20m3 hondakin baino gehiago bildu dira aurtengo erreka garbiketan, inoizko kopururik handiena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/04/05 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Tolosa txukun mantentzeko eta Oria ibaia garbitzeko lanak egin ditu Udalak martxoan, herriko hainbat eragileekin elkarlanean.

  • Patxi Amantegi, ingurumen zinegotzia: “aurten inoiz baino hondakin gehiago bildu da, ibaiaren emari baxuak ibaiaren hondoan zeuden hainbat hondakin biltzeko aukera eman digulako. Eskertu nahi dut ikasleek eta Zumardiak egindako lana eta, bereziki, Zehar-eko errefuxiatuena, sei lagun buru belarri aritu direlako lanean eta izugarria izan delako egin duten lana.”

 

Aurten ere Tolosako Udalak Oria ibaia garbi mantentzeko lanak egin ditu martxoan herriko hainbat eragileekin elkarlanean. “Tolosa txukun eta garbi mantentzeko eta ingurumenaren zaintzarako funtsezko eginkizuna da Oriaren ibaiaren garbiketa egitea, gure ongizatearengan eta biodibertsitatearen kontserbazioarengan eragin zuzena duelako horrek”, adierazi du Patxi Amantegi, ingurumen zinegotziak.

20m3 hondakin baino gehiago bildu dira aurtengo erreka garbiketan, inoizko kopururik handiena, aurreko urteetan jasotako hondakinen bikoitza. Hein handi batean, “ibaiaren emari baxuak ibaiaren hondoan zeuden hainbat hondakin biltzeko aukera eman digulako” izan dela adierazi du Amantegik, eta “ikasleek eta Zumardiak egindako lana, eta bereziki Zehar-eko errefuxiatuena” eskertu ditu, “sei lagun buru belarri aritu direlako lanean eta izugarria izan delako egin duten lana.”

Gauza oso pisutsuak atera dira ibaitik, urak ekartzen dituenak. Presak oztopo gisa jokatzen du eta, ondorioz, hondakinak ibai hondoan geratu ohi dira, baina aurtengo ur emari baxua dela-eta, horiek guztiak garbitzeko aukera izan da, eta normalean garbitu ezin diren eremuak garbitu ahal izan dira aurten. Hondakin kopuru handia bildu da, bereziki, Zerkausiaren inguruan.

Hondakinak begi-bistan, kontzientziazio helburuekin

Ibaitik ateratako hondakinen poltsak begi bistan utzi ditu egun batzuetan Tolosako Udalak nahita, herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin. Patxi Amantegik adierazi duenez, “egunotan bildutako hondakinak begi bistan utzi ditugu, herritarrek ikusi dezaten zenbat eta zer nolako hondakinek amaitzen duten ibaian, izan ere, herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko modu eraginkorrena dela uste dugu.  Zentzu horretan ere, biodibertsitatearen zaintzarekiko interesa eta kontzientziazioa pizteko helburuarekin abiatu genuen iaz Biodibertsitate Gunea, Tolosa jasangarriago baten alde.”

Edukiontzi berriak, sareak barandetan eta URA agentziarekin elkarlana, Oria ibaia garbi mantentzeko

2020. urtean abiatutako ekimenari jarraipena emanez, Berazubiko zubian eta Euskaldunberrien oinezko zubian baranden azpialdean sareak jarriko dira lurreko zaborrak errekara ez erortzeko. Horrez gain, ibaira iristen den plastiko kopurua murrizteko helburuarekin, edukiontziak berrituko dira eta estalkia izango dute. Ibaitik urrutiago kokatuko dira zaborrontzietako hondakinak haizeak altxatu ez ditzan eta ibaira erori ez daitezen.

Azkenik, Tolosako Udalak URA ur agentziarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, uholdegarritasunari lotutako garbiketa lanak gauzatzen dira udalerrian, eta aurten ere lanak gauzatzen jarraituko dute, hala nola, ibaitik enborrak kentzen etab., Oria ibaia txukun mantentzeko helburuarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA