Udala garai eta behar berrietara egokituz

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/26 | Idazkaritza
  • Udalaren eta herritarren arteko harreman elektronikoa sustatu eta herritarren eskubideak eta datu pertsonalen babesa bermatzeko neurriak hartu dira.

  • Era berean, segurtasun neurriak eta tarteak errespetatzen jarraitzeko, Udalak, salbuespenez, terrazak ezartzeko espazio publikoaren erabilera handiagoa egiten jarraitu ahal izatea baimenduko du, betiere elkarbizitza bermatzen dela zainduta.

 

 

Beste behin era erdi-presentzialean ospatu zen Osoko Bilkura. Alkatea, 3 alderdietako bozeramaileak, idazkaria eta kontuhartzailea pleno aretoan izan ziren eta gainerako udal korporazioko kideak etxetik parte hartu zuten atzoko saioan; herritarren parte hartzea Osoko Bilkuran bermatzeko.

 

Larrialdi egoera ezarri zenetik, Udalak hainbat neurri hartu ditu pandemiari aurre hartu, aurre egin eta honek utzitako ondorioak arintzeko. Otsailean egindako Osoko Bilkuran, jarduera ekonomikoa babesten eta sustatzen jarraitzeko (merkataritza, ostalaritza...), zaborren, azokaren eta terrazen tasak %100ean hobaritzea erabaki zuen udalak.

 

Atzoko Osoko Bilkuran, segurtasun neurriak eta tarteak errespetatzen jarraitu ahal izateko, terraza-azalerak handitzeko hartutako neurrien luzapena egitea onartu zen. Gauzak horrela, ezarrita dauden neurriak indarrrean dirauten bitartean, ostalariek espazio publiko handiagoa erabili ahal izango dute beren terrazak kokatzeko, edozein kasutan, udalak betiere irisgarritasuna, mugikortasuna, sarbideak eta herritar eta bizilagunekin elkarbizitza bermatzen direla zainduko du.

 

Egoera normaltasunera itzultzean, neurri hau indargabetu egingo da eta ohiko egoera eta espazioetara itzuli beharko dute terrazek.

 

Tokiko administrazioa modernizatu eta harreman elektronikoa sustatzeko urratsak

 

Atzoko Osoko Bilkuran datu pertsonalen babesaren eta informazioaren segurtasunaren inguruko egokitzapenenetarako beharrezkoak diren dokumentuak onartu ziren, baita segurtasun batzordea eratzea ere. Izan ere, Tolosako Udalak, teknologia berrien erabilera indartu nahi du, udala garai berrietara egokitzeko helburuarekin. Eta udalaren eta herritarren arteko harreman elektronikoa sustatzeko, ezinbestekoa da datu pertsonalen babeserako eta informazioaren segurtasunerako neurriak indartzea, bereziki, herritarren eskubideak bermatzeko; herritarrek lasaitasun osoa izan dezaten beren datuei dagokienez, udalak horiek konfidentzialtasun osoz erabiliko dituelako.

 

Era berean, herritarren informazio eskubidea bermatzeko, udal webgunean herritarren eskura jarriko dira inprimaki guztiak.

 

Eta kudeaketa sistemaren etengabeko hobekuntza sustatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko Segurtasun Batzordea ere eratu da.

 

Hasierako onarpena, Berdintasun Kontseilua arautzeko erregelamenduari:

 

Urtarrilean onartu zen Euskara kontseilua arautzeko erregelamendua eta orain Berdintasun Kontseiluaren txanda heldu da. Atzoko Osoko bilkuran onartu zen aho batez, hau arautzeko ordenantza.

 

Hizkuntza eta berdintasun politikak elkarlanean eta era koordinatuan garatzea dute helburu kontseiluek. Hori dela eta, erregelamendua eragile eta herritarrekin elkarlanean landu eta garatu da, eta beren ekarpen eta laguntzarekin osatu.

 

Berdintasun Kontseiluak helburu du emakume, herritar eta elkarte orori politika sozial, ekonomiko eta kulturalen garapenean, benetan, eta modu askean, parte hartzeko bidea ematea. Baita ere, udal bizitzaren esparru guztietan emakumeen presentzia, partaidetza eta aitorpena areagotzea.

 

 

Amaitzeko, EH Bildu taldeak aurkeztutako mozioa hurrengo Osoko Bilkuran jorratzea erabaki zen.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA