Zehapen-espedientea, Hiribusa kudeatzen duen enpresari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/03 | Idazkaritza
  • 30.000 eurotik gorako zehapena aplikatuko zaio, zerbitzu-kontratuan jasotako baldintzak ez betetzeagatik: udalaren jabetzakoa den ibilgailu bat, esklusiban Tolosako zerbitzura atxikita dagoena, beste udalerri batzuen zerbitzura jarri du.

 

Tolosako hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa kudeatzen duen enpresari zehapenak aplikatzeko espedienteari hasiera ematea onartu du udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran, aho batez. 

Hiribusa Autobuses Cuadra, S.A. enpresak kudeatzen du 2021. urtetik, eta 2026ra arte du esleituta zerbitzuaren kudeaketa. Erabiltzaileen kexak tarteko, ordea, azken hilabeteotan kontratuaren jarraipen zorrotza egin du udalak eta Ingurumen, Mugikortasun eta Trantsizio Energetiko Azpisaileko teknikariak txosten tekniko bat egin zuen egoera aztertzeko. 

Tartean, gainera, kezka areagotu duten gertakari gehiagoren berri ere izan du udalak: alde batetik, mobilizazioak egin dituzte langileek, kaleratze baten eta lan-baldintzen ondorioz. Udaltzaingoak eta hiribuseko erabiltzaileek, berriz, zerbitzuan aurreikusi eta informatu gabeko etenak gertatu direla helarazi izan dute.

Jarraipen horren barruan, enpresa esleipendunari azken sei hilabeteetako dokumentazioa eskatu zitzaion: langileen zerrendak, langileen nominak eta kotizazioak, gidarien lan orduen erregistroak, zerbitzuan izandako gora beherak, pleguetan jasotako hobekuntzak betetzen direnaren justifikazioa, euskara betekizunak, mantenuaren kudeaketaren azalpenak, erreserbako autobusen ezaugarriak, urteko kontu eta bidaiarien berri ematea, autobus elektrikoaren hasierako fitxa tekniko eta azterketa teknikoen agiriak, zerbitzura atxikita dauden ibilgailuen erabileraren zehaztapenak, eta hilabeteroko txostenak.

Paraleloan, udalak ondorioztatu ahal izan du ez dituztela modu egokian betetzen ibilgailuen erabileraren inguruan zerbitzu-kontratuan ezarritako baldintzak eta, hori ikusita, zehapena aplikatuko zaio. Hain zuzen, Tolosako Udalaren jabetzeakoa den ibilgailu bat eta modu esklusiboan Tolosako zerbitzura atxikita dagoen beste bat, beste udalerri batzuetako zerbitzuentzako eskuragarri jartzeagatik. Kontratuaren balioaren %2ko zehapena aplikatzea dagokio, 30.058,43 euro. Gainerako gaien jarraipena egiten jarraituko du udalak.

Osoko bilkurako beste gaiak: dirulaguntzak, hautaketa prozesua…

Beste hiru gai ere izan dira hizpide urtarrileko bilkuran. Dirulaguntzen Plan Estrategikoan lau aldaketa txertatu dira, zehazki, Dementzia Bizitzen proiekturako laguntza (6.000 €); Olarraingo Auzo Elkartea gainerako landa auzoen baldintza berberetara parekatzeko kopuru handiagoa (9.000 €); eliteko kirolariei ostatu eta garraio gastuetan laguntzeko dirulaguntza lerro berriaren sorrera (3.000 €); eta Paper Eskolan dagoen LabPaper laborategian egin beharreko inbertsioak laguntzeko (5.000 €).

Udaltzaingoan hutsik dauden hiru lanpostu hornitzeko eta Tokiko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen seigarren deialdi bateratuan sartzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Tolosako Udalaren arteko kudeaketa gomendioa ere onartu da. Hautaketa prozesua abiatu nahi du udalak, baina, beste kasu batzuetan egin izan den bezala, baliabide tekniko eta azpiegitura hobeak ditu akademiak, eta lankidetzan egingo da.

Azkenik, 6.1. San Kosme eta San Damian azpiesparruko birpartzelazio-proiektua ofizioz berrikusteko eskaera onartu da –udal gobernuaren aldeko eta oposizioko alderdien kontrako botoekin–, eremu horretan bizi den familia batek egindako eskaera aintzat hartuta. 

Hirigintza-prozedura guztietan, urbanizazio berriaren proiektua lantzen ari den Bista Alai S.A. enpresak jabe bakar gisa jardun du, eta jendaurreko informazio-aldietan ez zen inolako alegaziorik izan. 2021. urtean behin betikoz onartu zuen birpartzelazio-proiektua Tokiko Gobernu Batzordeak. Udalak, ordea, ez zekien jatorrizko laugarren partzelaren zati baten titulartasuna auzigai zela, eta bi aldeen arteko gatazka pribatu bat dago tartean. 

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedurak zehazten dituen 39/2015 Legearen 106.3 artikuluaren arabera, ez dago nahikoa arrazoi, bizilagunek egindako eskaera ez onartzeko. Hortaz, ofizioz berrikusteko prozedura abiatuko da. Udal teknikariaren txostena eginda, espedientea Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari igorriko zaio, dagokion legezko txostena egin dezan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA