Kirol instalazioen kudeaketarako esleipen prozesu berria hasiko du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/28 | Idazkaritza
  • Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak partzialki onartu ditu pleguen aurka jarritako bi helegiteak, eta aldatzeko lanak hasi ditu udalak. 
  • Kirol instalazioen kontratua adostasunez deusezteko elkarrizketetan ari dira udala eta enpresa emakidaduna

 

Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketarako esleipen berriaren oinarrien aurka jarritako bi helegiteak partzialki onartu ditu Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO). Hori dela eta, orain arte landutako pleguak bertan behera utziko ditu udalak, eta esleipen prozesu berria abiaraziko du berehala.

Hurrengo urratsak

Ostiraleko azken orduan iritsi ziren bi ebazpenak, baina prozesu honetan gertatu zitezkeen egoerak aztertzerako garaian, hipotesien artean udalak aurreikusia zuen egoera da. Bada, aurrea hartuta, lanak bideratzen hasia zen udala, prozesu hau alboratu eta berria hasteko. 

Osteguneko osoko bilkuran utziko da bertan behera lizitazio prozesu hau. Modu paraleloan, KEAOk emandako ebazpenetan oinarrituta, plegu berrietan aldaketak egiteko lanak hasi ditu udalak, eta hori egin bezain pronto, esleipen prozesu berria martxan jartzeko ezohiko bilkura egitea aurreikusten da, ekaineko osoko bilkurara itxaron behar ez izateko.

Udal gobernuak argitu duenez, pleguen oinarri, helburu eta ezaugarri nagusiak mantendu egiten dira. «Hau da, pleguen zatirik garrantzitsuei eragiten zieten helegiteen ebazpena, udalaren aldekoa izan da, eta egin beharreko aldaketak txikiak dira. Hortaz, aurrera begira genuen asmoa bera da».

 

Zeren aurka egin zuten helegiteetan, eta zer onartu da?

Plegu arautzaile berrietan txertatuko balorazio irizpideak zituzten jomugan bi errekurtsoek, eta horietako bakoitzak puntu bat baino gehiagotan azaltzen zuen desadostasuna. 

  1. Batak, Agua Y Jardín Sociedad Limitada enpresak jarritakoak, bost argudiotan zentratzen zuen helegitea. Kontratuari begira pisu gehien duten irizpideen kasuan, jasangarritasun eta prezioen balorazioenetan, alegia, udalaren aldekoa da KEAOren epaia, eta bi onartu ditu.

    Emakumeak edota pertsona zaurgarriak kontratatzeko hitzarmenak izatea puntuagarri zela zioten pleguek; bada KEAOk argitu du hori enpresa beraren ezaugarri bat dela, ez enpresak eman beharreko zerbitzuarekin edo kontratuarekin lotura duen zerbait. Bestalde, langileen soldatetan bajen irizpidea ezartzen zuten pleguek (azterketa ekonomikoan dagoena baino %5 txikiagoa), ezohiko eskaintza baxu gisa. KEAOk ebatzi moduan, eskaintza ekonomikoa bere osotasunean aztertu beharko da.
     

  2. Beste helegitea, AEESDAP, Asociación Española de Empresarios de Servicios Deportivos a las Administraciones Públicas elkarteak jarri zuen, zazpi punturekin aurkakotasuna azalduz.

    Kasu honetan ere jasangarritasun eta prezio irizpideen inguruan, KEAOk arrazoia eman dio udalari, baita beste bi puntutan ere: kirol instalazio bakoitzarekin lote bana egin behar ez izatean, eta udalari ez dagozkion arrazoiengatik zerbitzua emango ez balitz, oinarrizko hornidura gastuak udalak ez ordaindu behar izatean.

    Helegite honen hiru puntu onartu ditu, beraz, KEAOk. Horietako bat, aurrez aipatutako bera da, emakume eta pertsona zaurgarrien kontratazio hitzarmenei lotutakoa. Beste biek efizientzia energetikoaren eta ingurumen planen balorazioari egiten die erreferentzia. Udalak balorazio automatiko gisa ezarriak zituen pleguetan; bada, KEAOk ebatzi du bi puntu horiei balio-judizioak egin behar zaizkiela.

Udal gobernuak azpimarratu du gisa honetako prozesuetan ohikoak izaten direla horrelako helegiteak. «Orain indarrean dagoen esleipenak EAEko Auzitegi Nagusian amaitu zuen, eta epaia maiatzean jaso du udalak. Aldekoa izan da hori ere».

 

Negoziazioak, adostasun bila

Bien bitartean, kirol instalazioen kontratua deusezteko eta behin betiko amaitzeko adostasunaren bidea jorratzen ari dira udala eta kontratuaren emakida duen BPXport.

Martxoko osoko bilkuran kontratua deusezteko prozesua iraungitzat eman zuen udalbatzak, segurtasun juridikoa izateko, espedienteen ebazpenari buruz Auzitegi Gorenak emandako lege interpretazio batek zuzenean eragin ziolako hasitako bideari. 

Ustekabeko hark, ordea, aukera berria eskaini zuen. Tartean ere enpresan zuzendaritza aldaketa izan da, eta talde berriak negoziatzeko prestutasuna azaldu du. Elkarrizketarako bidea hasi zuten bi aldeek aste batzuk atzera. 

«Adostasuna lortuko bagenu, kontratua behin betiko amaitzeko prozesua asko azkartuko luke, baita esleipen berriarena ere, eta hori inplikatutako alde guztientzat mesedegarria litzateke», azaldu du udal gobernuak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA