- 72.500 euroko inbertsioa gauzatu du Udalak bertan zegoen borda berritu eta egokitzeko. Lehen solairua eraberritu da, eta bere gainean eraiki da begiralekua. Altzairuzko pergola batek estaltzen du eta azpian eserlekuak ezarri dira.
- Udal Gobernuak 2019ko aurrekontuan barneratu du urmael bat sortzea Elosegi Parkean.
- Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotzia: “urtez urte parkearen erabilera handitzen joan gara; orain, are gehiago zabaldu nahi da, herritarrei Elosegi Parkera sartzeko ahalbidea eskainiz. Behin obra nagusiak eginda, osagarriak izan litezkeenak hastear, eta seinaleztapena eta bestelako euskarriak errepasatu eta behar dena txukundu ostean, gure aurreikuspena eta asmoa da iñauterien ondotik, martxoan zehar, Elosegi parkea herritarrei zabaltzea”
Elosegi parkea bere ateak irekitzear da. “Iñauteri ostean, martxoan zehar, parkea herritarrei zabaltzea da gure helburua” adierazi du Patxi Amantegi alkate-orde eta Ingurumen zinegotziak. Prentsa agerraldia eskaini du orain arte Elosegi Parkean burutu diren lanak aurkeztu, amaitu berri den dorre-begiratokia ezagutarazi eta etorkizun hurbilean parkean garatuko diren jardueren berri emateko.
“Dorre-begiralekuak Tolosaren ikuspegi ezberdin bat eskaintzen digu” Amantegiren hitzetan. Azaldu du fase ezberdinetan gauzatu dela parkearen birmoldatzea: “2008an osatu zen plangintza. Oinezkoen bide nagusiaren zolaketa egin zen lehenengo; Monteskue auzotik ibilgailu-bidea eta parkeko goiko aldeko zerbitzurako eta mantentze-lanetarako bidea bigarren fasean; eta San Joan kaletik oinezkoen sarbide berria 3. etapa batean”. Azken hilabeteotan dorre-begiralekuan kontzentratu dira lanak. 72.500 euroko inbertsioa gauzatu du Udalak utzita zegoen borda berritu eta egokitzeko. Dorreak lehen zuen izaera oktogonala mantendu du. Lehen solairua eraberritu da, eta bere gainean eraiki da begiralekua. Altzairuzko pergola batek estaltzen du, lehen solairuak duen zortzi aldeko forma mantenduz. Pergolaren azpian eserlekuak ezarri dira. 2. solairu honek, inguru osoan baranda bat du. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak nabarmendu du helburu dutela begiraleku gisa duen ahalera “indartzea”.
2019ko aurrekontuan barneratu du Udal Gobernuak plangintza honetan ezarritako 5. fasearen gauzatzea: Depositu-putzuaren birgaitze eta egokitzapena. “Eremu horretan urmael bat sortzea da gure helburua -adierazi zu alkate-ordeak-, Elosegi parkeko biodibertsitatea sustatu eta osatzeko urak erakarri ohi dituen animaliekin. Lanak 2019an gauzatuko dira. Aurretiaz esan genuen eran, parke hau hiri-biodibertsitatea sustatzeko gune izatea nahi dugu, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako dituen aukerak lehenetsiz”.
Hain zuzen, Amantegik azpimarratu du urtez urte parkearen erabilera handitzen joan direla: “Ikasleekin, zuhaitzaren egunaren bueltan, parke honetan hasi gara landaketak burutzen. Hegaztien eraztuntze tailerrak Arantzadi zientzia elkartearekin batera. Txorien bizilekuak ere jarri ditugu. Hegaztientzako jantoki eta begiratokia ezarri da. Lehen aipatzen nuen ingurumen-hezkuntza sustatzeko. Baso eskola, Laskorain ikastolako 5 urteko ikasleak etorri ohi dira hona astean behin, naturarekin erabateko kontaktuan ikasgaiak era ezberdin batean ikasteko. Eta berriena, Zumardia elkartearen ekimena, Olentzeron basoa”.
Orain, erabilera hori, are gehiago zabaldu nahi da, herritarrei Elosegi parkera sartzeko ahalbidea eskainiz: “behin obra nagusiak eginda, osagarriak izan litezkeenak hastear, eta seinaleztapena eta bestelako euskarriak errepasatu eta behar dena txukundu ostean, gure aurreikuspena eta asmoa da iñauterien ondotik, martxoan zehar, Elosegi parkea herritarrei zabaltzea”. Zinegotziak azaldu duenez, “hasierako asmoa” da muga batzuekin: “jada zehaztuta dagoen ibilbidean eta segurtasun bermea duten guneak egongo dira eskura, gainontzekoa mugatua egongo da seinaleztapen bitartez”. Gehitu du parkearen funtzionamendua zehazten ari direla eta xehetasun gehiago eskainiko dituztela zabaldu aurretik: “hala ere, argi dugu Elosegi egunez egongo dela zabalik eta gauez itxita. Horretarako itxiera-sistema bat ezarriko dugu”. Gehitu du orain arte burututako jarduerekin jarraituko dutela “eta areagotu gainera, herritarrak hona erakarri eta hiriko baso hau goza dezaten. Elosegi parkea altxor bat da, aberatsa oso flora eta fauna aldetik, guztion gozagarri izan behar duena, baina baita guztiok zaindu eta babestu behar duguna ere”.
26.720 metro karratuko basoa
XIX mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora Udalak erosi eta publiko bilakatua. Pierre Ducasse paisajista frantses ospetsuaren eskolako ereduan sortua. 26.720 m2 zabalerako gune naturalak garaiko interesdun elementuak gordetzen ditu, koba artifizialak, urmael bat, iturri-manantialak, dorre begiratokia eta abar. Gaur egun garai horretan landatu ziren espezie batzuk mantentzen dira.
Parkeak malda handia du, bataz beste %60koa, eta herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago. Honek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dugun baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du, herriko birika eta hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua.
Landaretzan eta zuhaitz espezietan aberatsa da Elosegi. Fauna aldetik ere, txori, hegazti eta saguzarren gordelekua denez, animalia hauen behaketarako toki aproposa da. Geologia arloan ere aukera handiak ditu, gehienbat sistema karstikoaren adibideak ikusteko; lapiazak, iturburuak, kobak... eta abar.
Elosegi Parkearen eraberritzearen plangintza
Urtez urte joan da Udala parke honetan inbertsio ezberdinak burutzen:
1. esku-hartzea: Oinezkoen bide nagusiaren zolaketa izan zen.
2. esku-hartzea: Monteskue auzotik ibilgailu-bidea eta parkeko goiko aldeko zerbitzurako eta mantentze-lanetarako bidea egitea
3. esku-hartzea: San Joan kaletik oinezkoen sarbide berria.
4. esku-hartzea: Dorre-begiratokiaren birgaitze eta egokitzapena.
5. esku-hartzea: Depositu-putzuaren birgaitze eta egokitzapena. 2019Ko aurrekontuan jasoa.
6. esku-hartzea: Haitzulo-labirintoaren eremua. Egun mugatua eta debekatua sarbidea.
7. esku-hartzea: Itxitura-paretaren birgaitzea. Azterketa fasean.
Baso Eskola abian
Basoa da ikasturte berrian Samaniego ikastetxeko eta Laskorain ikastolako 5 urteko ikasleen ikasgela berria astean behin. Baso Eskola metodologia lantzen egon ziren 2017/18 ikasturtean, eta aurten, bi ikastetxeetako haur hezkuntzako 3. mailan aplikatzeari ekingo diote. Elosegi parkea du Laskorain ikastolak horretarako eremu.
“Iaz era pilotuan landu genituen hainbat alor, horretarako Elosegi Parkean ere hainbat moldaketa gauzatuz, eta aurten jada errealitate da”. Amantegik adierazi du Ingurumen hezkuntza eta ikerketarako aukera berriak zabaltzen dituela parkeak eta 'Baso Eskola' herrian eta parkean bertan garatzeak haurrentzako duen 'balio erantsia' nabarmendu du: “eskoletako curriculumetan barneratzen da naturarekiko harremana eta ezagutza transmititzeko ardura, baina orokorrean ikasgela barruan egiten da. Baso Eskolan ikasleek naturarekin harreman zuzena dute. Horrela, haurraren garapen osoa eta naturala bermatzen da naturan ibiliz, berezko erritmo naturala errespetatuz eta jolas librean oinarrituz.