Zenbat baratze esleituko dira, eta zein ezaugarri dituzte?
Parkeak 80 baratze ditu, nahiz eta guztiak ez diren zozketa bidez esleitzen. Hau da banaketa:
-
Mugikortasun urriko pertsonentzat eta 70 urtetik gorakoentzat bi baratze —egoitzaren sarreren parean dauden baratze altuak—. Horietako bat, ordea, Iurreamendi egoitzako egoiliarrentzat dago erreserbatuta, hortaz, bat bakarrik esleituko da zozketa bidez.
-
Irabazi asmorik gabeko elkarteentzat 80 m2ko lau baratze. Hiru zuzenean esleitzen dira, eta bestea zozketa bidez.
-
Izena ematen duten norbanakoen artean zozketa bidez esleituko diren 40 m2ko 74 baratze.

70 urte baino gehiago ditut. Aukera bakarra dut?
Ez. Norbanakoentzako 74 baratzeetan ere izena eman daiteke, noski. Mugikortasun arazoak dituztenentzako baratze altu bat dago, baina gainerakoetan izena eman dezake 70 urtetik gorako norbanako batek. Hala ere, bi modalitateetako bakarrean eman ahal izango da izena, eskaera orria betetzean dagokion modalitatea aukeratuta. Hau da, baratze altu bat eskatuz gero, ez du baratze arruntetan izena emateko aukera izango, edo alderantziz. Modu horretara bermatu nahi da mugikortasun arazoak dituztenentzako izatea baratze altua.
Badago erremintak eta gainerako tresnak gordetzeko lekurik?
Bai, noski. Baratze parkearen gainerako azalera, erabilera komunitariokoa da: zerbitzuen eraikina, bideak, ureztatzeko putzuak, konposta egiteko guneak... Zerbitzuen eraikina bitan banatua dago: batetik, erabiltzaile guztientzako erabilgarri dauden tresnak daude: aitzurrak, sardeak, palak, urontziak... Bestetik, aldagela bat dago, erabiltzaile bakoitzarentzako giltzapeko takilla banarekin. Bertara sartzeko giltzak esleitutakoan banatzen dira.

Zenbat denborarako esleitzen dira beratzeak?
Baratzeak erabiltzeko lizentziak prekarioan ematen dira eta urte beterako emango dira, eta gehienez ere lau urtera arte luzatu ahal izango dira. Luzapena automatikoki aplikatzen da lau urte horietan, kontrakorik esaten ez den bitartean. Lizentzia emateko gehieneko epea pasa ondoren —4 urte—, Udalak beste deialdi bat egingo du baratzeak esleitzeko.
Zein baldintza bete behar dira erabiltzaile izateko?
Onuradun izan daitezke Tolosan erroldatuta dauden pertsonak, baldin eta herrian benetan bizi badira, gutxienez deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, eta honako baldintzak betetzen badituzte:
-
Udalaren zerga-betebeharrak eta gainerako ordainketak egunean izatea.
-
Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den bizikidetza-unitate bateko kide ez izatea.
-
Eskatzaileak edo bere bizikidetza-unitateko kideren batek ez edukitzea, ez jabetzan, ez gozamen-eskubidean edo alokairuan, nekazaritza-jarduerarako egokia den izaera landatarreko lurrik.
-
Zigorrik ez izatea beste baratze baten onuradun izan denean.
Ordaindu egin behar da?
Hasieran 100€-ko bermea jarri beharko da, eta baratzearen erabilera bukatzen denean itzuliko da, beti ere udal eremu publikoaren erabilera zuzena izan dela bermatzen bada. Gainerakoan, urtero onartzen diren ordenantza fiskaletan zehaztutako tasa ordaindu beharko da. Hauek dira 2026 urterako oraindu beharreko tasak:
-
Mugikortasun urriko pertsonak eta langabetuak: 71,90 € / urtean
-
Tasa orokorra eta elkarteak: 143,65 € / urtean
Urteko tasa banku-helbideratzearen bidez ordaindu beharko da, urtean behin, frakzionatu gabe. Kontuan zorduntzeko data urriaren 1etik azaroaren 10a bitarte izango da.
Baja eman daiteke?
Bai. Esleipena bukatu aurretik baja emanez gero, erabilitako hilabeteei dagokien zatia likidatuko da. Geratzen den denbora arrazoizkoa bada, beste erabiltzaile bati esleituko zaio partzela. Kasu horretan, urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean emandako alta berriei erroldan altan emango zaie, eta azaroaren 10ean egingo zaie kobraketa. Urriaren 1etik urtea amaitu bitarte emandako lizentzietarako, hurrengo hilaren 25ean likidatuko da kanonari dagokion zatia, eta hurrengo urtean emango da altan erroldan.

Nolakoa da funtzionamendua?
Erabilera librea da, ez dago ordutegi zehatzik, nahi beste alditan joan daiteke. Esleipendunak baratzeko lanetan laguntzeko beste hiru pertsona baimendu ditzake. Horretarako, pertsona horien NANaren kopia aurkeztu beharko du Udalean.
Erabiltzaileek batzordeak eratzen dituzte, eguneroko lanak banatzeko: kudeaketarako eta ikastaroak antolatzeko, garbiketarako, konposta egiteko edo hazitegia sortzeko, besteak beste. Erabiltzaileek batzorde horietakoren batean hartu behar dute parte. Garbiketa astebeteko txandatan antolatzen da, eta erabiltzaileen artean txandaka esleitzen da, beti ere beste batzorderen batean sartuta ez badago. Furgobaratzaren prestakuntza saioak ere izaten dira, baita auzolanerako egunak ere, elkarrekin gunea zaintzeko.
Zein betebehar dituzte erabiltzaileek?
Ingurua eta guztion erabilerarako espazio eta materialak errespetatzea eta zaintzea oinarrizko baldintza dira. Baratze ekologikoak direnez, ekologikoan onartutako produktuak baino ezin dira erabili. Plastikoen erabilera debekatua dago. Horrez gain, baratzetan ezin dira zuhaitzak landatu. Hemen dago eskuragarri araudi osoa.
Zer egin behar da izena emateko?
Azaroaren 17tik abenduaren 1era bitarte eman ahal izango da izena, eskaera orria eta gainerako dokumentazioa (hemen ikusgai), hiru bide hauetakoren batetik aurkeztuta:
Nola egiten da esleipena, prozesua nolakoa da?
-
Izen-emate epea. 2025eko azaroaren 17tik abenduaren 1era.
-
Behin-behineko zerrenda: Eskabide-orrietan jasotako datuak benetakoak direla egiaztatu ondoren, behin-behineko zerrenda bat osatuko du eskatutako baldintzak betetzen dituztenekin, eta webguneko eta udaletxeko iragarkien taulan argitaratuko dira. 5 egun naturalen epean erreklamazioak aurkezteko aukera izango dute zerrenda azaltzen direnek eta, eskaera onartu ez zaiela-eta, zerrendatik kanpo geratu direnek.
-
Onartuen behin betiko zerrenda: Erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda argitaratuko da webguneko eta udaletxeko iragarkien taulan. Zerrenda horretan eskatzaile bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, zozketarako erabiliko dena.
-
Zozketa publikoa: Zozketa bidez esleituko dira. Zozketaren eguna, ordua eta tokia, behin betiko onartuen zerrendak argitaratutakoan zehaztuko dira. Zozketa udaleko idazkariaren aurrean egingo da, eta sarrera librea izango da ikusi nahi dutenentzat.
-
Esleitutakoen behin-behineko zerrenda eta itxarote-zerrenda: Onuradunen behin behineko zerrenda eta itxarote-zerrenda argitaratuko dira. Erreklamazioak aurkeztu ahal izagno dira bost egun naturaleko epean. Era berean, onuradunei adjudikazioa jakinaraziko zaie, eta bost eguneko epea izango dute onartu edo ukatzeko. Uko egitea idatziz egin beharko da, UDATEn edo telematikoki. Esleipendunak baldintzak betetzen dituela egiaztatutakoan, behin betiko bihurtuko dira. Kontrako kasuan, baratze hori libre geratuko da eta berriro esleituko da, itxarote-zerrenda jarraituz.
-
Behin betiko zerrenda: Erraklamazioak —halakorik balego— ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda onartuko du Udalak.

Eta prozeduraren ondoren izena eman daiteke?
Bai. Behin adjudikazio-prozesua itxi eta behin betiko itxarote-zerrenda eratutakoan, eskabide gehiago aurkeztuko balira, baldintzak betetzen dituzten horiek itxaron-zerrendan sartuko dira, zerrendan sartuta daudenen atzetik betiere, eta ordena kronologikoan.