- Energia eraginkortasuna etxebizitza eta Zumarditxiki, horiek dira kreditu aldaketaren ardatz nagusiak. Ia 3 milioi euroko kreditu aldaketa onartu da, energia eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren alde neurriak hartzen jarraitzeko, Iurramendi eremuan alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua idazteko eta Zumarditxikiko obra lizitazioa abiarazi ahal izateko.
- Zumarditxikiari dagokionez, obrarekin hasi aurretik, lehenik eta behin, aparkalekuen gaia itxiko da eta proposamena aurkeztuko zaie bizilagunei. Ondoren, proiektua bera aurkezteko saioak egingo dira herritarrekin.
Legealdi Planean jasotako hainbat gai eta proiektu estrategiko izan zituzten hizpide atzoko Osoko Bilkuran. 2022. urteko kreditu aldaketa nagusiena onartu zen gehiengoz atzokoan, ia 3 milioi eurokoa, estrategikoak eta lehentasunezkoak diren alorretan lanean jarraitu eta aurreikusitako proiektuak gauzatzeko.
Zumarditxiki, etxebizitza eta energia eraginkortasuna
Ia 3 milioi euroko kreditu aldaketa horretatik, 2 milioi, Zumarditxikiko obra lizitazioa martxan jarri ahal izateko izango dira. Lizitazioa martxan jarri aurretik, baina, hainbat informazio saio egingo dira herritarrekin eta aparkalekuen gaia ere itxiko da. Behin betiko proiektua, herritarren ekarpenak jasota, uda-garaian jaso da eta horregatik, ondorengo plangintza jarraituko du Udalak Zumarditxikia eraberritze bidean urratsak egiten jarraitzeko:
- Aparkalekuen gaia itxi eta bizilagunei aurkeztu.
- Zumarditxiki eta Santa Klara kalea eraberritzeko proiektu integrala herritarrei aurkeztu.
- Obra lizitazioa abiarazi, obrak esleitu eta gauzatu ahal izateko.
Horiek dira beraz, Udalak aurreikusitako pausoak obrekin hasi aurretik.
Halaber, kreditu aldaketaren eskutik, 340.000 euroko inbertsioa egingo du udalak energia eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren alde, besteak beste udal eraikinetan LED argiak jartzeko, eta EPA-ko eta Gorosabeleko eraikinetan galdarak aldatzeko. Etxebizitza alorrari lotuta, Iurramendi eremuaren garapenaren baitan, alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren idazketa egingo da, 120.000 euroko aurrekontua jarri da horretarako. Era berean, Iurreko garajeetako hezetasun arazoei konponbidea emateko obra proiekturako dirua ere jarri du udalak, kreditu aldaketaren bidez. Kreditu aldaketa gehiengoz onartu zen EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Alokairu ordainketa errazteko eta etxebizitza hutsak eraberritzeko dirulaguntzak
Etxebizitza alorrari lotuta, iraileko Osoko Bilkuran hasieraz onartu da eta aho batez, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Iaz eman zituen lehen aldiz dirulaguntza hauek Tolosako Udalak, eta aurten, tolosar gehiagok izan dezaten laguntza jasotzeko aukera, ordenantza egokitu egin da. Diru sarrera muga handitu egin da eta errentaren gehieneko kopurua ere bai. Hartzaile gisa, kolektibo berriak ere txertatu dira, dirulaguntza tolosar gehiagorengana zabaltzeko helburuarekin.
Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala bultzatzeko ordenantza ere behin betikoz onartu dela jakinarazi zen Osoko Bilkuran. Ordenantza berri honen helburu nagusia da, Jaurlaritzak etxebizitza hutsak birgaitzeko ematen dituen laguntzak osatzea, jabeek aukera gehiago izan dezaten etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairuan jartzeko. Dirulaguntza jasotzeko beharrezkoa izango da Alokabideren programetan izena ematea, etxebizitza hutsak Alokabideren programen bidez jar daitezen alokairuan, merkatu libretik kanpoko prezioa izan dezaten. Honela, alokairu babestuko aukerak areagotu nahi dira Tolosan.
Laster abiatuko da etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala bultzatzeko dirulaguntzen deialdia, eta ondoren alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzen deialdia, ordenantza behin betikoz onartzen denean. Tartean, informazio saioak egingo dira, herritarrek eskura dituzten aukera guztien berri izan dezaten eta etxebizitza hutsak alokairura bideratu daitezen sustatzeko.
Iraileko Osoko Bilkuran onartu ziren beste puntu nagusien artean daude: CIDE CHC eta CIDE COR enpresekin elkarren arteko adostasunez kontratuak suntsiaraztea eta hasierako onarpena ematea 2022ko dirulaguntzen eranskina aldatzeko 3-2022 proposamenari. Proposamena aho batez onartua izan zen, Tolosaldea Garatzen eskualdeko agentziari diru gehiago emateko Bizilabe proiektua aurrera eramateko; ikasturtean zehar jarduerak egiten dituzten kirol taldeei ikasturte hasieran dirulaguntzak emateko eta etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko aurretik ebatzi gabeko dirulaguntzak bideratzeko. Azken horietarako, 275.000 euro jarriko ditu Udalak eta kirol taldeei ikasturte hasieran laguntzak emateko 177.000 euro (kreditu aldaketan sartu direnak).