Uzturreko San Inazio sendategi-baserriak 160 urte beteko ditu ostegun honetan

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/09 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Herritarrek eskuragarri duten ikerketa bat egin da.

Ekainaren 11 honetan, 160 urte beteko dira Uzturreko San Inazio sendategia eraiki zenetik. Orain arte ezezaguna zen historia hori Joseba Salbador Goikoetxea kazetari eta ikerlari tolosarrak bildu du, eraikinaren memoria berreskuratzeko boluntario talde bat egiten ari den lanari ekarpena eginda.

Egileak azaldu du iazko irailean sortu zela ikerketa historikoa egiteko ideia, Andoaingo Burdina taldeko kide batzuek «Miserikordia zaharra» izenez ezagutzen den eraikinaren hondakinak berreskuratzeko lanak ikustera egindako bisita batean. «Burdina taldean ere ondare historikoa berreskuratzen aritzen gara, Leitzaran bailaran batez ere, eta Uzturren egindako lanak ikustera gonbidatu gintuzten. Hondakinak erakusten zizkiguten bitartean, etxearen historia apenas ezagutzen zela konturatu ginen, eta berreskuratze lan horiek ikerketa historiko batekin osatzea interesgarria izango litzatekeela pentsatu genuen. Hala, artxiboetan ikertzen hasi ginen; lehenbizi, Udal Artxiboan, han baitago gordeta Miserikordiaren dokumentazio guztia, eta ondoren, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, baita garaiko egunkarietan eta agirietan ere».

Sei hilabeteko lanaren ondoren, ikerketak datu interesgarriak azaleratu ditu. Esaterako, eraikina 1866an eraiki zuela Miserikordia Etxeak, kolera eta beste zenbait gaixotasun infekziosoren hedapenarengatik Tolosan zegoen kezka handiko testuinguru batean. Izan ere, hamarkada bat lehenago, gaixotasun horrek 300 hildako baino gehiago eragin zituen herrian; horietako ehun inguru Miserikordian. Gainera, 1863an trenbidea Tolosara iritsi zen, eta horrek areagotu baino ez zuen egin gaixotasunak zabaltzeko beldurra.

Uzturreko erietxea eraikitzea 12.020 erreal kostatu zen, eta bi urte lehenago eraikitako abereentzako borda bat eta inguruan zeuden Pisuagako iturburuko urak baliatu zituzten. Jatorrizko funtzioa sendategiarena bazen ere, baserri gisa ere erabili zuten, batez ere 1920an Miserikordiaren egoitza nagusia Arrameletik Iurreamendira lekualdatu zutenetik.

Ikerketa hau Udalaren webgunean dago eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz, eta kazetaritza erreportaje formatuan egina dago, material grafiko askorekin lagunduta. Gainera, Elduaien-Ugartemendia familiako kideen testigantza ere jasotzen du. Tolosan oso ezaguna den familia, nahiz eta askok ez jakin baserri honetan jaio eta bertan bizi izan zirela 1942 eta 1964 artean.

Ikerketa lan horren lehen kopiak eraikinaren hondakinak berreskuratzeko lanetan hamar urtez musu truk aritu diren boluntarioek jaso dituzte: Santi Soler, Miguel Angel Bermudez eta Iñaki Elduaienek, San Inazio etxean bizi izan zen familiako anaia gazteenak. Argazkian taldeko laugarren kidea falta da, Nikasio Arana, Tolosatik kanpo zegoelako.

Ikerketa historikoak bat egiten du, baita ere, Tolosako Udalak ingurunea hobetzeko egin dituen jarduerekin; horien artean, baso autoktonoa berreskuratzeko lanak eta klima babesleku gisa egokitzeko atsedenlekuak, Pisuaga errekako bainuak barne. 

Ikerketa historikoa ezagutu nahi duenak Tolosako Udalaren webgunean du irakurgai, esteka honen bidez

 

Argazki oina: Ikerketa historikoaren aurkezpena San Inazio etxean, eraikinaren memoria bizirik mantentzen ari diren boluntarioekin batera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA