Kirol instalazioetan gauzatzeke dauden inbertsioak bere gain hartuko ditu udalak, emakidadunaren bermearen kontura

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/29 | Idazkaritza
  • Udalbatzak ez ditu onartu enpresak likidazioan aurkeztutako 2022, 2023 eta 2024 urteetako kontuak, ez baitute pleguetan jasotakoa errespetatzen; kanpo auditoretza bat eskatu du, kontuen ikuskaritza egin eta datuak ezagutzeko.

 

Kirol instalazioen kudeaketarako orain arteko emakida-kontratuaren likidazio-espedientearen hasiera izan da azaroko osoko bilkurako eztabaidagai nagusienetako bat. 

Emakida-kontratua horren likidazioa egitea falta da. Dokumentazioa aztertzean, ordea, ikusi da BPXPORT enpresak ez dituela bete suntsiarazpen-akordioan sinatutako betebeharrak, ezta pleguetan jasotako beste zenbait betebehar ere. Ondorioz, ezin da likidazioa amaitutzat eman eta, horregatik, likidazio-espedientea martxan jartzea onartu du udalbatzak, gehiengo osoz. Eragindako kalte-galerengatiko dagokion kalte-ordainak ere zehaztuko dira.


Inbertsioak, dokumentazioa eta kontuak

Likidazioa egiteko bi jasotze akta egin dira: lehena irailaren 30ean eta bigarrena azaroaren 4an. Irailekoan, enpresak egin beharreko zenbait inbertsio egiteke zeudela ondorioztatu zen, baita zenbait dokumentu aurkeztu gabe zituela ere. Hilabeteko epe gehigarria eman zitzaion enpresari inbertsioetako batzuk egiteko aukera zegoela ikusita, eta lan batzuk egiten hasia zegoelako. Azaroaren hasieran, ordea, bigarren jasotze akta egitean, ondorioztatu da inbertsio horiek ez direla gauzatu, eta dokumentazioa falta dela oraindik.

Horrez gain, udalbatzak ez ditu onartu 2022, 2023 eta 2024. urteetako kontuak, ez baitute betetzen pleguek, aurrez egindako azterketa ekonomikoak eta enpresa beraren eskaintzak jasotakoa. Ez dira Tolosako ustiapen-kontura mugatzen, enpresa osora baizik. Gainera gastuetan berriro ere justifikatu gabeko igoerak egon dira, enpresak aurrez igorritako dokumentazioarekin alderatuta. 

Hori dela eta, beharrezkoak diren datuak ezagutu eta kontratuaren likidazioa egiteko kanpo ikuskaritza bat egiteko eskatu du udalak. 2022ko irailaren 1a eta 2024ko abuztuaren 31 bitarteko kontuak ikuskatuko dira, eta emakidadunaren kontura egin beharko da. Hark ordainduko ez balu, emakidadunak jarritako bermearen kontra egin beharko da.

Inbertsioei dagokienean, berriz, udalak hartuko du bere gain gauzatzeke dauden inbertsioak egiteko erantzukizuna, emakidadunak jarritako bermearen kontura: besteak beste, Beotibar pilotalekuko sare motorizatua edo Berazubi estadioko tenis pisten lurra berritzea. 


Beste gai batzuk: etxez etxeko laguntza zerbitzua, esleituta

Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzurako zerbitzu-kontratua esleitu zaio Matia Goxara enpresari. Hiru urteko iraupena izango du, eta udalak 5.290.372,94 euro ordainduko ditu.

Hirigintza alorrean, behin betiko onespena eman dio udalbatzak aho batez «4. Guadalupe - Donostia etorbidea» esparruko «4.2 Autobiako irla» azpiesparruko Xehetasun-Azterlan proiektuari. Lur eremu horretan hotel eta merkataritza erabilerarako eraikin bat egitea jasotzen du HAPOak, sotoa, erdi sotoa eta bi solairu izango dituena. Ondorengo urratsa birpartzelazio-proiektuaren aldaketa izango da.

Amaitzeko, Tolosako Udalak parte hartzen duen organo kolegiatuetan EAJ/PNV taldearen ordezkaritza aldatu da, Xabier Balerdi Tolosak kargua utzi eta gero. Patxi Amantegi Zubiriak hartuko du bere lekua Tolosa Gasa-ren eta Tolargi-ren organoetan; Xarles Iturbe Pasaban izango da UEMAn ordezkari, eta Biotza Agirre Ugaldel parte hartuko du Euskararen Aholku Batzordean.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA