- Halaber, hasierako onespena eman zaio aldamioen egiturak, garabiak eta obretarako beste bitarteko laguntzaile batzuk bide publikoan instalatzeko udal ordenantza berriari.
- Aho batez onartu da Martxoaren 8ari, Emakumeen Nazioarteko Egunari, lotutako mozioa eta Udalbatzak dei egiten die herritarrei aktiboki parte har dezaten martxoaren 8rako antolatutako ekintza eta mobilizazioetan.
Aho batez onartu ziren martxoaren 2an egindako Osoko Bilkuran jorratutako puntu guztiak, bat izan ezik. 2023 urteko Plantilla organikoa eta Lanpostuen zerrenda EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin onartu zen. EH Bildu abstenitu egin zen puntu honetan.
Onartutakoaren arabera, gizarte langile postu bat eta giza baliabideetako teknikariarena ere bai, udal langileak egonkortzeko premiari eta prozesuari aurre egiteko.
Bide publikoan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen Ordenantza behin betikoz onartu da, aurkeztutako alegazioak ebatzi ostean.
Ordenantza honen helburua da, aipatu elementuen kokapena arautzea, jarduera ekonomioaren eta elkarbizitzaren arteko orekak bermatzeko, irisgarritasuna eta sarbideak aintzat hartuta. Ordenantzak jasotzen ditu espazio publikoaren erabilera aukera guztiak: mahai motak, azalerak, azoka egunetako erabilerak, epealdi eta ordutegiak, besteak beste.
Aurkeztutako helegiteak aztertu ostean, batzuk onartu dira eta egokitzapenak egin dira ordenantzan eta beste batzuk aldiz ez dira txertatu egindako proposamenen izaera dela eta beste ordenantza batzuetan jorratutako gaiekin dutelako lotura.
Beste ordenantza berri bat ere onartu zen aho batez azken Osoko Bilkuran. Azken urteetan ordenantza multzo bat eguneratzen eta garatzen ari da Tolosako Udala arautegiak behar berrietara egokitzeko eta herritarren beharrei erantzuteko helburuarekin.
Aldamioen egitura, garabiak eta obretarako beste bitarteko laguntzaileak bide publikoan instalatzeko ordenantza berria da ta helburua da obra bitarteko ezberdinak zehaztu eta horiek bete behar dituzten baldintzak arautzea, baimenak emateko.
Informazio publikoan jarriko da orain, helegiteak aurkezteko epea zabalduz, eta helegiterik ez bada behin betikoz onartuko da.
Berdintasunean aurrera egiteko konpromiso zehatzak
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, mozio bateratua aurkeztu zuten udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek, gizonen eta emakumeen arteko parte hartze politikoa eta boterearen banaketa orekatua lortzeko eta berdintasunean aurrera egiteko helburuarekin. Oraindik orain, mundu osoan eta gure komunitatean emakumeen aurkako desberdintasunak eta diskrimazioak agerikoak direlako.
Emakumeek politikan eta erabakiak hartzerakoak berdintasunean parte hartzea eta lidergoa izatea funtsezkoak dira Garapaen Jasangarriaren helburuak lortzeko. Begirada feminista beharrezkoa da erakundeetatik bultzatzen diren politika publiko guztietan, gobernantza feminista eredu baterantz aurrera egiteko.
Zentzu horretan, Tolosako Udalak ondorengo konpromisoak hartzen ditu:
1.- Ikasteko eta ahalduntzeko espazioak antolatzea (emakumeen arteko laguntza, elkartasun eta aliantzako sareen bidez), politikara iristen diren emakumeek boterea baliatzean emakumeek duten konfiantza, sinesgarritasuna eta eragina mugatzen duten estereotipo eta kalteei aurre egiteko tresnak izan ditzaten. Era berean, botere-espazioak partekatzea eta lagatzea eragozten duten erresistentzia eta inertziei aurre egiteko, kristalezko sabaiak hautsiz eta espazio guztietan, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin, emakumeen presentzia bermatuko duten neurriak ezarriz.
2.- Berdintasun-planen intersekzionalitatea indartzea gure gizartea osatzen duten eremu guztietan, emakumeek beraien aniztasunean duten parte-hartze osoa eta eraginkorra finkatzera iristeko.
3.- Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak sortzea, 1/2022 Legearen aginduak dakarrena kontuan hartuz, neskatilen, neska nerabeen eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena izango duten politikak egiteko informazioa emateko.
4.- EUDELeri eskatzea, indarkeria politikoari aurre egiteko protokoloak proposa ditzala, emakumeen partea hartzeari eta erabakitzeko gaitasunari buruzko ikerketa bultza dezala eta ordezkaritza orekatu baterantz egiten diren aurrerapenak babes ditzala.
5.- Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
6.- Arreta bermatuko duten politika espezifikoak garatzea, bereziki zaurgarritasuna handiagoa den bizitzako etapetan eta egoeretan (mendekotasuna, haurtzaroa, dibertsitate funtzionala, eta abar), eta, aldi berean, zaintzaileen lan-eskubideak bermatuko dituztenak.
Azken Osoko Bilkuran onartutako beste puntu batzuen artean: Uzturre Asistentzia Guneko prezioak eguneratzeko irizpideak finkatzea eta 2023ko prezioak eguneratzea Euskadiko KPIaren urteko akumulatua kontuan izanik (%5,4); 2023ko dirulaguntzen eranskina aldatzeko proposamena eta 2023-2025 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzeko proposamena, akats zuzenketa batzuk egiteko; Tolosako Udaleko ondasun eta eskubideen errolda hasieraz onartzea eta azkenik onartzea aholku batzorde juridikoak Udalaren alde emandako irizpena.