-
Eraikineko areto nagusia erabiltzeko erregelamendua sortu da kanpoko eragileek ere espazioa erabiltzeko aukera izan dezaten. Bertan jarduera ekonomikoari eta ekintzailetasunari lotutako ekimenak gauzatu ahal izango dira eta espazioaren erabileragatik tasa bat ordaindu beharko da (3€/h).
-
Halaber, Aste Santuan turismo bulego berrian salgari jarriko diren turismo oroigarrien prezio publikoak onartu ziren atzoko Osoko Bilkuran.
2016. urtetik Oriaburu eraikinean dago kokatuta Tolosako merkataritza elkartearen, Tolosa&Co-ren, egoitza. 2018an Emari-Coworking Espazioak ateak zabaldu zituen bertan. Geroztik, eraikina Tolosako hiri-ekonomiari lotuta egon da eta erreferentziazko gune eta egoitza da arlo ekonomikoan, garapen ekonomiko eta sozialari, tokiko enplegu plan eta politikei lotutako espazioa baita sorreratik.
Eraikinaren eta bereziki bertan dagoen areto nagusiaren erabilera sustatze asmoz eta kanpoko eragileei ateak irekitzeko helburuarekin, Oriaburu eraikineko areto nagusia erabiltzeko arautegia zehaztu da, eta erabileragatiko tasa ere bai. Biak aho batez onartuak izan ziren atzoko Osoko Bilkuran.
Erregelamenduaren xedea da eraikinaren erabilera-arauditegia finkatzea. Erabiltzaileen eskubide, betebehar eta erantzukizunak zehazten ditu. Era berean, areto nagusiaren erabilera definitu eta arautzen du, bertako eragileez gain, kanpoko elkarte, enpresa edota erakundeek ere espazio erabiltzeko aukera izan dezaten.
Erregelamenduan, areto nagusian zein ekintza gauzatu ahal izango diren zehazten da, betiere garapen ekonomikoarekin eta ekintzailetasunarekin lotutako jarduera eta ekimenetara (hitzaldiak, formazio saioak...) bideratuko delako areto nagusia. Edozein pertsonak egin ahal izango du erreserba-eskaera. Eskabidea elektronikoki aurkeztu beharko da Tolosako Udaleko erregistro elektronikoan. Kanpoko eragileek, aretoa astelenetik ostiralera erabili ahal izango dute 8:00etatik 20:00etara eta espazioaren erabileragatik, 3€/h ordaindu beharko dute.
Turismo oroigarri berriak turismo bulegoan
Pandemia osteko garaian kokatuta, turismo jasangarriaren aldeko apustuan urratsak egiten jarraitzen du Tolosako Udalak. Turismo bulego berria zabaltzearekin batera, Aste Santuan turismo oroigarri berriak jarriko dira salgai bertan (katilu eta aterkiak). Atzo udalabatzak horien prezio publikoak onartu zituen: katilua 9 euro eta aterkia, 21 euro.
Eguneko Arreta Zerbitzua integral berria martxan
Gaur bertan abiarazi da Eguneko Arreta Zerbitzu integral berria Uzturre Zentroan, bakardade egoeran dauden adineko pertsonei lagunartea eskaintzeko helburuarekin. Zerbitzua indartu egin da eta beharrizan ezberdinei egokitutako saio-modalitateak antolatu dira prebentzioa, autonomia eta pertsonen harremanak lantzeko.
Atzoko Osoko Bilkuran, gaur abiatutako zerbitzu berriaren prezioak berretsi ziren. Eguneroko saioen prezioa 0,5 eurokoa izango da saioko; asten bi saio egiten dituzten erabiltzaileek 0,75 ordaindu beharko dute saioko eta astean saio bakarrera gerturatzen direnek, aldiz, euro bat saioko.
Era berean, Uzturre Asistentzia Guneak eskaintzen dituen gainerako zerbitzuen aurtengo prezioak eguneratzea ere onartu zuen udalbatzak eta hortaz, apirilean abenduko KPIaren arabera eguneratuko dira tarifak.
Gizarte Zerbitzuen alorrean ere, hirugarrenez, arlo sozioedukatibo eta psikosozialean eskuhartzeko zerbitzu kontratuaren lizitazioari hasiera ematea onartu zen.
2021 urteko apirilean aho batez onartu zen lizitazioari hasiera ematea. Lizitazioa hutsik geratu zen enpresak ez zuelako dokumentazio osoa aurkeztu ezarritako epean. Uztailean berriz ere abiarazi zen lizitazioa eta orduan AGISAS elkarteak lizitazioaren aurkako helegitea jarri zuen. Abenduan KEAOren ebazpena jaso zen (KEAOk partzialki onartu zuelako AGISAS elkartearen helegitea). Ebazpenaren harira, plegu tekniko zein adminstriboetan beharrezkoak izan diren egokitzapenak egin ondoren, orain berriro ere lizitazioa abiaraztea onartu zen atzokoan.
Tolosa MUGIn integratzeko baldintzetan aldaketak, Oñati patzuergoan sartzeagatik
Halaber, Tolosa Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan integratzeko prozesuan beste udalerri baten sarrerak baldintzetan eragindako aldaketak onartu ziren. Integrazioa erabat amaitu gabe zegoela Oñati herria sartu da patzuergoan eta horrek, integrazio baldintzak aldatu ditu, udalbatzak 2021eko azaroaren 25ean onartutako hitzarmen eta estatutuak aldatu ez badira ere.
Partaidetza portzentajea %0,404 izatetik, %0,387koa izatera pasako da. Eta urteko ekarpana handitu egingo da 3.971 eurotik 7.139 eurora MUGI Birtuala proiektuarengatik. Proiektu honen helburua da herritarrei erraztasunak eta ordaintzeko modu erosoagoak eskaintzea.
Berri emateko puntuetan, besteak beste, Giza Baliabideak arrazionalizatzeko programaren 2.fasearen 1. atala (urtarrileko Osoko Bilkuran onartutakoa) eta baita ere udaleko giza baliabideak arrazionalitzatzeko programa. 2022. urteko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda (otsaileko Osoko Bilkuran onartutakoak) behin betikoz onartu direla jakinarazen zen.
Azkenik, hainbat mozio jorratu ziren. EAJ-PNV eta EH Bilduk aurkeztutako Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa, EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko botoekin onartutakoa. Ukraniari buruzko bi mozio irakurri ziren, bata EAJ-PNV eta PSE-EEk aurkeztutakoa eta, bestea, EH Bilduk aurkeztutakoa, lehena izan zen onartua. Amaitzeko, Mugi-tarifa sistemari buruzko mozioa, EH Bildu eta PSE-EEk aurkeztutakoa, onartua izan zena EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin.