Elosegi parkea hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune bihurtzea du helburu Udalak, ingurumen hezkuntza eta ikerketarako dituen aukerak lehenetsiz. Bide horretan, azken urteetan parkean jarduera desberdinak bultzatu dira, tartean, 2017ko maiatzean Aranzadi Zientzia elkarteko Ornitologi sailarekin elkarlanean burutu zen eraztuntze-zientifikoaren saioa.
Bi erakundeek elkarlan horrekin jarraitu dute, hegaztientzako jantoki eta begiratokia ezarriz parkean bertan. Bi elementu berri hauek ezagutara emate aldera, hegaztien behaketa eta identifikaziorako tailerra antolatu zen pasa den igandean, ekainak 3. Bi txandetan, 10:30etan eta 12:00etan Aranzadiko ornitologo adituek hegaztiei buruzko azalpen batzuk eman zituzten eta ondoren Elosegi Parkean zehar ibilaldi bat egin, parkea eta bertan dauden hegaztiak ezagutuz.
Argazki galeria amaieran.
Elosegin azken eraberritze lanak, ireki aurretik
XIX mendeko parke pribatu bat zen Elosegi, gerora Udalak erosi eta publiko bilakatua. Pierre Ducasse paisajista frantses ospetsuaren eskolako ereduan sortua. 26.720 m2 zabalerako gune naturalak garaiko interesdun elementuak gordetzen ditu, koba artifizialak, urmael bat, iturri-manantialak, dorre begiratokia eta abar. Gaur egun garai horretan landatu ziren espezie batzuk mantentzen dira.
Parkeak malda handia du, batazbeste %60koa, eta herriaren eta mendiaren arteko trantsizio eremuan dago. Honek parkearen izaera erabat definitzen du: herrian bertan dugun baso-mendi natural baten funtzioa betetzen du, herriko birika eta hiri – biodibertsitatea sustatzeko gune garrantzitsua.
Fase ezberdinetan gauzatu da parkearen eraberritzea eta urte honetan bertan parkea ireki ahal izateko azken lanak burutzen ari da Udala: nagusiki, dorre-begiralekuaren eraberritzea eta itxituraren amaiera. Horretarako 100.000 euro erreserbatu ditu Udalak 2018ko aurrekontuetan.
Zinegotziak aurreratu du dorrearen eraberritze lanak “uda partean” hasiko direla: “helburu dugu begiraleku gisa duen ahalera indartzea”. Bide horretan, gaur egun duen izaera oktogonala mantenduko du. Lehen solairua gaur egungo itxuran mantenduko litzateke, eraberrituz, eta bere gainean eraikiko litzateke begiralekua. Azerozko pergola batek estaliko luke, lehen solairuak duen zortzi aldeko forma mantenduz. Pergolaren azpian eserlekuak ezarriko dira. 2. solairu honek, inguru osoan baranda bat izango du.
Horrekin batera, basoaren itxiera amaituko da, ondorenean, jendaurrera irekiz.
Ibiliz, ondare naturala behatuz
Hobesten diren jarduerak, ibilaldiak eta natura eta ondarearen behaketa dira gehienbat. Herrian bertan, basoan “galduta”, lasai ibiltzeko eta “deskonektatzeko” aukera emango du parkeak.
Bestalde ingurumen hezkuntza eta ikerketarako aukera berriak zabaltzen ditu, landaretzan eta zuhaitz espezietan aberatsa baita. Fauna aldetik ere, txori, hegazti eta xagu-zaharren gordelekua denez, animali hauen behaketarako toki aproposa da. Geologia arloan ere aukeraduna da, gehienbat sistema karstikoaren adibideak ikusteko; lapiazak, iturburuak, kobak... eta abar. Amantegik adierazi du 'baso eskola' proiektuan lanean dihardutela herriko ikastetxeekin eta Ekogunearekin elkarlanean: “era pilotoan landu ditugu hainbat alor, horretarako Elosegi Parkean ere hainbat moldaketa gauzatuz, eta emaitzak gutxi barru emango ditugu ezagutara, behin ikasturtea amaituta. Ikastetxe zein familientzat ingurumen hezkuntzarako unitate didaktikoak sortzea dugu helburu bertan”. Esaterako, urtero, zuhaitz egunaren bueltan, herriko ikastetxeetako ikas-taldeek, Tolosako Ingurumen Zentroaren eskutik, zuhaitz landaketa burutzen dute bertan.
Hor kokatzen da, aipatu bezala, iaz Aranzadirekin elkarlanean egin zen lehen eraztunketa tailerra, parkea hegazti zale eta ornitologoen elkargune bihurturik.