Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan datorren ikasturtean elkarlanean garatuko duten proiektua adostu dute Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/07/04 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • ‘Energia, bizitzaren motorra’ izenburupean, jarraipena emango diote ikasturte honetan ekindako bi urteko erronkari eta datorren ikasturteari begira, formakuntza, diagnostikoak, aholkularitza, ikerkuntza eta sentsibilizazioa landuko dituzte.

 

 

Eskola Agenda 2030 egitasmoa herriko ikastetxeetako ikasleek, Tolosako Ingurumen Zentroarekin koordinatuta, ikasturtean zehar garatzen duten programa da, herrian garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko.

Tolosan, 8 dira Eskola Agenda 2030 egitasmoa garatzen duten ikastetxeak eta aurtengo ikasturtean ‘Energia, bizitzaren motorra’ izenburupean, bi urteko erronkari eman diote hasiera. Eta, hain zuzen, erronka horri helduz, Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek ere bere ekarpena egingo diote proiektuari; ildo horretan, datorren ikasturtean elkarlanean martxan jarriko duten proiektua adostu dute dagoeneko.

Hori horrela, Tolosaldea Institutuak, Inmakulada Ikastolak, Peñascal Kooperatibak, Don Boscok eta Fraisorok bakoitzak bere alorrekoak diren jakintzak aplikatuz egingo diote ekarpena erronka honi eta formakuntza, diagnostikoak, aholkularitza, ikerkuntza eta sentsibilizazioa landuko dituzte guztien artean.

Tolosaldea Institutua, esaterako, etxebizitzetan energia ikuskaritza eta aholkularitza egiteko formazioaz arduratuko da eta beraien ezagutzak Inmakulada Ikastolako, Peñaskaleko eta Fraisoroko ikasleei igorriko dizkie.

Ikuskaritzak, halaber, Peñaskal Kooperatibak dituen tutoretzapeko pisuetan egingo dira. Bertako erabiltzaileek energiaren erabilera egokia egiteko oinarrizko aholkuak jasotzeaz gain, etxe horietan identifikatutako arazoei (gehiegizko gastua, ohitura desegokiak…) irtenbideak emateko neurriak jasoko dituzte.

Fraisoroko ikasleen kasuan, jasotako formazioa beraien eraikinean aplikatuko dute, zehazki datorren ikasturtean martxan jarriko den elikagaiak eraldatzeko modulu berriko instalakuntzetan. Modulu honetan kontsumo handiko makinaria erabiliko denez, energia arduraz erabiltzeko gomendioak nola aplikatu ikasiko dute.

Don Bosco Paper Eskolako Kimika industrialeko ikasleak bestalde, fatxadak isolatzeko materialen ikerketa lanetan arituko dira. Horretarako Fraisoro Eskolak sortutako azpiproduktuak erabiliko dituzte (egurra adibidez) eta ikerketaren emaitzak frogatzeko Peñascaleko eraikuntzaren paretak erabiliko dituzte.

Proiektua herritarrekin partekatuz

Lanbide Heziketako eskolek, baina, proiektua herritarrekin partekatu nahi dute eta horretarako, oinarrizko ikuskaritza bat egiteko fitxa erraz bat sortuko dute herritar bakoitzak bere etxean egin eta beharrezko hobekuntzak identifikatu ahal ditzaten.

Proiektua aurrera eramateko Tolosaldea Garatzenen, Tolosa eta Zizurkilgo udalen, Tolosako Ingurumen Zentroaren eta Ingurugelaren laguntza izango dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA