin elkarlanean hartu beharreko neurriak adostuko ditugu” jakinarazi zuen.

Euskararen Egunaren eta Azaroaren 25aren inguruko adierazpen instituzionalak:

Aho batez onartu ziren biak, bai Euskararen Egunekoa eta baita A25ekoa ere. Jorratu ziren beste zenbait gairen artean: Lurralde Batzordeko zinegotzi arduraduna Egoitz Sorozabal izendatzea, taxi tarifak 0,8 igotzea eta landa auzoetako baserri bideetako elurrak kentzeko auzolana arautzeko ordenantza onartzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA