-
Tolosako Udala Aldaketa Klimatikoari Aurre egiteko Tokiko Plana garatzen ari da, tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko.
-
Bertan, Udalak egoera aztertu eta eraldaketarako ekintzak proposatzen ditu eta herritarrek zirriborroa irakurri eta ekarpenak egin ditzakete hemen.
Tolosako Udalak lanean dihardu Tolosa jasangarriagoa bihurtzeko, tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko helburuarekin. Zentzu horretan, Aldaketa Klimatikoari Aurre egiteko Tokiko Plana garatzen ari da, eta irailaren 29an aurkeztu zuen zirriborroa tolosarren aurrean, bilera ireki batean.
Planaren zirriborroak hiru atal nagusi ditu: testuingurua, aldaketa klimatikoak Tolosan izango dituen eragin nagusien azterketa eta eraldaketarako proposatzen diren ekintzak.
Jasangarritasunaren alde lanean
Azken urteetan hainbat konpromiso hartu ditu Udalak Tolosa herri jasangarriagoa bihurtzeko, hala nola, Klima-aldaketaren aurka egiteko udal-ordenantza onartu zen 2009an, Alkateen Ituna sinatu zen 2011ko martxoan eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana onartu zuen Udalak 2012 urtean. Hori horrela, 2012-2018 epealdian, Tolosako Berotegi Efektuko Gasen emisioek %13,4 egin dute behera.
Sektoreka aztertuz gero, hondakinen sektorean, energiaren alorrean eta lehen sektorean murriztu dira Berotegi Efektuko Gasen isuriak. Hala ere, garraioarekin lotutako isuriek gora egin dute eta egun Tolosan BEG emisioetan eragin nabarmenena duen sektorea da egun.
Hori horrela, legealdi honetan ere, Tolosako Udala gizakion ingurumen aztarna murriztuko duten politika publiko berdeak sustatzen ari da, eta tokikotasunetik energia eta klima trantsizioari erantzuteko, hainbat egitasmo, ekintza eta proiektu abiarazi ditu Udalak. Esaterako, Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarrirako Plana garatu, onartu eta abiarazi da, bertan jasotako ekimenak martxan jarriz, martxan da zero emisioko autobus elektriko bidezko Hiribus zerbitzua, eguzki plakak jarri dira ferialekuan eta udal eraikinen auditoria energetikoaren inguruko plana garatzen ari da Udala. Ekintza hauen artean kokatzen da, baita ere, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana.
Klima aldaketaren eragin nagusiak Tolosan
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko, ezinbestekoa da lehenik egoera aztertzea, eta hori egin du Udalak. 1971tik 2020ra bitarte, Tolosako batez besteko tenperatura 1,2ºC igo da, 1971an 12,6ºC izatetik, 2020an 13,8ºC izatera pasatuz. Etorkizunari begira, egungo tendentzia mantentzen bada, eta inolako neurririk hartzen ez bada, tenperaturen goranzko joera mantenduko dela aurreikusten da eta datorren hamarkadan (2020-2030), Tolosako tenperarura 0,4ºC igotzea espero da, 2050 urterako 1,4ºC eta mende amaierako 3,5ºC (2020 urtearekin alderatuz).
Batez besteko prezipitazioaren beherakada mende amaierarako %16koa izatea aurreikusten da, aldiz, nabarmenagoa izango da Tolosaren kasuan udazkenean, %36ko jaitsiera izatea espero baita.
Esan bezala, urteak igaro ahala oraingo tendentziak jarraitzen badu, Tolosan prezipitazio gutxiago izatea espero da, zehazki, mende amaierarako 2020an baino 26 euri egun gutxiago espero dira. Hala ere, nahiz eta prezipitazioak urriagoak izan, prezipitazio bortitzagoak espero dira, eta hauen ondoren lehorte-tarte luzeagoak.
Herritarrek ekarpenak egiteko aukera
Aldaketa Klimatikoari Aurre egiteko Tokiko Planaren zirriborroa udal webgunean dago tolosar guztien eskura. Bertan, Udalak eraldaketarako ekintzak proposatzen ditu eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzakete. Plan definitiboa urte amaierarako prest egotea aurreikusten da.