-
Ekintzailetza, negozio berrien irekiera eta belaunaldi aldaketa bultzatzen jarraitzeko helburuarekin ordenantza berria garatu da eta dirulaguntzen oinarrietan aldaketak txertatu dira: alokairu eta erosketa gastuak diruz laguntzea, ordainketak 3 hilabetero egitea ekintzaileek likidezia izan dezaten eta kudeaketa batzordea sortzea eskaerak aztertzeko.
-
Hezkuntza alorrean berriz, dirulaguntza berria herriko ikastetxeei zein guraso elkarteei bideratuta egongo da, haur, nerabe, gazte eta familien heziketan lagungarriak diren eskolaz kanpoko programetarako eta kontziliaziorako, familien zaintza eta lan jarduera bateragarria egiteko programak sustatzeko.
Uztaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren puntu guztiak, horien artean, Tolosako hiri-ekonomia indarberritzeko dirulaguntzen programa arautzeko oinarri berriak eta baita ere, Hezkuntza Sailak kudeatutako hezkuntza programei lotutako dirulaguntzen oinarriak ere.
Orain artean, Tolosako Udalak merkataritza sektorea biziberritzeko Berriz eta Gune Biziak programak sustatu eta babestu ditu eta Erretengibelen eskutik eman dira, Tolosako hirigune historikoan, lokal hutsak birgaitu eta jarduera berriak martxan jartzeko dirulaguntzak.
Erretengibel deseginda, udalekotu egin da sozietate autonomo honek eskaintzen zituen zerbitzuak. Gauzak horrela, ordenantza berri honetan jaso dira negozio berrien irekiera eta ekintzailetza sustatzeko laguntzak, hainbat berrikuntza txertatuta egungo errealitate eta beharrei modu egokiagoan erantzuteko.
Izan ere, denbora honetan, gainera, lokal hutsen azterketa bat egin du udalak eta azterketaren ondorioak kontuan izanda egokitu da, baita ere, ordenantza berria.
Hiri-ekonomia indarberritzeko ordenantzak 3 atal eta 115.700 euroko aurrekontua
Beharrizan berriei erantzuteko eta hiri-ekonomia osatzen duten sektoreak (merkataritza, ostalaritza, turismoa, zerbitzuak...) indarberritzeko eta jasangarri egiteko helburuarekin berritu da ordenantza, ondorengo aldaketa nagusiak txertatuz: alokairu eta erosketa gastuetarako ematea dirulaguntza; dirulaguntzaren ordainketa 3 hilez behin egitea ekintzaileek likidezia izan dezaten eta kudeaketa batzordea sortzea eskaerak aztertzeko. Era berean, ordenantza berria 3 ataletan banatuta da:
1. Berriz programa
Tokiko saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozien eskualdaketa bermatzeko laguntza programa da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundeak kudeatzen duena. Tolosako Udalak programa hau osatu egiten du, lehen 3 urtetan alokairuraren eta aurrerantzean, maileguaren ordainketa diruz lagunduz.
2. Ekin programa
Enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko programa da. Dirulaguntza lokala birgaitzeko (Alde Zaharrean badago) eta alokairu-erosketa gastuetarako izango da, puntuaketa baten ondoren.
Ekintzaileek bideragarritasun plana eta negozio proiektua aurkeztu beharko dute dirulaguntza jasotzeko. Aurkeztutako proiektuak 50 puntu baino gehiago beharko ditu laguntza jasotzeko (ekimenak izaera berritzailea eta izaera estrategikoa izatea baloratuko da); era berean Alde Zaharrean kokatuta badago 15 puntu jasoko ditu eta Zabalgunean kokatuta badago 5. Modu honetara, orain arte bezala, bereziki babestu nahi da eta bultzada berezia eman nahi zaio hirigune historikoari.
3. Gune Biziak
Proiektu honen helburua da merkataritzako eremuak erakargarri eta atseginak egitea eta kale-espazio eta lokal hutsak dinamizatzeko ekintzak sustatzea.
Guztira, 115.700 euro bideratuko ditu udalak 3 programa horietara, eskari gehiago baleude aurrekontu lerroa indartzeko konpromisoarekin, beti egin den moduan. Beharrezkoak diren administrazio prozedimendu guztien ondotik egingo da deialdia.
Hezkuntza komunitatera bideratuta laguntzetan ere aldaketak
Orain artean, udalerriko ikastetxe kontzertatuei bideratutako dirulaguntzak egokitu egin dira eta oinarriak aldatu ikastetxeekin elkarlanean proposamena landu ostean. Aurrerantzean, dirulaguntza Tolosako ikastetxe guztiei eta guraso elkarteei bideratuta egongo da, haur, nerabe, gazte eta familien heziketan lagungarriak diren eskolaz kanpoko programetarako eta kontziliaziorako, familien zaintza eta lan jarduera bateragarria egiteko programak sustatzeko. Urtero Udalak 60.000 euro bideratuko ditu laguntza berri honetara.
Arlo sozioedukatiboan eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzua kontratatzeko lizitazioa berriz ere abiatu da
Halaber, atzoko Osoko Bilkuran berriz ere Tolosako udalerrian arlo sozioedukatibo eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzu kontratua esleitzeko lizitazioari hasiera ematea onartu zen, hutsik geratu ondoren dokumentazioa epez kanpo aurkeztu izanagatik.
Zerbitzu berria esku-hartze zerbitzu integralago eta eraginkorragoa eskaintzeko helburuarekin jarriko da martxan, Tolosak arlo honetan dituen beharrei modu egokiagoan erantzuteko. Zerbitzu berriak, beraz, bateratu egingo ditu bazterkeria edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa eta arrisku egoeran dauden adingabeei zein familiei bideratutako zerbitzuak.
Era berean, atzo udalbatzak behin betiko onespena eman zion Berdintasun Kontseilua arautzen duen Erregelamenduari. Onartu ziren beste puntu batzuen artean daude: Bilboko Musika Eskolaren eta Tolosako Udalaren kudeaketa agindua, lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko; 2020-2022 Tolosako Udaleko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa eta 2021eko dirulaguntzen eranskinaren aldaketa, arestian aipatutako dirulaguntza berriak martxan jarri ahal izateko.
2020ko kontu orokorra eta aurretiazko fiskalizazio mugatuaren araubidea ere onartu ziren atzokoan. 5. kreditu aldaketa, baita ere, besteak beste, Covid19agatik areagotu behar izan diren udal eraikinen garbiketa lanetarako, eraikinen mantentze lanetarako eta altzarietarako, bide publikoko hornidurarako (bizikleta aparkalekuak, paper ontziak...) eta hezkuntzara bideratutako dirulaguntzetarako. Guztira, 313.550 euroko kreditu aldaketa, gerakinetatik finantzatuko dena, onartu zen.
Udal eraikinak eta hiri altzariak garbitzeko eta hilerrien kudeaketa integralerako zerbitzuak esleituta
Tokiko Gobernu Batzordeak aste honetan onartu ditu San Blas, Bedaio eta Aldabako udal hilerrien kudeaketa integralerako eta udal eraikin eta hiri altzarien garbiketarako zerbitzuen esleipenak.
Lehena, Hargoi Hilerria S.L. enpresari esleitu zaio, puntuaziorik onena jaso ondoren, 468.136,9 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Bigarrena, aldiz, Kelsalim Zerbitzuak S.L. enpresari esleitu zaio, 1.005.587,2 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Kontratuak 2 urteko iraupena izango du, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin.