Aldaketak asteburu honetako ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoaren egitarauan, eguraldiaren iragarpena dela eta

Tolosako Udala
2024/09/19 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Euri asko dago iragarrita eta, ondorioz, zenbait ekitaldi lekuz aldatuko dira.
  • Gogoan izan, ostiral goizeko lehen ordutik ezingo dela Rondilla kalean, San Frantzisko pasealekuaren lehen erdian eta Zumalakarregi pasealekuan aparkatu, astelehen goizera bitarte.

 

Bihartik aurrera ospatuko dira Mugikortasun Asteko ekitaldi gehienak. Datozen egunotarako, ordea, euri asko dago iragarrita. Hori dela eta, bi egunez Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua oinezko bilakatzea helburu duen ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoko espazioen berrantolaketa egin da, hitzartutako ekitaldiak gauzatu ahal izan daitezen. Hona hemen aldaketa horiek, eta beste zenbait ohar:

 

Azokak

Euskal Herria plazako postuen kokalekua ohikoa izango da, Euskal Herria plazan bertan. Bigarren eskuko bizikleta azoka San Frantzisko pasealekuan izango da. Zerkausiko ekoizleek Trianguloa plazan jarriko dituzte euren postuak.

 

Kultur ikuskizunak

Larunbat arratsaldeko haurren ikuskizuna ‘Baserriko porrusalda’ (17:00) Alondegia plazako estalpean egingo da, eta igande eguerdiko GU taldearen kontzertua (12:30) Berdura Plazan, aurreikusitako ordu berean.

 

Aire libreko kirol jarduerak

Irristaka larunbateko 16:00etatik 19:00etara izango da San Frantzisko pasealekuan, zirkuitu eta trebezia ariketekin. Patinak eta kaskoa norberak eraman beharko ditu.

Igande osoan zehar saskibaloian jokatzeko saskiak jarriko ditu TAKEk, San Frantzisko elizaren parean. Baloiak Garagardo Azokan duten Sukaldeko gunean izango dira nahi duen ororen eskura eta, erabili ondoren, bertara itzuli beharko dira. Bi kasu horietan, euria balego, bertan behera geratuko dira jarduerak eta espazioa libre utziko da. 

 

Puzgarriak

Real Sociedad Fundazioak jarri asmo dituen puzgarriak, berriz, eguraldiagatik Beotibar pilotalekura lekualdatuko dir. Kasu honetan, eguerditik aurrera izango dira bertan, eta arratsalde osoan zehar izango dira erabilgarri.

 

Trafiko oharrak 

Gogoan izan, ostiral goizeko lehen ordutik ezingo dela Rondilla kalean eta San  Frantzisko pasealekuaren lehen erdian –Gernikako Arbolaren parera arte– aparkatu.

Nahiz eta aparkalekuak ezingo diren erabili, ostiralean zehar trafikoa baimenduko da kale horietan, baina abiadura motelean eta arretaz gidatzeko dei egin du Udaltzaingoak. Larunbat goizean itxiko da Rondilla kaleko trafikoa, Musika Eskola paretik. 

Zumalakarregi kalean ere ezingo da aparkatu ostiraletik igandera, bi norabideko errepidea izango baita larunbatean eta igandean. 

Jarduerak amaitu ahala, igande gauean aparkatzeko aukera izango da San Frantziskon eta Zumalakarregin; Rondilla kaleari dagokionez, astelehenean desmuntatze lanak amaitu ahala baimenduko da aparkalekua.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA