Udate Herritarrentzako Arreta Zerbitzua berregituratu eta zerbitzu integral eran sortzeko ordenantzari onespena eman dio Udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/05 | Idazkaritza
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Herritarrak Udaten ia zerbitzu guztiak tramitatzea dugu helburu. Ondorioz, Herritarren Arreta Zerbitzua zabaldu eta indartuko da herritarrak atenditzeko mahai gehiago jarriz eta tramiteak era erraz eta automatikoan burutzeko azpiegitura teknologikoak ezarriz”.
  • Hizpide izan dira Osoko Bilkuran, beste hainbaten artean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana, euskara ikasten dutenentzako diru-laguntzen ordenantza, Musika Eskola, taxien tarifak, kreditu aldaketa ezberdinak edota 3 mozio: A25 Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Orixe Institutuaren eraikin berriari buruzkoa.
  • Osoko Bilkura osoa ikusgai bideoan amaieran.
  • Dokumentu guztiak hemen kontsulta daitezke.

Udalak Ohiko Osoko Bilkura egin zuen atzo, asteartea, abenduak 4. 18 puntuko gai zerrenda izan zuten hizpide, tartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana, euskara ikasten dutenentzako diru-laguntzen ordenantza, Eduardo Mocoroa Musika Eskolako hainbat gai, taxien tarifak, Udateren eraberritzea, kreditu aldaketa ezberdinak edota, beste hainbaten artean, 3 mozio: A25 Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Orixe Institutuaren eraikuntza ahalik eta lasterren hasteko eskakizuna.

Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintza eta euskara ikasten duten tolosarrentzako diru-laguntzak. Udalbatzak onartu duen plan honen helburu nagusia Tolosako Udaleko langileak euskaraz lan egitera bultzatzea da. Barne hartzen ditu hainbat helburu estrategiko: herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izatea, euskara beste administrazioetako harremanetarako hizkuntza izatea, eta baita Udal barruko lan hizkuntza izatea ere. Alor beraren baitan, euskara ikasten ari diren tolosarrei diru-laguntzak ematea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa onartu da: beharrezkoa zen aldaketa, laguntzak Aitzol Udal Euskaltegitik kanpo ikasten dutenentzako soilik daudelako zuzenduak. Horrez gain, indarrean dagoen ordenantzak Euskaltegian ikasten dutenentzako diru-laguntzak aurreikusten ditu, eta legediak, egoera hori aldatzeko eskatzen du. Beraz Udalak, ordenantza-aldaketa hau gauzatuta, euskara ikasten duten Aitzol Udal Euskaltegiko, zein euskaltegitik kanpo egiten dutenek, diru-laguntza jasotzea du helburu.

Musikaren alorrari helduz, Tolosako Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak Donostiako Musika eta Dantza Eskolarekin hitzarmena sinatuko du musika eta dantza ikastetxeetarako irakasleen lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko. Donostiaz gain, aukera ikusi da hainbat eskolarekin lankidetza hitzarmenak gauzatzeko. Kudeaketa errazteko, banan-banan sinatuko dira eskola bakoitzak dituen behar eta ezaugarri guztiei bide emateko beharrezko hitzarmen guztiak. Tolosako Musika Eskolaren eskakizunez garatu da lanketa hau, langile hautaketa prozesu bat garatzeko esparru komun bat ezartzearen abantailak kontuan hartuta.

Musika Eskolatik irten gabe, bertako zuzendari eta idazkaritzako ordu lektiboen gehikuntza onartzeko proposamena onartu zen. Zuzendari kargua betetzeagatik 4 irakastordu izango dituzte astean zeregin horretarako, guztira 12. Idazkari akademiko kargua betetzeagatik, berriz, 2 irakastordu gehiago astean, guztira 6 ordu asteko. Gainontzeko orduak irakasle lanetan betetzen dituzte.

Gai zerrendaren parte zen ere Tolosako Musika Banda Elkarteak gaur egun egiten dituen jarduerak eta ematen dituen zerbitzuak aztertuta, Udalak aipatutako zerbitzuak berariazko jarduera gisa bere gain hartzeko proposamena. Aho batez onartu eta adostu zen zerbitzu hau zeharkako eran kudeatzea, zerbitzu kontratu baten bitartez.

Udate, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, berregituratu eta zerbitzu integral eran sortuko da. Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Udalaren egituraketaren eta eskaintzen diren zerbitzuen berrantolaketan gaude murgilduta. Herritarrak Udaten ia zerbitzu guztiak tramitatzea dugu helburu. Ondorioz, Herritarren Arreta Zerbitzua zabaldu eta indartuko da herritarrak atenditzeko mahai gehiago jarriz eta tramiteak era erraz eta automatikoan burutzeko azpiegitura teknologikoak ezarriz”. Horretarako ordenantza izapidetzeko lehen pausua eman da Udalbatzak hasierako onespena emanez. Orain, 30 laneguneko epean esposizio publikoan egongo da interesatu guztien eskura, erreklamazio eta iradokizunak aurkez daitezen.

9. puntuan taxiak izan ziren hizpide. Agitax taxi elkarteak 2019 urterako tarifen proposamena aurkeztu zuen. Udala zonaldeko taxilariekin batu ostean, aurtengoei %2,3ko igoera aplikatzea onartu dute. Ondorioz, 2019ko taxi tarifak honela geratuko lirateke:

  • I tarifa: lanegunetan 7:00etatik 22:00etara. Gutxieneko tarifa 4’20 euro. Kilometroko 1,03 euro. Itxarote ordua: 18’69 euro.

  • II tarifa: egunero 22:00etatik 7:00etara eta larunbata, igande eta jaiegunetan 7:00etatik 22:00etara. Gutxieneko tarifa 4,74 euro. Kilometroko 1,57 euro. Itxarote ordua: 27,54 euro.

Tolargi S.L.k pabiloi berria erosiko du: orain arte alokairuan zuen Usabal industriaguneko 402 zenbakiduna. Funts horretarako mailegua eskatzeko baimena eman zuen Udalbatzak.

252.500 euroko kreditu gehigarria, aurrera

Hainbat zerbitzu eta hornitze burutzeko kreditua onartu du Udalak, tartean: Ferialeko zorua berritzeko lanak, Samaniego ikastetxeko hainbat mantenu lan, 'Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean' liburua argitaratzea, Alberto Letamendiren eskultura baten erosketa datorren asteetan Tolosako txoko batean ezarria izango dena, Leidorren atzealdeko margotze lan ugari, Euskararen alorreko hainbat diru-laguntza, Bide publikoetan mantenu txikiak burutzeko materialaren erosketa, haurrentzako zinema eskaintza indartzeko, Gazteria alorreko hainbat beka, Ferien esparruan Babarrunaren Festa ospatzeko hainbat ekitaldiren finantzaketa... eta beste hainbat. Guztira 252.500 euroko kreditu gehigarria izango da.

Mozioak

3 mozio zeuden txertatuak gai zerrendan: A25: Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Orixe Institutuaren eraikuntza ahalik eta lasterren hasteko eskakizuna. Irakurgai bakoitza dagokion estekan. Irakurri zen ere herritar talde batek aurkeztutako “Oriol Junquerasi elkartasuna” idatzia. Guztiak ahobatez onartu zituen Udalbatzak.

Dokumentu guztiak hemen kontsulta daitezke.

Osoko Bilkura osoa ikusgai bideoan

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA