Energia Azokak hartuko du Trianguloa larunbatean, laugarrenez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/11 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Goizeko 10:00etatik 14:00etara energiaren bueltako gaiak jorratzeko stand eta informazio panelak izango dira ikusgai, auto eta bizikleta elektriko bat goiz osoan zehar nahi duen orok probatzeko, eta baita aditu ugariren hitzaldiak ere. Bi bisita gidatu ere izango dira: 11:30ean eta 12:30ean.

  • Patxi Amantegi, Tolosako alkateorde eta Ingurumen zinegotzia: “ jendeak energia iturri berri eta garbiak eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea dugu helburu, honela merkatuan dagoena ezagutu eta erabil dezaten. Pausu txikiekin egiten baita gehien. Gure legealdi plangintzan jomugatzat ezarri bezala, klima aldaketari aurre egin eta egokitzen ari den herria da Tolosa, elkarlanean ari gara guztiok, lantegi zein etxeetan, energia eraginkortasuna eta kontsumo arduratsu eta eraginkorra izanik oinarri”.

“Energia iturri berri eta garbien eta kontsumo eraginkorreko teknologien inguruko ezagutza jendartera gerturatzeko helburuarekin ekin zitzaion Tolosako Energia Azokari bere hastapenetan, 2015ean - Patxi Amantegi Tolosako alkateorde eta Ingurumen zinegotziak adierazi duenez - eta egun, laugarren edizioan, teknologia hauek gizarteratzeko helburu berberekin jarraitzen dugu. Ezagutu = egunerokoan aplikatu”.

Datorren larunbatean, abenduak 15, ospatuko da azoka Trianguloan. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da eta honelako azoketan ohikoa den eran, gai ugariren bueltako stand eta informazio panelak izango dira ikusgai: biomasa galdara, eguzki energia instalakuntza ezberdinak, aerotemia instalakuntza, temperatura baxuko berogailuak, LED argiteria, eraikuntzetarako aislamentu material eta bukera ezberdinak… Egongo dira ere erabilgarri auto eta bizikleta elektriko bat goiz osoan zehar.

Trianguloan gauzatutako aurkezpenean eskaini dituzte xehetasunak Patxi Amantegik eta Tolosaldea eta Usurbilgo Lanbide Institutuetako ordezkariek. Amantegik nabarmendu duenez, Udalaren nahia da ekintza desberdinak antolatuz eta garatuz “herritarren kontzientzia mugitzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan inplikatzea, hain zuzen. Gure legealdi plangintzan jomugatzat ezarri bezala, klima aldaketari aurre egin eta egokitzen ari den herria da Tolosa, energia eraginkortasuna eta kontsumo arduratsu eta eraginkorra izanik oinarri. Hori herritarren esku jarri nahi dugu erakutsiz zer dagoen alor honetan eta beren egunerokoan zer egin dezaketen. Bide hori ari gara egiten. Eguneratze-teknologikoa, energia elektrikoaren kontsumoaren gutxitzea, atmosferara CO2ren igorpena gutxitzea eta mantenu-kostuen gutxitze nabarmena dakartzate ekintza guzti hauek. Efizientzian eta jasangarritasunean irabazten ari gara, pausu txikiak emanez, baina ondorio handiekin”, adierazi du Amantegik.

Eguzki-plakak, berogailu sistemak, argindarra aurrezteko bonbilak, etxebizitzak eraginkorrago egiteko fatxadak, auto elektrikoa... Badaude hainbat aukera herritarren esku, baina oraindik badaude gainditu beharreko zenbait oztopo teknologia batzuk erabar zabaltzeko. "Esate baterako, etxebizitza-bloke batean oso zaila da berotze sistema berri bat jartzea, espaziorik ez dagoelako aurreikusita etxebizitzaren diseinuan. Hori aldez aurretik egitea da egokiena, etxebizitza diseinatzeko orduan teknologia garbiak hartzea kontuan", azaldu dute Usurbilgo Lanbide Eskolako adituek.

“Eguzki-plaken teknologiak ere ikaragarri egin du aurrera azken urteotan, baina gure herrietan oraindik oso gutxi zabaldu dira. Zenbait eraikin publikotan jarri ziren bere garaian, baina garapena moztu egin da, Espainiako Gobernuak legez ezarritako oztopoengatik. Debekatuta zegoen, esate baterako, etxebizitza-bloke batek bere kontsumorako eguzki-plakak instalatzea. Bizilagun bakoitzak jarri behar zuen berea, ezin zen azpiegitura bakarra jarri denentzat. Oztopo hori ez legezkotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta atea ireki da bide hori jorratzeko. Baina legeak egokitu eta garatu behar dira. Urrats egokiak egiten badira, 10-20 urteren buruan ohikoa izango da etxebizitza-blokeetan eguzki plakak ikustea” Lanbide Heziketa ikastetxeetako ordezkariek nabarmendu dutenez.

Adibide gehiegori egin diete erreferentzia: “Etxebizitza-blokeen efizientzia energetikoan gero eta zorrotzago ari dira jokatzen erakunde publikoak, eta hortik ere etorri dira hobekuntzak. Arkitektoen elkargoak, adibidez, erakusgai dauzka fatxadak isolatzeko dauden materialak, energia alferrik gal ez dadin. Azokan oso modu praktikoan ikus daiteke, baita ere, LED bonbila berriek askoz argindar gutxiago behar dutela ohiko bonbilek baino” gaineratu dute.

Gai horiek guztiak jorratuko dira azokan, eta bisita errazte aldera, bi ibilbide gidatu antolatu dira, 11:30etan eta 12:30etan hasiko direnak biomasa galdara alboan. Ez da aurrez izena eman behar.

#TolosakoEnergiaAzoka traola erabiliko da sareetan komunikazioa bultzatzeko.

Tolosan pausu ugari azken urteotan

Patxi Amantegik nabarmendu du Tolosan hainbat aktuazio burutu direla azken urteotan, eta 2017koen berri emateko baliatu du unea: “azken urtean argiteria aldaketa gauzatu da hainbat gunetan, led sistema ezarriz, guztira 400.000 euroren bueltako aurrekontuarekin”. Honakoak izan dira guneak: Bidebieta auzoan eta Bizkaia kalean; Suhiltzaileen biribilgunean; Iparragirre-Izaskun auzoan; Olarrainen; Kondeaneko aldapan; eta Nafarroa etorbidean. “Gudari kalean amaitzear gara eraberritzea eta argiteria guztia berritu dugu ere. Eta pasa den astean aurreratu genuen eran, urtarril hasieran Alde Zaharreko eta Berazubiko argiteria berrituko dugu. Bestalde, udal eraikinen eraginkortasuna bermatzeko, sektorizazioa egin dugu udal eraikin nagusian. Eta, beste datu bat azaleratzearren, bizikleta elektrikoa ekarri genuen iaz, langileen mugikortasuna jasangarria izan dadin, autoa hartzearen beharrak gutxituz” gaineratu du Tolosako alkateordeak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA