- 2016. urtean osatu zen alderdien Bizikidetza Mahaiak jarraipena izan du legealdi honetan ere; lehen urratsa izan zen aurreko legealdian Aranzadi Zientzia Elkartearekin hasitako hitzarmenari jarraipena ematea. Oroimena Tolosa webgunea sortu da, eta momentu honetan gertuko memoria ikertzen ari da Aranzadi. Bestalde, azken urteetan, urtero antolatu da “Bizikidetza Sustatzen” ekitaldi zikloa bizikidetza, biktimak, memoria, indarkeria politikoaren ondorioak, egia, aitortza, torturaren errealitatea, topaketa konpontzaileak eta erreparazioarekin loturiko gaiak jorratzeko. Eta azken denboran, herriko biktimekin elkarrizketak abiatu dira, beren beharrak eta egoerak ezagutzeko.
- Alderdi politiko guztietako ordezkariek, etorkizunari begira, memoria lantzen jarraitzeko, ekindako bideari jarraipena emateko eta legealdi honetan adostutako plangintza aurrera eramateko konpromisoa hartu dute.
Tolosako Udalak urteak daramatza udalerrian bizikidetza sustatzeko ekimen eta jarduera desberdinak bultzatzen. Memoria berreskuratzeko lanketari 2006. urtean eman zitzaion hasiera, eta legealdiz legealdi lanean jarraitu da, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modurik zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera. Lanketa bide hori Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin da.
Bizikidetza Mahaia, bizikidetzaren alde lan egiteko
2016. urtean, Tolosako Udaletxean, Bizikidetza Mahaia eratu zen, alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien parte hartzearekin, udalerrian bizikidetzaren aldeko urratsak egiteko. Urteen poderioz mahaiaren osaketa aldatzen joan da eta azken legealdi honetan Olatz Peon, Begoña Tolosa, Andu Martinez de Rituerto, Garbiñe Marzol eta Josemari Villanuevak parte hartu dute Bizikidetza Mahai honetan.
“Gure herrian askotariko sufrimenduak daude, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko, horiek guztiak azalera ekartzea ezinbestekoa da eta zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena eman nahi diogu urrats berriekin. Giza eskubideen urraketek errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digutelako; berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok” adierazi dute udal ordezkariek.
Bide horretan, bi legealdi hauetan zehar Bizikidetza Mahaia etengabe aritu da lanean. Lehentariko urratsa izan zen aurreko legealdian Aranzadi Zientzia Elkartearekin hasitako lan hitzarmenari jarraipena ematea.
“Oroimena Tolosa” webgunea sortu zen eta jarri zen herritarren eskura, dagoeneko argitaratuta dauden bi liburuetan (2011. urtean, 1936-1945 Memoriaren izenak : errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta lehen frankismo garaian eta 2018an, Tolosa 1945-1975: giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean) jasotako testigantzez gain, testigantza berriak ere jasotzeko. Izan ere, momentu honetan, 1960- gaur arte izandako Giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimenduak ikertzen ari da Aranzadi eta eduki hori ere jasoko da webgunean. Memoriaren ikerketak duen garrantzia dela eta, apirileko Osoko bilkuran Aranzadik orain artean egindako lanaren balidazio instituzionala egindo da.
“Bizikidetza sustatzen” ekitaldi zikloa urtero
Legealdi honetan, azaroaren 10ean -Biktima guztien memoria egunean- eta abenduaren 10ean - Nazioarteko Giza Eskubideen egunean adierazpen institzuzionalak irakurri eta lore eskaintzak egiteaz gain, biktimen memoria aldarrikatzeko, biktima guztiak aitortu eta gogoan hartzeko; urtero-urtero BIZIKIDETZA SUSTATZEN ekitaldi zikloa antolatu da bizikidetza, biktimak, memoria, indarkeria politikoaren ondorioak, egia, aitortza, torturaren errealitatea, topaketa konpontzaileak eta erreparazioarekin loturiko gaiak jorratzeko. Besteak beste, dokumentalak, filmak, hitzaldiak edota mahai inguruak antolatu dira.
Elkarrizketak herriko biktimekin
Legealdi honetan ere, Bizikidetza-Mahaian adostuta, alkatea herriko biktimekin elkartzeari ekin dio, beren beharrak eta egoerak ezagutzeko. Ez da udala biktimengana hurbiltzen den lehen aldia, urte hauetan zehar ere biktimen oroimen ekitaldietan parte hartu baitute Bizikidetza Mahaiko kideek. “Baina bada lehen aldia biktima guztiengana hurbiltzeko saiakera egiten dugula” azpimarratu eta baieztatu dute ordezkariek.
“Urte luze hauetako prozesuak gure arteko ezagutza areagotu du, zintzoki eta modu askean hitz egiteko gune bat eraiki dugu. Horri esker biktimekin, presoekin edo memoriarekin loturiko gaiak modu isilean lantzeko aukera izan dugu, ondoren horren emaitzak Plenora eramanez edo gaiaren lanketa Bizikidetza Sustatzen ziklora eramanez” gaineratu dute.
Etorkizunari begira Udalean ordezkaturiko hiru alderdiek Bizikidetzarekiko harturiko konpromisoak
Maiatzeko hauteskundeen ondoren Tolosako Udal berria sortuko da. “Guk azken zazpi urteetan egindako bidearen berri eman dugu, baina honek ez du esan nahi Udaletik bizikidetza eta memoria lantzen jarraitu behar ez denik. Beraz, gaur egun Bizikidetza Mahai osatzen dugun hiru alderdiok prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Bai eta legealdi honetan adosturiko lan plangintzari jarraipena emateko konpromisoa ere” esanez amaitu dute.