-
Sentsibilizazio kanpaina berriaren helburu nagusia da hondakinen bilketa datuak eta ohiturak hobetzea eta azken hilabeteetan antzemandako arazoei irtenbidea ematea.
-
Kanpainaren baitan etxeetara informazio eskuorria banatuko da, kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dira eta hezitzaileak kalean, edukiontzi guneetan, egongo dira herritarrei informazioa ematen.
Otsailaren 22an abiatuko da, martxoaren 22ra arte, gehiago eta hobeto birziklatzeko helburuarekin sortutako sentsibilizazio kanpaina berria. Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute kanpaina, Patxi Amantegi ingurumen arloko zinegotziak eta arloko teknikari arduradunak, Iñigo Muñozek, kale hezitzaile lanak egingo dituen Aiala Ezeizarekin batera.
Patxi Amantegik azaldu duenez, ingurumenaren kontserbaziorako gaikako bilketa egokia egitea ezinbestekoa da eta datuak hobetzeko eta aurten antzemandako zenbait arazori irtenbidea emateko helburuarekin garatu da kanpaina berria.
“Azpimarratzekoa da Tolosako gaikako bilketa datuak oso onak direla, %70 ingurukoak, eta azken urteotako bilakaerari erreparatzen badiogu, datuak mantendu egin dira, hau da, herritarrek birziklatzeko ohiturei eutsi egin die, eta esanguratsua bezain garrantzitsua da hori, baina datuak hobetu ditzakegu eta helburu hori du kanpaina honek, gehiago eta hobeto birziklatzea” adierazi du Amantegik.
Helburu gisa ezarri da 2023 urterako gaikako bilketa datua %75era igotzea. Horretarako, edukiontzi grisera soilik birziklatu ezin diren hondakinak bota behar direla azpimarratu dute, modu horretara, birziklatze tasa hobetzea lortzeko. Halaber, organikoaren edukiontzira soilik poltsa konpostagarriak bota behar direla ere gogorarazi dute.
Antzemandako arazoei ere irtenbidea
Era berean, ingurumen teknikariak jakinarazi du, tamaina handiko hondakinen gaikako bilketaren inguruan hainbat edukiontzi gunetan arazoak antzeman direla eta horregatik, kanpaina honen baitan gogorarazi nahi da noiz eta nola atera behar diren bolumen handiko etxeko hondakinak. “Garbigunera eraman daitezke eta baita ere, asteartetan atera 20:00etatik 22:00etara, aurretik, mankomunitatera deituta, lurrean edukiontzien alboan utzita” esan du.
“Gaizki utzitako tamaina handiko hondakinei pegatina gorri bat jarriko zaie herritarrek ikusi dezaten hondakin hori gaizki utzita dagoela, modu honetara herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko” azaldu du Muñozek.
Era berean, merkataritza-sektoreak kartoiak biltzeko egungo sistemaren inguruan ere zalantzak dituela ikusita, kartoi bilketari buruzko informazio kanpaina ere egingo da. Ingurumen hezitzaileak kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dituzte egungo bilketa-sistemaren berri emateko eta informazio orria ere banatuko zaie.
Informazio eskuorria etxeetara eta ingurumen hezitzaileak kalean
Herriko saltokietara bisitak egitearekin batera, ingurumen hezitzaileek kalean ere egongo dira, edukiontzi guneetan, herritarrei informazioa ematen.
Datuak hobetzea lortzeko eta herritarrak informatzeko eskuorria banatuko da etxebizitza guztietara.
Kanpainaren irudia, identifikagarria, herritarren parte hartzea sustatzeko
Kanpainaren irudiaren bitartez, identifikazioa sustatu nahi izan da, tolosarrek bat egin dezaten kanpainarekin. Horretarako herritarrentzat ezagunak diren elementuak erabili dira: organikoaren kuboa edota Azoka Lagunak poltsa, gehiago birziklatzetik harago, hondakin gutxiago sortzeko mezua ere indartze aldera.
Kanpainaren baitan sortutako irudi eta elementuak edukiontzi guneetan, hezitzaileak daudenean, eta hondakin bulegoaren kanpoan jarriko dira herritarrek kanpainaren iruditeria eta leloa barneratu dezaten.
Herritarren parte hartzea sustatzeko zozketa bat ere egingo da kanpainaren baitan. Etxeetara banatuko den eskuorrian dagoen kupoia beteta 250euroko balioa duen km0 produktuen saskia eskuratzeko aukera izango da. Kupoiko galdera erantzun eta zozketan parte hartzeko, kupoia moztu eta hondakin bulegoaren kanpoan ezarriko den postontzian utzi beharko da edo kupoiari argazkia atera eta whatsapp bidez 699 747 156 telefonora bidali.