-
Ikasleek 40 gorosti landatuko dituzte Amarotz auzoko baso eskolako eremuan; Elosegi parkean, berriz, espezie bereziak landatuko dira herritarrekin batera.
-
Hegazti intsektujaleen habia-kutxak ere jarriko dira herriko hiru puntutan, eta horietako bakoitza egiteko ibilaldiak egingo dira, Aranzadiko adituek gidatuta.
Pasa den astean ospatu zen Zuhaitz Azoka Tolosan. Bada, otsailean ere zuhaitzen inguruko jarduera gehiago egingo dira, herriko natura eta fauna ezagutzera emateko, eta herritarrak biodibertsitatearen alde engaiatzeko eta sentsibilizatzeko.
Biodibertsitate Guneko hiruhilabete honetako egitaraua aurkeztean aurreratu bezala, bihar, otsailak 5, Ezagutu Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixka ohikoenak hitzaldiaren bigarren saioa izango da, 18:00etan Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.
Landaketetarako bi egun
Bestetik, lehen hezkuntzako ikasleentzat zuhaitz landaketak antolatzen dituzte urtero Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak. Hiru ikastetxeetako ikasleek txandaka egin ohi dute lan hori. Aurten Laskorain Ikastolako 5. mailako ikasleei egokitzen zaie, eta guztira 88 gaztetxok parte hartuko dute. Otsailaren 21ean egingo da, Amarotz auzoko Baso Eskolako eremuan. Haritz amerikarrak eta pinuak dira nagusi eremu horretan eta udala eremua berreskuratzeko lanean da. Hori dela eta, bertako espezie bat landatuko da aurten: 40 gorosti, hain zuzen.
Ikasleekin egiten den landaketaz gain, herritarrekin ere bigarren landaketa bat egingo da. Otsailaren 22an izango da, 11:00etan Elosegi Parkean. Eremuaren nortasuna mantentzeko asmoz, espezie bereziak landatuko dira: Ginkgo bilobak, Likidanbarrak eta zume negarti bat. Gainera, Tolosako lorezaintza zerbitzuaz arduratzen den Gureak Berdeak enpresako adituek parkeko zuhaitz esanguratsuenen, parkearen bilakaeraren eta gaur egungo kudeaketaren inguruko argibideak emango dituzte.
Hegaztien habia-kutxak
Faunari lotutako ekintzak ere izango dira: Aranzadi Zientzia Elkarteak hegaztien inguruko eskuhartzea egingo du, eta herriko hainbat puntutan hegazti intsektujaleen habia-kutxak jarri ostean, haien jarraipena egingo du.
Habia-kutxak egitura artifizialak dira, hegaztien babes eta ugalketa errazten dutenak. Eragin handia dute, bai biodibertsitatearen hobekuntzan, baita izurriteen kontrolean ere. Izan ere. hegazti intsektujaleak, hala nola kaskabeltz eta amilotxak, funtsezkoak dira ekosistemetan, intsektu-populazioak erregulatzen laguntzen baitute.
Guztira 30 habia-kutxa jarriko dira, eta horretarako herritarrei zuzendutako ibilaldiak egingo dira, ikerlariek gidatuta. Hiru dibulgazio-tailer izango dira guztira: otsailaren 15ean Elosegi parkean; otsailaren 16an Iurramendi Baratze Parkeko etxolan; eta martxoaren 9an, Zumardiaundian. Hitzordu guztiek ordubeteko iraupena izango dute: 11:00-12:00 bitartean. Izena ematea 943 466 142 telefonora deituz edo www.bibe.me/ekitaldiak-aranzadi webgunearen bidez egin beharko da.
Bide batez, Biodibertsitate Guneak hegaztien ugalketari buruzko beste hitzaldi bat emango du hilaren 19an.
Egitaraua
-
Otsailak 5. 18:00. Bidaiarien Txokoa. Biodibertsitate Guneak antolatutako hitzaldia: Ezagutu Tolosaldeko zuhaitz eta zuhaixka ohikoenak
-
Otsailak 15. 11:00-12:00. Elosegi parkea. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia.
-
Otsailak 16. 11:00-12:00. Baratze parkea. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia.
-
Otsailak 19. 18:00. Bidaiarien Txokoa: Biodibertsitate Guneak antolatutako hitzaldia: Hegaztien ugalketa (Gazteleraz)
-
Otsailak 22. 11:00. Elosegi parkea. Zuhaitz landaketa
-
Martxoak 9. 11:00-12:00. Zumardiaundia. Hegaztien-habia kutxak jartzeko ibilaldia.