Maiatzeko osoko bilkura: 3,7 milioi euroko kreditu aldaketa onartu du udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/02 | Idazkaritza
  • Besteak beste, Usabal kiroldegiko galdara aldatzeko, Iurramendi kaleko bidegorriaren obra egiteko edo mendi-bideak garbitzeko partidak hornitu dira.
  • Aitzol Udal Euskaltegiaren erregelamenduari hasierako onarpena zaio; udaleko bost lanposturen balorazio-berrikuspena ere onartu du udalbatzak.


Maiatzeko osoko bilkuran hizpide izan dira, besteak beste, udaleko lanpostuen balorazio-berrikuspena,  Aitzol Udal Euskaltegiaren erregelamendu berria, kreditu-aldaketa gehigarriak, dirulaguntzak eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa. Jarraian erabaki nagusienak.


3,7 milioi euroko kreditu-gehigarria

Kreditu gehigarrien modalitateko 3.744.112 euroko kreditu aldaketa onartu du udalbatzak. Gehiengoz onartu da, udal gobernuaren aldeko botoekin, EAJko udal taldearen kontrakoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Inbertsioen atalekoa da aldaketa handiena: 2,9 milioi. Besteak beste, egoera txarrean dagoen Usabal Kiroldegiaren galdara konpontzeko (1.662.212 €), ibilgailu elektrikoen karga-puntuak jartzeko obrarako (350.000 €), Iurramendi kaleko bidegorriaren exekuziorako (285.000 €), Berazubi estadioko fokuetako argia aldatzeko (180.000 €) Zuloaga auzoko lurra konpontzeko (100.000 €), Alde Zaharreko ibilgailuen sarbide-sistema jartzeko (90.000 €), Arkaute etxearen exekuzio proiektuaren idazketarako (52.000 €), herriko hainbat puntutako argiteria hobetzeko (73.700 €) eta Iturriza Jauregiaren proiekturako (49.500 €) partidak hornitu dira.

Ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuei erreparatuta, 720.400 euroko kreditu aldaketa egin da, hala nola, udal eraikinen mantentze-gastuetarako (Samaniego ikastetxerako 60.000 €, Aranburu Jauregirako 40.000 €, Musika Eskolarako 20.000 €, liburutegirako 15.000 €, haur eskolarako 8.000 €, helduen eskolarako 6.000 € eta zezen-plazarako 5.000 €), etxez-etxeko laguntza zerbitzurako (127.000 €), kultur ekitaldietarako (41.000 €) eta mendi-bideen garbiketarako (17.000 €).


Bost lanposturen balorazio-berrikuspena, onartuta

Tolosako Udalak 2022an egindako lanpostuen balorazioaren berrikuspena abiatu zuen iaz. Lehen urratsa araudiaren onarpena izan zen, eta martxoan onartu zen behin betikoz. 2025. urteko plangintza adostu ostean, apirilean abiatu zen balorazio-prozesua. Horretarako, langileen ordezkariek eta udal gobernuak modu parekidean osatutako balorazio batzordea eratu da, proposatutako balorazioak adosteko.

Bada, lehen bost berrikuspenak adostu ondoren, udalbatzak onartu ditu maiatzeko osoko bilkuran. Hain zuzen, kiroldegiko harreragileen eta begiralearen lanpostuak; Komunitatea eta Gobernantza saileko arduradunarena; UDATEko administrari lanpostuarena; eta ondare-erantzukizuneko administrari-lanpostuarenak.

 

Bost urteko begirada du berrikuspen-planak, eta datozen hilabeteotan berrikuspen gehiago egitea da aurreikusten da. Helburua da urtean 20 berrikuspen egitea batez beste.

 

Euskaltegiko erregelamendu berria

Aitzol Udal Euskaltegiko araudi berriari hasierako onespena eman dio udalbatzak. Indarrean dagoena 2014koa da eta puntu batzuk zaharkituta geratu dira. Bide batez, euskaltegiaren funtzionamendua hobetzeko gai gehiago arautzeko ere baliatu da.

Irakasle-klaustroarekin elkarlanean landu da araudia, baita Euskararen Aholku Kontseilutik igaro ere. Lau dira aldaketa nagusiak.

  • Batetik, euskaltegiaren helburuak eta oinarrizko printzipioak argiago jarri dira, eta, besteak beste, jaso da euskaltegiaren jarduna bat etorriko dela Udalak euskararen normalizazioan duen plangintzarekin.

  • Ikasleen antolaketari buruzko atalak sartu dira, hala nola, taldeetako ikasle-kopuruak finkatu dira, zehaztu da nola jokatuko den eskaini baino eskaera gehiago badaude, eta zer pauso emango diren ikasleek eskolatara huts egiten badute.

  • Hobeto zehaztu da zein diren ikasleen eskubideak eta betebeharrak. Irailean, matrikula egitean, horien berri emango zaie ikasle guztiei.

  • Bosgarren kapitulu bat sortu da, zehapen-araubideari dagokiona, arau-hausteak gertatzen direnean nola jokatu zehazteko.

 

Likidazioa

Aurreko urteko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren inguruko xehetasunak ere eman dira osoko bilkuran. 2024ko behin betiko aurrekontua 45.108.324.27 eurokoa izan da. Emaitza orokorra positiboa izan da, 403.456,26 euroko superabitarekin. Xehetasun gehiago, albistean.
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA