- Basoa izango da irailetik aurrera herriko bi ikastetxeetako haur hezkuntzako 3. mailako ikasleen ikasgela berria astean behin.
- Aurten, gauzatu den Baso-Eskola aurre-pilotaje fasean, 4 urteko ikasleek hartu dute parte. Maiatzean zehar, gelako dinamika jarraitu dute, baina naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz.
- Ibilbidea ikastetxeek, Udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean sustatu eta burutzen dihardute.
- Argazki galeria amaieran.
Basoa izango da irailetik aurrera Samaniego ikastetxeko eta Laskorain ikastolako 5 urteko ikasleen ikasgela berria astean behin. Baso Eskola metodologia lantzen egon dira amaitu berri den ikasturtean, eta hurrengotik aurrera, bi ikastetxeetako haur hezkuntzako 3. mailan aplikatzeari ekingo diote. Abentura honetan ikastetxeek Udala eta Kutxa Ekogunea izan dituzte lagun.
2017ko ekainean hasi zen ibilbidea, Kutxa Ekoguneko esperientzia ezagutu zenean, eta urtean zehar proiektua garatzen joan da pixkanaka beraien laguntzaz: bilerak, eremu egokien bilaketa, irakasle formazio saioak, gurasoekin informazio bilerak eta jolas librearen inguruko ikastaro motza, eskolako antolaketan aldaketak... Maiatzean praktikan jarri zen arte. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak aipamen berezia egin die herriko hezkuntza komunitateari zein Kutxa Ekoguneak eskainitako laguntzari eta bereziki bidelagun izan den lan taldeari.
Tolosako 3 ikastetxetako Haur Hezkuntzako irakasleak trebatu dira baso-eskolako metodologian 4 egunetako ikastaro bat eginez, eta Samaniego eta Laskoraineko ikastaldeek hartu dute parte pedagogia honetan oinarritutako proiektu honen aurrepilotajean.
Basoan, naturan, egunerokotasunean ematen diren aldaketak ikusteko aukera dago: loreak nola doazen aldatzen (hazi, loratu, fruitua heldu, hostoa galdu), urtaroak, naturak duen bilakaera… Natura ikastetxera gerturatzeko modu errazak badaude: baratzea, oilategia, putzuak... Baina aukera artifizialak dira Amantegiren iritziz: “Inoiz ez da izango mendira joatea edota ikastetxeko lau paretetatik atera eta inguruko natur-gunera hurbiltzea bezalakoa. Gainera, naturan ez daude neskentzako edo mutilentzako jostailuak: rolak nahasten dira, sormena piztu, joko indibidual eta bideratuak alboratu…”.
Aurten, gauzatu den aurre-pilotaje fasean, 4 urteko ikasleak izan dira, eguraldia alde batera utzita, kanpora atera direnak. Maiatza osoan zehar, astean behin atera dira. Gelako dinamika jarraitu dute, baina naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz: landare, arbola, txori eta animaliak, lokatza... naturaz gozatu dute. Jolas librea landu dute gehienbat, egituratu gabea. Ez dituzte ohiko jolasak erabili; natura bera izan da jolasa. Prozesu honetan, irakasleak bidelagun bilakatu dira naturan pasatu dituzten goizetan. Haurrak arriskuetatik babestu dituzte, baina ahalik-eta esku hartze txikienarekin, haurren berezko prozesua errespetatuz eta babestuz.
Samaniegoren kasuan Uzturre aldera abiatu dira eta Laskorainekoek Elosegi parkea erabili dute, parkeak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
Esperientzia baloratzeko unean irakasleek ez dute zalantzarik izan: “oso aberatsa izan da ikasleentzako baina baita guretzako ere. Ateratzen hasi ginenean, ikasleak aztoratuta joaten ziren, baina kanpora egun gehiagotan joan ahala, irakasle eta ikasleak halako guneetan normaltasun osoz eta lasai mugitzeko ohitura hartzen joan gara”.
Datorren ikasturte osoan Baso-eskola lantzea da eskolen helburua, aurten hasitako taldeekin, ordurako Haur Hezkuntzako azken urtean egongo direnak, hau da, 5 urteetakoak.
Elosegi parkea, haur hezkuntza gune
Eskolek beharrezko material zerrenda osatzeaz gain, egutegia eta plangintza egin dute. Amantegik nabarmendu du horretarako haurren familien parte hartzea ezinbestekoa dela, “basoan bidelagun modura irakasleei laguntzeko. Udalaren eskuetan babeslekuaren atala gelditzen da, oso eguraldi txarra egiten duenerako, eta eremuetan beharrezko egokitzapenak egitea. Elosegi parkearen kudeaketaren kasuan, hezkuntzaren ikuspegia txertatzen ari gara, horretarako, parkea ahalik eta modu naturalenean mantenduz. Zuhaitzak eta zuhaitz enbor eroriak, egur hilak, aproposak dira esaterako, xomorroak eta onddoak erakartzen dituztelako. Elosegi parkea hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune bihurtzea du helburu Udalak, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako dituen aukerak lehenesten baitu. Herriko parkeak paseatzeko eta aisialdirako gune baino ez direla iruditzen bazaigu ere, ikuspegi hori aldatu behar da. Zenbat eta egokiago diseinatu parkeak, orduan eta bideragarriagoa izango baita helburu hezitzaileekin ere erabiltzea. Bitartean, eremu gehiago bilatzen eta aztertzen joango gara”.
Basoa, Tolosako ikastetxeen ikasgela berria
Eskoletako curriculumetan barneratzen da naturarekiko harremana eta ezagutza transmititzeko ardura, baina orokorrean ikasgela barruan egiten da. Baso Eskola filosofiak pedagogia berdearen onurez gozatzeko aukera eskaintzen du, ikasleek naturarekin harreman zuzenak edukitzeko: ikusten, ukitzen, usaintzen, probatzen eta esploratzen. Haurraren garapen osoa eta naturala bermatzen da, horretarako hiru oinarri dituelarik: naturan ibiltzea, berezko erritmo naturala errespetatzea eta jolas librean oinarritzea.
Neurozientziak egindako ikerketen arabera, 6 urtera arte jolastu eta jolastu behar dute. Izan ere, jolasetako mugimenduaren bidez ematen da garapena eta ikasketa. “Uzten badiegu mugituko dira bere beharretatik eta geldirik egon behar duenean, geldi egongo dira”.
Baso-eskola gehien dagoen lekua Alemania da, eta han egindako ikerketa batek dioenez, baso-eskoletan ibilitako haurrek arreta jartzeko gaitasun handiagoa dute, eta oso ondo egokitzen dira. Euren beharrak asetuta egon direnez, ikasketarako, eserita egoteko eta lasai egoteko momentua heltzean, arreta jartzeko gai dira eta oso ondo moldatzen dira.
Elosegin azken eraberritze lanak, ireki aurretik
XIX. mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora Udalak erosi eta publiko bilakatua. Pierre Ducasse paisajista frantses ospetsuaren eskolako ereduan sortua. 26.720 m2 zabalerako gune naturalak garaiko interesdun elementuak gordetzen ditu, koba artifizialak, urmael bat, iturburuak, dorre begiratokia eta abar. Gaur egun garai horretan landatu ziren espezie batzuk mantentzen dira.
Parkeak malda handia du, batezbesteko %60koa, eta herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago. Honek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dugun baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du, herriko birika eta hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua.
Fase ezberdinetan gauzatu da parkearen eraberritzea eta urte honetan bertan parkea ireki ahal izateko azken lanak burutzen ari da Udala: nagusiki, dorre-begiralekuaren eraberritzea eta itxituraren amaiera. Horretarako 100.000 euro erreserbatu ditu Udalak 2018ko aurrekontuetan.
Zinegotziak aurreratu du dorrearen eraberritze lanak “uda partean” hasiko direla: “helburu dugu begiraleku gisa duen ahalera indartzea”. Bide horretan, gaur egun duen forma oktogonala mantenduko du. Lehen solairua gaur egungo itxuran mantenduko litzateke, eraberrituz, eta bere gainean eraikiko litzateke begiralekua. Azerozko pergola batek estaliko luke, lehen solairuak duen zortzi aldeko forma mantenduz. Pergolaren azpian eserlekuak ezarriko dira. 2. solairu honek, inguru osoan baranda bat izango du.
Horrekin batera, basoaren itxiera amaituko da, ondorenean, jendaurrera irekiz.
Argazki galeria