Tolosak 26 milioi 915 mila euroko aurrekontua izango du 2019an, iaz baino %6,8 gehiago

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/28 | Idazkaritza
  • Tolosako Udalak abenduaren 27an ospatutako Osoko Bilkuran onartu zuen 2019ko aurrekontua, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin.
  • Gizarte ongizatea eta garapen ekonomikoa ditu ardatz Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu duen moduan eran, eta hainbat inbertsioa gauzatuko dira: Zumardi Txikiari buruzko azterketa, Rondilla kalea berritzeko proiektua, Udate berregituratzea herritarren arretarako zerbitzu integrala izan dadin edota, beste hainbaten artean, Sevendenea eta Emakumeen etxea egokitzea.
  • Tolosatzen egitasmoan herritarrek proposatutako 42 jarduera txertatu dira, ia 525.530 euroko aurrekontuarekin.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “aurrekontu proiektu honekin duela 4 urte tolosarrei aurkeztu genien programa betetzeko eta datozen urteetan aurrera eraman nahi ditugun proiektuen oinarriak finkatzeko aukera izango dugu”.
  • Begoña Tolosa, Ogasun zinegotzia: “inbertsio maila handia izanik ere, zorra jaisten jarraituko dugu, azken 4 urteetan egin dugun moduan. Legealdi honetan %34,5 jaitsi jeitsi dugu Udalaren zorra eta inbertsio guztiak Udalaren gerakinetatik gauzatu ditugu”.
  • Osoko Bilkuraren bideoa.

Tolosako Udalak onartu zuen atzo, abenduak 27, egindako urteko azken Osoko Bilkuran 2019 ekitaldirako aurrekontuaren proiektua. Zenbatekoa 26 milioi 915 mila eurokoa izango da, 2018an baino %6,8 gehiago. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du tolosarrak ardatz dituen politika duela oinarri: “legealdirako ezarritako lehentasunak mantendu ditugu: enplegua eta ekonomia sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea, udalerri atseginagoa eskaintzea beharrezko azpiegiturekin, gure ingurumena eta gure kultura zaintzea eta euskara sustatzea, gobernantza-eredu egokia eta parte-hartzea oinarrian direla. Orainari erantzun eta etorkizunari arretaz begiratzeko planteamendua da 2019ko aurrekontuarena”.

Aurrekontuaren azken irizpenak Gobernu Taldearen (EAJ - PSE) aldeko 10 boto jaso ditu eta oposizioaren (EH Bildu) kontrako 7 boto.

Alkateak aurrekontu hauen garrantzia azpimarratu du; “izan ere, aukera emango digute duela 4 urte tolosarrei aurkeztu genien programari amaiera eman eta, era berean, etorkizunean garatuko ditugun proiektuen oinarriak finkatzeko”. Legealdiaren hasieratik, ikuspegi hori ardatz harturik egin dutela lan nabarmendu du Peonek: “Oinari erreparatu diogu, etorkizunaz ahaztu gabe. Urte hauetan Tolosa berriro martxan jartzeko proiektuak gauzatu ditugu eta etorkizunean Tolosak aurrera egiten jarrai dezan ere, ekimen eta proiektu berriak landu ditugu, tolosarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin”.

Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak xehetu ditu zenbaki orokorrak. Aurrekontua zatikatu du adieraziz %33,5a pertsonal gastuetara dagoela bideratua; zerbitzuetara %38a; zorra kitatzera %4,15a; diru laguntzetara 4,4 milioi, aurrekontu osoaren %15a; eta inbertsioetara 2.100.000 euro, %7,8a.

Aurretik aipatutako lehentasunei jarraiki, hain zuzen, honakoak izango dira inbertsio nagusiak:

gastuak

  1. Zumardi Txikiaren inguruko azterketa. Gune hau herritarrentzako berreskuratu nahi du Olatz Peon Ormazabal alkatea buru duen Udal Gobernuak. Azterketaren bitartez, bertan zer egin eta aparkaleku gaia nola bideratu landuko da. 80.000 euro.

  2. Rondilla kalea eraberritzeko proiektua garatuko da, kale irisgarriagoa eta atseginagoa bilakatzeko tolosarrentzat. 50.000 euro.

  3. Udate Herritarrentzako Arreta Zerbitzua berregituratu eta zerbitzu integral eran sortuko da. Helburua da herritarrek Udaten ia zerbitzu guztiak tramitatzeko aukera izatea. Horretarako, herritarren Arreta Zerbitzua zabaldu eta indartuko da herritarrei arreta egiteko mahai gehiago jarriz eta tramiteak era erraz eta automatikoan burutzeko azpiegitura teknologikoak ezarriz. 250.000 euro.

  4. Sentsibilizazio kanpaina berriak kale garbiketan aurrerapausuak emateko. 40.000 euro.

  5. Sevendenea eta Emakumeen Etxea proiektuen garapena, azpiegitura soziokulturalen azterketaren baitan argia ikusiko duten lehen eraberritzeak izango dira, Tolosako bizitza kultural oparoari erantzun eta berdintasunaren bidean ere pausuak emateko. 15.000 eta 28.000 euro, hurrenez hurren.

  6. Landa auzoetan hobekuntzak: Bedaioko errepidea berrituko da, Aldaban aparkalekua sortu eta hainbat hobekuntza lan egingo dira Urkizun. 125.000 euro.

  7. Auzo eta kaleetan irisgarritasuna hobetzeko lanak: jada burutu diren hainbat lanei jarraiki, dela Nafarroa etorbidea, Bidebieta auzoa edota Gudari kalea, 2019an Laskorain, Oria, San Francisco, Paper kalea... eta beste hainbatetan hobekuntza lanak burutuko dira. 416.000 euro.

  8. Irisgarritasun plana. Tolosa irisgarriagoa bilakatzeko plangintza sortuko da. 50.000 euro.

  9. Euskal Herria plazako arkupeetako lurra eraberrituko dugu. 175.000 euro bideratuko dira lan horietara.

  10. Alokairuaren sustapena. Alokairuko etxebizitza indartu eta etxebizitza hutsak aktibatu nahi ditu Udalak, obra behar duten etxebizitzak egokituz, eta horretarako, hainbat urtetarako diru-laguntza lerroa jarriko da martxan, helburu hori lortzeko. 120.000 euro 2019an.

  11. Zezen plaza: Lau fasetan ari gara gauzatzen proiektua. Horietako lehenengoan, 2016an burutua, 3 irteera berri eraiki ziren. 2017an egin zen bigarrena, eta palkoen egitura sendotu eta kanaloi guztiak aldatu ziren. 3. faseari helduko diogu 2019an: tendidua berrituko da.

  12. Haur parkeetan hobekuntzak: udalerriko parke guztien egoeraren analisia burutu da eta bakoitzaren beharrak eta gauzatu beharreko lanak zein diren ere aztertu da. Hori horrela, 100.000 euro jarri dira parkeak eraberritzeko eta horien mantenu lanetarako.

  13. Alondegian estalkia. Plazaren zati bat estaliko da ekintza ezberdinak burutzeko. 122.000 euro.

  14. Euskararen erabilera bultzatzeko proiektua sortuko da eta merkataritzan ere euskara sustatzen jarraitzeko lanketa indartuko da.

  15. Auto babes plana. 13.500 euro.

  16. Kultur Etxeko balkoiak egokitzeko 33.000 euro.

Inbertsioez gain, proiektu berriak eta jarraipena duten proiektuak daude departamentu guztietan. Partaidetza alorrean Parte-hartze ordenantza sortuko da. Gizarte zerbitzuetan familia esku-hartzeen aurrekontua hirukoiztu da, adikzioen aurkako plana eguneratuko da edota zeinu-hizkuntza alorreko entitateekin hitzarmena sinatuko da... Ingurumen alorrean urmael bat egitea aurreikusi da Elosegi parkean, edota mendi ibilbideak balioan jarri eta ondarea berreskuratzeko plangintza sortzea. Kultura, Jaiak eta Gazteriari dagokionean, Leidor zinemako pelikulen kontratazioa indartzeko aurrekontua igo da. Badira urteurren berezi batzuk ere, Topic zentroak 10 urte beteko ditu, eta Tolosa&Blues jaialdiak 6. Horiek behar bezala ospatzeko aurrekontua ezarri da. Hizkuntza alorrean, euskal komunikabideei laguntza %2 igoko zaie urtero. Kirol esparruan, kirol gala izango da aurtengoan, bi urtetik behin egiten baita, edota Mugi Tolosa ekimena indartzen eta jarduera berriak sustatzen jarraituko da, duen arrakasta oinarri hartuta, bataz beste saioko 200 parte-hartzailetik gora baititu. Garapen ekonomikoaren alorrean, EMARI coworking espazioa zabaldu zen iaz. Aurten bertako ekintzak indartu eta ekintzailetza gizarteratzeko jardunaldia bat antolatuko da, Turismo bulego berria sortuko da, edota bigarren urtez jarraian laguntzak emango dira enpresei berrikuntza-proiektuak gara ditzaten. Berdintasunetik Behatokiaren diru partida handitu da era III. Berdintasun plana garatu eta udal protokoloa ebaluatzeko ere finantziazioa handitu da.

Azken 4 urteetan departamentu guztietan aurrekontu-igoera nabarmenak izan direla adierazi du Begoña Tolosa zinegotziak, hainbat adibide jarriz: Partaidetzan %967 gehiago, Gizarte zerbitzuetan %28, garapen ekonomikoa eta turismoan %103 gehiago edota Berdintasunean %47 gehiago.

Zorpetze maila %34,5 behera 4 urtetan

“Inbertsio maila handia izanik ere, zorra jaisten jarraituko dugu azken 4 urteetan egin dugun moduan” azpimarratu du Tolosak. Aurrekontuaren %4 bideratuko da 2019an funts horretara. “Legealdi honetan %34,5 jaitsi dugu Udalaren zorra eta inbertsio guztiak Udalaren gerakinetatik gauzatu ditugu”. 2018a 6.191.700 euroko zor biziarekin itxiko da eta 2019 amaieran 5.124.400 eurokoa izango da. Udalaren egoera, beraz, ona dela adierazi du Ogasun zinegotzi den Begoña Tolosa Mendiak eta gehitu du.

Tolosatzen hirugarrenez: 42 egitasmo eta 525.530 euro

Tolosatzen partaidetza proiektua abian jarri zuen Tolosako Udalak 2016ko apirilean, eta aurtengo aurrekontuetan isla dute, hirugarrenez, prozesuan parte hartu duten herritarren ekarpenek: Tolosatzeneko kideek proposatutako 42 proiektu txertatu dira 2019ko aurrekontuan eta 525.530 euroko kopurua bereganatu dute.

“Tolosarrek Tolosatzen prozesuan helarazitako proposamenak jaso eta aintzat hartu ditugu gure aurrekontuan, uste sendoa baitugu gobernantza-ereduak eta kudeaketa-eredu berriak herritarren parte-hartzea eta haiekiko hurbiltasuna izan behar dituela oinarri” azaldu du Olatz Peon Ormazabalek.

Iaz, 51 proiektu inguru txertatu ziren 2018ko aurrekontuan, 550.000 euroko aurrekontuarekin. Guzti horien betetze maila publikoa da eta www.tolosa.eus web orriko 'tolosatzen' atalean egin daiteke jarraipen osoa.

Oposizioak egindako ekarpenetako bi txertatu dira ere aurrekontuan: bata Wikilaria, Wikipedian Tolosari buruzko informazioa euskaraz txertatzeko ekimena, edota hurrengo 20-25 urteetan Tolosak izango dituen etxebizitza beharren azterketa gauzatzea. Egindako ekarpenetatik hainbat jada gauzatze bidean daude edota aurrekontu proiektuan txertatuak zeuden: esaterako, Energia Berriztagarrien Plana, jada garatua eta bere ezarpena Ferialean hastear, Usabal kirolgunearen 3. fasea, edota Gorriti plaza eta RC2 gunearen eraberritzeari ekitea.

Aurrekontu proiektu osoa www.tolosa.eus -en kontsulta daiteke.

Fitxategiak: 
PDF icon 2019ko aurrekontua.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA