Udalak Hezkidetza proiektua ebaluatzeari ekin dio, etorkizuneko erronkei eraginkortasunez erantzuteko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/05/10 | Berdintasuna

Duela lau urte jarri zuen abian Tolosako Udaleko Berdintasun Departamentuak “Hezkidetza emozionala lantzeko egitasmo integrala” udalerriko ikastetxe guztiekin elkarlanean. Egitasmoak Tolosako ikastetxe guztiak eta ikastetxe horietako hezkuntza-komunitate osoa hartu ditu aintzat: ikasleak, irakasleak, gurasoak, jangelako hezitzaileak, etab.

Lau urteko ibilbidean proiektuaren honako helburuak lortzea izan du jomuga:

  • Ikasleen garapen integrala sustatzea, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak bazter batera utzita.
  • Bereizkeria-mota guztiak arbuiatzea.
  • Indarkeria matxista detektatzea eta prebenitzea.
  • Sexuagatik alboratu gabeko orientazio akademiko eta profesional bat bermatzea, emakume eta gizonen berdintasuna handiagoa izango den gizarte baterantz bidea egiteko.

Helburu horri begira, hainbat ekimen garatu dira azken urteotan, hala nola, ikastetxeetako talde bakoitzari zuzendutako sentsibilizazio- eta prestakuntza-saioak, Hi Haiz Hi-Beldur Barik programaren garapena eta BerdinSex sexu-aholkularitza zerbitzuaren sorrera.

Lau urteren ondoren, Udalak orain arte egindakoa ebaluatzeko ariketa sakona abiatu nahi du; eta atzera begiratzeaz gain, egungo egoeraren argazki edo diagnostiko berritua egin, horretan oinarrituta, datozen urteetako erronkak eta lan-ildo estrategikoak identifikatzeko. Lan horiek egiteko prozesua abiatu dugu beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin.

Maite Ruiz de Eguilaz Berdintasun zinegotziak azpimarratu du Hezkidetza proiektuarekin Udalak ikastetxeekin batera, umeak txikitatik kontzientziatzea duela helburu: “txikitatik landu eta arretaz jorratu beharreko gaia da dibertsitate-mota guztien aurreko berdintasunarena; funtsean, elkarren arteko errespetua sustatu behar dugu”. Zinegotziak balioan jarri du eragile, ikastetxe eta erakunde ezberdinen elkargune den Hezkidetza Mahaia: “eraginkortasuna eta koordinazioa lortu dugu, ikuspuntu guztien ekarpenekin osatu eta garatua gainera. Orain adostutako lanketa, prozesuak eta behar denean erantzun bateratuak ematen dira” gaineratu du.

Azken urte hauetan egindako lana ebaluatzeko, gaur egungo beharrak ezagutzeko eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko beharrezkoa den informazioa hainbat bidetatik eskuratuko du Udalak:

  • Talde-elkarrizketak ikastetxe guztietan, orain arte proiektua garatzeaz arduratu diren adituekin eta Berdintasun Batzordeko kideekin.
  • Bilera irekiak kolektiboekin: gurasoak, irakasleak, orientatzaileak, ikasleak, Tolosako Neska Taldea, udal-teknikariak, etab.
  • Topagunea: urrian lan-saio ireki bat egingo dugu prozesuak eragindako kolektiboekin, ikastetxeekin eta interesa izan dezaketen guztiekin, ordura arte egindako lana partekatzeko, egungo beharrak adosteko eta etorkizuneko erronkak zehazteko.

Gaiarekin interesa duen herritar, eragile eta elkarte oro ongi etorria izango da prozesu honetara. Datozen aste eta hilabeteetan zehar prozesuaren eta bilera-deialdien inguruko xehetasun gehiago ematen joango gara; baina edozein zalantza argitzeko, Udaleko Berdintasun Sailarekin jar zaitezkete harremanetan 943 943 67 03 83 telefono-zenbakira deituz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA