Tolosan tokiko energia-komunitateak sustatzeko bost saio ireki ireki izango dira, apirilaren bukaeratik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/04/10 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Bost saio irekiren bidez, tokiko energia-komunitate bat sustatzeko hausnarketa-prozesua abiatuko da apirilaren 29an.

  • Saio irekietan, interesa duen herritar orok parte hartuko ahal izango du, baita auzo elkarte edota saltoki txikietako dendariek ere. 

Tolosan energia-komunitateak sortzen laguntzeko, Udalak bost saio antolatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin elkarlanean. Egitasmo honen helburua da herritarrek energia burujabearen inguruko informazioa jaso, eta tokian tokiko interesdunen taldeak sortzea, «energia komunitate» direlakoak eratzeko. 

Lehenbiziko bi saioak informatiboak izango dira, eta bertan azalduko da zer diren energia-komunitateak, eta zer dakarren horiek sortzeak. Lehenbiziko saioa apirilaren 29an izango da, 18:00etan, TOPICen. 

Hirugarren saiotik aurrera, eztabaidak eta ibilbide-orri bat zehazteko lanketak egingo dira. 


Energia-komunitateak

Energia-komunitateak talde txikiak dira, elkarrengandik hurbil dauden etxe, enpresa/denda edo/eta tokiko erakundetako pertsonek osatutakoak. Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa elkartzen dira, eta helburua da energia berdea euren kabuz sortu, kontsumitu eta kudeatzea. Ideia horri jarraiki abiatuko du Tolosako Udalak gai honen inguruko hausnarketa eta parte-hartze prozesua.

Komunitate hauek hainbat onura ekartzen dituzte. Batetik, herritarrak ahalduntzea ahalbidetzen dute; izan ere, energiari dagokionez, autonomoak diren egitura komunitarioak sortzen dira. Bestetik, eta ingurumenari dagokionez, erabat berdea eta berriztagarria den tokiko energia sortzen da. Gainera, urtean, batez beste, % 25-30 aurrezten da elektrizitatearen fakturan.

Komunitate bakoitzak modu autonomoan garatuko du bere jarduna, eta hainbat onura ekar ditzake norbanakoarentzat: autokontsumorako energia sortzen da, energia metatu egiten da eta ibilgailu elektrikoak edo mugikortasun jasangarriko ibilgailuak kargatzeko zerbitzua ematen zaie komunitateko kideei. 

Zenbait urrats eman behar dira energia-komunitate bat sortzeko, eta saio horietan azalduko dira xehetasun guztiak. Komunitateak, sortzez, egitura juridiko ezberdinak izan ditzakete, eta aukera horiek ere azalduko dira, egokiena zein izan ote litekeen aztertzeko.

Saioen jarraipena egin ahalko da Tolosako Udalaren Erabaki Tolosa plataforman, honako helbide honetan: erabaki.tolosa.eus. Bertan, Energia komunitateak atalean sartuta, proiektuaren nondik norakoak ezagutu ahalko dira. Gainera, izena emanez gero, proiektuari buruzko informazioa posta elektronikoz jaso ahalko da. 

Saioak

Saioak irekiak izango dira. Lehenbiziko bietan, informazioa eskainiko da eta hurrengoetan, interesdunek zenbait lanketa egingo dituzte. Ez dago aurretik izen eman beharrik. 

  1. saioa: Energia-komunitateei buruzko sarrera (apirilak 29, 18:00-20:00, TOPIC).

  2. saioa: Tokikoa eta partekatua den energian sakontzen (maiatzak 13, 18:00-20:00, TOPIC).

  3. saioa: Energia-komunitatea sortzeko eztabaida (maiatzak 27, 17:30-20:30, kultur etxea).

  4. saioa: Elkarrekin, bidea egiten hasiko gara (ekainak 11, 18:00-20:00, kultur etxea).

  5. saioa: Ibilbide-orriaren definizioa (ekainak 17, 18:30-20:00, kultur etxea). 

Lehen bi saioetarako itzulpen zerbitzua izango da. Aurrez eskatuz gero, zeinu-hizkuntzako aldibereko itzulpen-zerbitzua ere eskainiko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA