Tolosako Adikzioen II. Tokiko Plana prest

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/29 | Idazkaritza
  • Etxez- etzeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamenduan hainbat hobekuntza txertatzea eta honi hasierako onespena ematea eta Tolosa Badabil, generoaren ikuspegia txertatuta duen Tolosako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako planari behin betiko onespena ematea onartu zen urtarrileko Osoko Bilkuran.

  • Eusko Jaurlaritzak Samaniego ikastetxean estalpe berria eraikitzeko eta Orixe institutuaren lursailean institutu berria eraikitzeko azterlanei ere behin betiko onespena eman zien atzo udalbatzak.

 

 

Urtarrileko Osoko Bilkura ospatu zen atzo eta denbora guzti honetan Gizarte Zerbitzuen saila, herritarrekin batera, lantzen aritu den Tolosako Adikzioen II Tokiko Plana aurkeztu zen.

 

Adikzioena etengabeko bilakaeran dagoen fenomenoa izanik, eta aurreko Tokiko Plana 2006 urteko dela kontuan hartuta, egungo beharretara eta errealitatera egokitzeko helburuarekin, 2019an II plana osatzeko lanketa abiarazi zen.

 

2020an zehar, lehenik eta behin, diagnostikoa egin da herriko eragile eta elkarte ezberdinen parte hartzearekin, eta helburu nagusiak zehaztu dira: Tolosako herritarrak adikzioei lotutako arazoen inguruan sentsibilizatu eta formatzea; udalerriko biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku hartzearen intentsitatea indartzea, prebentzio esku-hartzean hobekuntzak txertatzea eta etengabeko berrikuntza eta egokitzapena bultzatzea adikzioen inguruan, etengabe aldatzen ari den gaia delako. Helburu horiek lortzeko 4 lan lerro estrategiko definitu eta horien baitan 4 urterako Ekintza Plana garatu da, eragile eta herritarrekin partekatu dena. Aurrera begira, Ekintza Plan horretan jasotako ekimenak martxan jartzeari ekingo dio Udalak.

 

Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren arautegian hainbat hobekuntza txertatuta

 

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatearen etengabeko hobekuntza sustatzeko helburuarekin, udalak etxez-etxeko laguntza zerbitzuari lotutako erregelamendua berritu du eta atzo hasierako onespena eman zitzaion arautegiari hainbat hobekuntza txertatuta.

 

Eskaintzen den zerbitzuaren inguruko asebetetze inkestak ere egin dira eragile ezberdinen eta erabiltzaileen iritziak jasotzeko. Herritarrek oso modu positiboan baloratu dute eskaintzen den zerbitzua eta begi honez ikusi dituzte, baita ere, arautegirako proposatutako aldaketak.

 

Hobekuntza proposamenak ondorengoak dira: gehienezko prezio publikoa mugatzea, arreta 365 egunetan eskaintzea, gehienezko orduen intentsitatea areagotzea (lehen asteko 15 ordu, orain 28) eta beste kolektibo batzuei arreta zerbitzua zabaltzea. Era berean, langileen lan baldintzak hobetzeko irizpideak ere zehaztu dira, helburu hartuta, langileen egoera hobetu eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea.

 

 

Tolosa Badabil Mugikortasun plana, behin betikoz onartuta

 

Planak duen planifikazio izaera eta legealdi honetatik haragoko ikuspegia dela-eta jorratu eta onartu zen dokumentua Osoko Bilkuran, aho batez. Izan ere, plan estrategikoa da, etorkizuneko Tolosa marrazten duena, pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri eredu batean eta mugikortasun eredu jasangarriagoen alde egiten duena. Epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen ditu, ibilbide orri bat da, lanerako tresna bat, alegia.

 

Plan hau onartuta, udalbatzak ondorengo konpromisoak hartu zituen atzokoan:

  • Elektromugikortasuna sustatzea.

  • Oinezkoen joan-etorriak sustatu eta lehenestea.

  • Espazio publikoaren kalitatea hobetzea, herritarrentzat espazioak berreskuratuz.

  • Bizikleten mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea.

  • Bide antolaketa berra garatzea.

  • Mugikortasun eredu jasangarri, berdinzale eta inklusiboak bultzatzea eta sentsibilizazio ekimenak bultzatzea.

 

Pauso bat gehiago Samaniegoko estalpeari, Orixeko institutu berriari eta Apatta Errekako 2 faseari lotuta

 

Eusko Jaurlaritzak Samaniegoko ikastetxean estalpe berria sortzeko eta Orixe institutuaren lursailean institutu berria eraikitzeko xehetasun azterlanei behin betiko onespena eman zien atzo udalak. Azterlan horien bidez, obra lizentziak eman aurretik, udalak HAPOan jasotzen diren baldintzak betetzen direla eta beharrezkoak diren aldeko txosten guztiak daudela ziurtatu du.

 

Atzokoan, behin betikoz onartu zen, baita ere, Apatta Errekako 2. fasearen garapena ahalbideratuko duen Plan Berezia. Eta hasierako onespena eman zitzaion Tolosako Udaleko Euskararen Aholku Kontseilua arautzen duen erregelamenduari.

 

Euskararen Aholku Kontseilua Tolosako Udalaren eta gizarte eragileen artean Hizkuntza Politikak elkarlanean eta era koordinatuan garatzeko eratu da .

 

Onartu ziren beste puntu batzuen artean daude: Agaramundu 7ko babes ofizialeko etxebizitzen oinarri arautzaileetan aldaketari hasierako onespena ematea; Soldadu 8ko soberako lurzatia udal ondasunen erroldan sartzea eta udal langileen soldata igo eta dedikazio osoa duten korporaziokideen ordainsariak izoztea.

 

Halaber, hainbat mozio jorratu ziren. Adostasunez onartu ziren Etxerat elkartearen mozioa, Egiari Zor fundazioarena eta Europako Funtsari lotutakoa. EH Bildu taldeak aurkeztutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari buruzko mozioaren aurrean, EAJ-PNV eta PSEE-k mozio alternatiboa aurkeztu eta azken hau izan zen onartua. Eta Gipuzkoako Ostalaritza Aurrera plataformak aurkeztutako mozioaren aurrean ere mozio alternatiboa aurkeztu eta onartu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA