Energia alorrean egin dituzten proiektuak aurkeztu dituzte Tolosako ikastetxeetako ikasleek, herritarren aurrean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/22 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Proiektuen erakusketa azoka egin dute goizean Trianguloan, proiektu horien bidez ikasi dutena herritarrei azaltzeko.

 

Agenda 2030 programaren barruan Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek landu dituzten proiektuen erakusketa azoka egin da gaur goizean Trianguloan. Egindako lanketa horri ikusgarritasun gehiago eman asmoz, bertan izan diren bi orduetan, egindako proiektuen nondik norakoak eta emaitzak azaldu dizkiete gaztetxoek, bertatik igaro diren herritarrei.

Garapen Jasangarrirako 7. helburua landu dute aurtengo ikasturtean, ‘Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea’, hain zuzen. Helburu nagusia energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzea izan da eta erronka horretan ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egin du.

Samaniego Herri Ikastetxeko 6. mailako ikasleek, esate baterako, ikastetxera bisita gidatuak antolatuko dituzte azken hilabeteotan, eskola jasangarriago egiteko eraikinean dituzten neurriak azaltzeko. Udal ordezkariek martxoan bertan egin zuten bisita, eta ikasleen eskutik jaso zituzten azalpen guztiak. Bada, gaur, herritarrei azaldu dizkiete irudien bitartez.

Herrikide Ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleek energia aurrezteko gakoak landu dituzte. Horretarako, bideo batzuk grabatu dituzte, eraikin publikoetan ikusgai daudenak. Azokan, gainera, gomendio horiek laburbildu dituzte eta energia aurrezteko zer egiten duten idazteko aukera eman diete bertaratutakoei. 

Bigarren hezkuntzako ikasleek etxetresnen kontsumoak neurtu dituzte. Eta batxilergoko ikasleek, berriz, Passivhaus edo etxebizitza berde bat sortzeko proiektua garatu zuten iaz. Kontsumo txikiko eta sorkuntza handiko etxebizitza eredua da, hain zuzen, erabiltzen den energia, gainera, berriztagarria dena. EHUko igenieritza eskolan aurkeztu zuten proiektua, eta Estatu mailako lehiaketa batean EAE ordezkatzeko aukeratu zuten. Bada, bigarren saria eskuratu zuten. Prozesu horretan ikasitakoa bildu eta aurkeztu dute gaur azokan.

Laskorain Ikastolako ikasleek, berriz, ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen aukerak aztertu dituzte. Horretarako, gabonetan antolatu ohi duten bigarren eskuko merkatu txikia aztertu dute esparru ezberdinetatik, eta horren atzean dauden onurak azpimarratu dituzte: produktuen erabilera-bizitza luzatzea, karbono aztarna gutxitzea, kontsumoa murriztea, edota lortutako diruarekin proiektu sozialak garatzea, besteak beste.

Bertan izan diren ikasle guztiek batera, gainera, energiarekin lotura zuten txapak egin dituzte eta handik igaro diren herritarrei banatu dizkiete.

Aitor Agirresarobe Ingurumen zinegotzia azokara bertaratu da, ikasleen azalpenak entzutera. «Energia gai konplexua den arren ikasleak zeharo motibatuta izan dira prozesu osoan, eta hori poztekoa da. Asko ikasi dutela azpimarratu dute denek, eta hori da helburu nagusia, pixkanaka kontzientzia piztu eta praktika jasangarriagoak sustatzeko», azaldu du. 

Proiektuari itxiera emateko, datorren astean Agenda 2030 proiektuaren Tolosako udal-foroaren ikasturte amaierako bilkura egingo da udaletxeko pleno aretoan, eta ikasleek landu dutena aurkeztuko diete udal ordezkariei.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA