Aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana eskatu du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/28 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Helburua da Tolosaren garapen jasangarrirako estrategia bateratua garatzea, trantsizio energetikoa eta elektroktromugikortasuna barne hartuko dituena.

  • Udal gobernuarentzat lehentasunezkoa da legealdi honetan udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko urrats sendoak egitea eta horregatik, Legealdi Planean hainbat ekintza daude jasoak, besteak beste, Hiribus elektrikoa ezartzea, eguzki plakak udal eraikinetan jartzea edota kontsumo arduratsua sustatzea.

 

Tolosa herri jasangarriagoa bihurtzeko helburuarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, estrategikotzat jo ditu udal gobernuak legealdi honetan trantsizio energetikoaren eta elektromugikortasunaren aldeko urratsak egitea.

Legealdi planean hainbat ekintza daude aurreikusiak esparru horietan eta udalak badu trantsizio energetikorako plana, baita mugikortasun jasangarrirako plan berria ere, eta orain helburua da klima aldaketari aurre egiteko tokiko estrategiak zehaztu eta garatzea. Plan guztiak, garapen jasangarrirako estrategia berean kokatzeko.

Plan honen garapena, 2020ko aurrekontuetan jasotako egitasmoetako bat da eta udalak 6.000 euro bideratuko ditu. Isladak enpresa arduratuko da lan hau egiteaz.

 

Eraldaketarako ekintza plana

Azterketaren xedea, esan bezala, klima aldaketari aurre egiteko estrategia zehaztea eta eraldaketarako ekintza plana garatzea da.

Horretarako, testuinguruaren azterketa egingo da. Udalaz gaindiko plangintzak eta arautegiak, aldaketa klimatikoa eragiten duten faktore anitzak eta zeharkakoak, udalerriaren errealitatea (hondakinak, natura ingurunea, energia eta mugikortasuna) eta udalaren eskumenak kontuan hartuko dira.

Diagnosi fasean, beraz, esparru horiek guztiak aztertuko dira eta ondoren, eraldaketarako ekintza plana garatuko da, genero ikuspegiarekin lotura duten ekintzak ere barnebilduz.

 

Herritarren partaidetzarekin

Plan zirriborroa herritarrekin partekatuko da eta herritarren ekarpenak plangintzan jasoko dira. Horretarako aurkezpen saio bat egingo da ekintza plan zirriborroa garatu ostean.

Enpresa azaroan hasiko da testuinguruaren azterketa egiten eta 2020ko abenduaren eta 2021eko urtarrila bitartean definituko dute estrategia. Horren ondotik, 2021eko otsailean ekingo diote estrategia eta ekintza plan zirriborroa idazteari. Beraz, datozen hilabeetan plana garatuko da eta datorren urtean partekatuko da dokumentua herritarrekin.

Udal gobernuarentzat aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana garatzea ezinbestekoa da herriaren garapen jasangarrirako estrategia bateratu eta osatua izateko, alor guztiak kontuan hartu eta barnebilduko dituena: energia, mugikortasuna, hirigintza, natur ingurunea eta negutegi gasak besteak beste. Hori dela eta, 2019-2023 Legealdi Planean jada jasoak daude udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko hainbat ekintza: Hiribus elektrikoa ezartzea, eguzki plakak udal eraikinetan jartzea edota kontsumo arduratsua sustatzea.

Oinezkoek lehentasun osoa izango duten herri eredua sustatzen ere jarraituko da, elkarbizitzarako guneak sortuz, bizikletaren erabilera sustatuz edota herritarrentzat espazioak berreskuratuz, esaterako, Zumardi Txikia.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA