- Trianguloan egongo da urriaren 6ra bitarte (larunbata).
- 7,5 milioi kilo hondakin jasotzen da urtean Tolosan; Biztanleko ia 400 kg urteko. Horietatik %70a birziklatzen da.
- Patxi Amantegi, Tolosako Ingurumen zinegotzia: “Datu onak dira Tolosarenak, baina biziklapen mailan gora egiten jarraitzeko, herritarrekin elkarlanean jarraitu behar dugu. Guretzako hiru dira oinarrizko aldagaiak: baliabide egokiak jartzea herritarren eskura, hezkuntza, eta batez ere, kontzientziazioa”.
Patxi Amantegi, Tolosako Ingurumen zinegotziak eta Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Foru Diputatuak ireki dute 'Birziklapenean jaioak gara' kanpainaren instalazioa; Tolosako Trianguloan egongo da urriaren 6ra arte (larunbata). #ZainduTolosa ekimenaren baitan burututako kanpaina da, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Astez 9:30etatik 14:00etara eta 16:00tik 19:30etara egongo da zabalik, eta asteburuan, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etatik 19:30etara.
7,5 milioi kilo hondakin jasotzen da urtean Tolosan. Hori izan zen 2017ko datua, eta 2018an ere antzera doa. Biztanleko ia 400 kg urteko. “Horietatik %70a birziklatzen dugu -dio Patxi Amantegik-. Datu onak dira Tolosarenak, baina biziklapen mailan gora egiten jarraitzeko, guretzako hiru dira oinarrizko aldagaiak: baliabide egokiak jartzea herritarren eskura, hezkuntza, eta batez ere, kontzientziazioa”.
Tolosako Ingurumen zinegotziak gaineratu du guneak garbi mantentzeaz gainera, “egoki sailkatzen” jarraitu behar dela: “oso garrantzitsua da edukiontzi bakoitzera dagokion materia botatzea kalitatea manten dezan eta birziklagarria izan dadin. Gogorarazi organikoaren edukiontzira ezin dugula plastikorik bota eta beraz, erabili behar diren poltsak konpostagarriak behar dutela izan. Tolosako Udalak 60.000€ inbertitzen ditu urtero poltsa konpostagarriak erosten. Doanekoak dira. 24 orduz Zezen Plazan eta Kultur Etxean ezarrita dauden makinetan eskura daitezke. Gainera, gaur egun, errefuxarekin batera material birziklagarri asko galtzen da. Horri buelta eman behar diogu”.
Ecoembes eta Ecovidrio erakundeekin elkarlanean euskal udalerri zenbaitetan egiten ari diren kanpainaren helburua da Euskadin, 2030era bitartean, ontzi guztien %60a birzikla daitezen lortzea, eta pertsonen artean ekonomia zirkularraren printzipioak sustatzea.
Kanpainaren edukia
Hiru atal izango ditu: erakusketakoa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Jendeak parte hartzeko modukoak izango dira hirurak, bi helbururekin. Batetik, gehiago birziklatzeko, eta, horretarako, jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie, eta, bestetik, hobeto birziklatzeko, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den azalduko zaie. Hiriburuan dagoela baliatuta, euskarazko bisitaldi gidatuak egingo dira Lehen Hezkuntzako lehen mailetako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Erakusketaren atalean, informazio-panelen bidez, Euskadiko hondakin-planeko helburuak azalduko dira, modu ulergarrian eta grafikoan, azpimarratuta herritarrek garrantzi handia dutela helburu horiek lortzeko orduan, eta aholku probetxugarriak emango dira ekonomia zirkularreko oinarrizko kontzeptuei buruz, hala nola hondakinak gutxitzeari, birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruz.
Panelak zazpi bloke handitan egituratu dira:
-
Nola birziklatu ondo: aholku praktikoak, gomendioak eta datu bitxiak, ondo eta erraz birziklatzeko eta zer birzikla dezakegun jakiteko; birziklapenari buruzko mitoak eta onurak.
-
Nola birziklatzen da?: birziklatze-prozesuari buruzko azalpena, ontziekin, dagokien edukiontzian uzten ditugunean, zer gertatzen den jakiteko.
-
Birziklatu zure aitzakiak: birziklatzeko orduan etxean dauden traba nagusiei buruz (leku falta, interes falta, uste okerrak...) gogoeta egiteko eta horiei konponbidea bilatzeko panela.
-
Jarduera ludikoa: hondakinak bereizi, eta bakoitza dagokion edukiontzian utziko dugu.
-
Ecoembes barometroa: Espainia osoan jasotzen eta birziklatzen diren hondakinen datuei buruzko mapa, autonomia-erkidegoko eta udalerriaren xehetasunarekin batera.
-
Ecovidrio jarduerak: beira birziklatuarekin ale apaingarriak egiteko lantegiak, eta beirazko ontziak ezagutzeko jolasa.
-
Reciclatest / Reziklatesta: kanpainarako berariaz prestatutako 15 galderako test interaktiboa, non erantzunetan hiru aukera emango diren.
Kaleko ekintzak karparen kanpoaldean egingo diren hiru jarduera ludikorekin osatuko dira:
-
Nire konpromisoa: photocall saioa, non atrezzo txiki baten bidez, nahi duenak, gehiago eta hobeto birziklatzeko zer konpromiso hartzen duten adieraziz, argazki bat egin dezakeen.
-
Birziklapenean jaioak gara: kanpainako pertsonaietako bat izatera jolastuz, norbere buruaren argazkiak egiteko panela.
-
Batukada: ordu erditik ordu erdira, gutxi gorabehera, kanpainako abestia entzungo da (Reciclar es lo nuestro, ta zurea ere bai) eta dinamizazio berezi bat egingo da, inguruetan dabilen jendea parte hartzera animatzeko: musika-tresna birziklatuak eta ontziekin eginak banatuko dira, kanpainako abestia eta koreografia interpreta dezan.
Kanpaina ibiltaria
Birziklapenean jaioak gara kanpaina guztira hogeita hamar udalerri ingurura iritsiko da 2018an, karpa ibiltari handi baten bidez. Tolosatik igaro ostean, kanpaina Bilbo, Irun, Gernika eta Donostiara iritsiko da.
#ZainduTolosa
“Zaindu dezagun, beraz, maite dugun hori. Zaindu Tolosa”. Horrela aurkeztu zuen Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak Tolosako Udalak sustatutako Garbiketa Kanpaina Orokor berria. Amantegik zuzentzen duen Ingurumena, Obrak, Zerbitzuak eta Auzoak departamentuak kontzientziatu nahi du herritarren kolaborazioa ezinbestekoa dela herria garbi mantentzeko: “Tolosa garbia ez da gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik. Tolosar bakoitzak herria garbi mantentzen kolaboratzen badu egunerokotasunean, garbitasunaren iraultza lortuko dugu Tolosan, ditugun baliabideen erabilera optimizatuz gainera” nabarmendu zuen zinegotziak.
Hainbat kanpaina egin dira 2016 hasieran hondakin bilketa sistema aldatu eta kartelak ezartzeko panelak jarri zirenetik: 2016an 'Garbiago' birziklapen kanpaina; 2017an 'Esku ona al duzu?'; eta orain, herrian garbiketa alorrean Udalak identifikatuak dituen hiru arazo nagusiei helduko dien 'Zaindu Tolosa': animalien gorozkiak, edukiontzietatik kanpo dauden poltsak eta goxokiak izango ditu pilare.
Informazio guztia: bit.ly/2OXhUSu