-
Ekonomia zirkularra zer den eta ingurumenean nola eragiten duen landu dute ikasle zein irakasleek Eskola Agenda 21 proiektuaren baitan, Hondakinen Sentsibilizazio Astean
-
Ildo horretatik ere, elikagaien xahutzea gutxitzeko “Egin on eta on egin” egitasmoa ere martxan da Tolosaldean, baita produktuak trukatzeko Trukegunea eremua ere, Tolosako Udalak Usabal kiroldegian, kontsumo arduratsua eta birziklapena bultzatzeko ezarritakoa
Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan, elikadurak eta kontsumo ohiturek ekonomia zirkularrean nola eragiten duten aztertu dute Tolosako ikastetxeetako ikasle zein irakasleek, Hondakinen Prebentziorako Astearen baitan. Ekonomia zirkularra kontzeptuan sakondu dute, ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko Antton Alza adituak eskainitako “Elikagaien xahuketa, denen ardura!” jardunaldian.
Gaur egungo kontsumo ohiturak aztertu dituzte, elikagaien xahuketan arreta jarriz. Kontsumo arduratsuaren inguruko hausnarketa ere egin dute, hondakin organikoen aurrean zer egin daitekeen aztertuz. Izan ere, aurten Eskolako Agenda 21 proiektuaren helburua kontsumo ohiturak aztertzea izango da, elikagaien xahuketak eragin zuzena baitu ingurumenean, baliabideetan eta ekonomian.
Bertako zein garaian garaiko produktuak kontsumitzeak duen garrantzia, honek aldaketa klimatikoan duen eragina, eta ekonomia linealaren arriskuak ekiditea beharrezkoa dela ondorioztatu dute jardunaldian. Horiei aurre egiteko zein neurri hartu behar diren zehaztu dute: behar dena baino gehiago ez erostea, edo erosketak planifikatzea, adibidez. Elikagaien xahuketaren arrazoi nagusia kontzientzia falta dela azpimarratu dute. “Jan(h)ariaren atzetik” izenpean egingo dute aurten lanketa Eskolako Agenda 21 proiektuan.
“Egin on eta on egin” egitasmoa elikagaien xahuketa saihesteko
Elikagaien xahuketa ekiditeko helburuarekin bat egin dute Tolosaldeko hainbat ostalarik. “On egin eta egin on” proiektuaren barruan, biodegradagarriak diren ontziak banatzen ari dira jada eskualdeko 16 taberna eta jatetxetan, bezeroek jan gabe utzi dituzten elikagaiak etxera eraman ditzaten.
Izan ere, 8.500 tona elikagai ez da kontsumitzen edo galdu egiten da urtean Tolosaldean, 179 kilo pertsonako. “Egin on eta on egin” egitasmoarekin eta antzeko proiektuekin 2030erako kopuru hori erdira jaistea da helburua.
Trukegunea Usabal kiroldegian
“Trukean oinarritutako esperientzia baten bidez kontsumo arduratsua eta birziklapena sustatzea” helburu duen Trukegunea jarri du Tolosako Udalak Usabal Kiroldegian, Kutxa Ekogunearen proiektuaren baitan, herritarrei herrian bertan trukerako gune bat eskaintzeko.
Urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan eta liburuak, diskoak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak (mugikorrak, irratiak, telebistak…), brikolaje eta lorezaintza gailuak, kirolerako eta aisiarako produktuak, musika tresnak, apaingarriak eta jostailuak trukatu ahalko dira.
Trukegunean objektuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Betiere, uzten dena moldaketarik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatu behar da, eta jasotakoa behar bezala tratatzeko konpromisoa ere eskatzen da.
Gabon garaiaren atarian, haurrek jasotzen dituzten jostailuak eta jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea ere lortu nahi da. Gabonen ondoren, trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko elkarte ezberdinetara bideratuko dira.