“Txakur eredugarria” programaren 2. edizioa abiatuko du Udalak datozen asteetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/03/16 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Formakuntza saioen helburua da, animalien jabetza arduratsua sustatzea eta txakur jabeei txakurrak hezteko baliabideak ematea, ohitura egokiak indartu eta elkarbizitza hobetzeko.

  • Heziketa saio berriak martxo amaieran edo apirila hasieran hasiko dira eta urte bukaera arte iraungo dute. Doakoak izango dira eta parte hartzeko izena eman beharko da info@kangune.eus helbidera idatzita edota 606 85 13 10 telefono zenbakira deituta.

 

Iaz, urrian, abiarazi zuen Tolosako Udalak Kangune zentroarekin elkarlanean “Txakur eredugarria” programa. Formakuntza-programa hainbat tolosarrek egindako eskariari erantzunez jarri zen martxan pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza hobetu eta animalien jabetza arduratsua sustatzeko helburuarekin.

Lehen edizioan 35 pertsonek parte hartu zuten. Programak izandako harrera ona ikusita, heziketa saio berriak martxan jartzea erabaki du udalak eta martxo amaieran edo apirila hasieran abiaraziko da programaren 2. edizioa eta urtea amaiera arte luzatuko da.

Bi motatako saio praktikoak

Formakuntza saioen helburua da txakurrak hezteko baliabideak ematea jabeei ibilaldi praktikoak eginez, txakurrak hirian zehar modu egokian eramateko eta paseo ohitura egokiak indartzeko. Horretarako, bi saio mota eskainiko dira: batetik, klase praktikoak, txakurren eta pertsonen artean sortzen diren harremanak lantzeko, teknika desberdinen bidez, eta bestetik, paseo gidatuak, eguneroko ohiturak lantzeko. Paseo horietan, txakur parkeetan egin daitezkeen ariketak eta herrigunean izan beharreko jokabideak landuko dira.

Aurreko edizioan bezala, taldeak osatuko dira izena ematen duten herritarrekin. Saioak astelehenetan egingo dira 19:00etatik 20:00etara, baina osatzen diren taldeen arabera ordutegia aldatu ahal izango da.

Izena emateko herritarrek aste bete izango dute, gaurtik hasita, martxoak 16, datorren astera arte, martxoak 23, ondoren, martxoko azken astean edo apirila hasieran saioekin hasi ahal izateko.

Saioak doakoak izango dira eta Xabier Arrese hezitzaileak eskainiko ditu aurreko edizioan bezala. Izena emateko info@kangune.eus helbidera idatzi edota 606 85 13 10 telefono zenbakira deitu beharko da.

Txakur gorotzen arazoari irtenbidea emateko neurriak

Pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza sustatzeko eta tolosarrei udalerri atsegina, txukuna, erosoa eta bizigarria eskaintzeko lan lerro ezberdinak lantzen ari da Tolosako Udala azken urteetan. Orain abiatuko den formakuntza saioen bigarren edizioaz gain, Larramendi eta San Esteban auzoetan txakur parkeak sortu dira eta eremu gehiago sortzeko eta daudenak egokitzeko aukera ere aztertzen eta lantzen ari da Udala.

Era berean, txakur gorotzen arazoari irtenbidea emateko neurriak lantzen ere hasita dago Udala. Izan ere, herriko kaleetan txakurren gorotzen presentzia nabarmena da eta udaletik gogorarazi dute debekatuta dagoela txakur gorotzak nonahi uztea eta gorotzak jasotzeko ardura txakurraren jabearena dela eta hortaz, neurriak hartuko direla.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA