Hainbat ekintza Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/01 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Ekainaren 7rako eta 13rako ekintza batzuk antolatu ditu Tolosako Udalak

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna da eta, horren harira, hurrengo bi asteburuetan ekintza batzuk egingo dira Tolosan.

Ekainaren 7an, igandean

Elosegi parkera bisita gidatua izango da, eta parkearen historia eta bertan dauden zuhaitzak ezagutzeko aukera egongo da. Frontoiaren aurrean elkartuko dira, 11:00etan, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute tolosakoingurumenzentroa@tolosa.eus helbide elektronikoan. 

Ekainaren 13an, larunbatean

Alondegi plazan, Ingurumen Astea ospatzeko azoka izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta kontsumo-eredu zirkularra bultzatzea du helburu. Hala, bigarren eskuko produktuak eskuratzeko aukera egongo da, hartara, kontsumo arduratsua eta berrerabilpena sustatzeaz gain, hondakin-kopurua murrizten eta lehengaien kontsumoa gutxitzen laguntzeko. 

Larunbatean honako aukera hauek izango dira:

  • Bigarren eskuko azoka, Ana Yurd Munduko Emakumeen Elkartearen eskutik. 

  • Gordailu salmenta. Herritarrek aukera izango dute egoera onean dauden baina erabiltzen ez dituzten objektuak saltzeko. Objektuak 09:30etik aurrera eraman ahal izango dira (pertsonako gehienez bost objetu onartuko dira).

  • Udal-egitasmoen erakusketa. Herritarrek aukera izango dute Ingurumen Sailean azken hilabete hauetan egin diren tokiko ekimen batzuk ezagutzeko. 

  • Bigarren eskuko bizikleten azoka, Gurpilguneak (Zumardiak) antolatuta. 09:00etatik aurrera, herritarrek euren bizikletak eraman ahalko dituzte, eta bertan utzi saltzeko. Saldu ezean, 14:00etan bizikletaren bila pasa beharko dute.

Nazio Batuen Erakundeak ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna izendatu zuen, ingurumenaren babesa eta osasuna mundu osoko pertsonen ongizaterako eta garapen ekonomikorako garrantzitsua dela nabarmentzeko.

Tolosako Udalak udal-politika jasangarriak sustatzen ditu  ingurumenaren alde tokiko ekimenak eginez. Ez dugu ahaztu behar ingurumenaren kalitatea hobetuz gero bertan bizi garenon bizi-kalitatea ere hobetuko dela. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA