Eskolako Agenda 21 programan Tolosako ikasleek hartu dituzten konpromisoak eta udalari egindako proposamenak aurkeztu dituzte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/29 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Elikadura zirkular jasangarriaren ezaugarriak identifikatu eta landu dituzten ikasturtean zehar.

  • Elikagaien xahuketan erreparatuz, kontsumo ohiturak aztertu dituzte eta, alternatiba jasangarriak eredutzat hartuz, hainbat estrategia diseinatu dituzte.

  • ‘EA2030 Trantsizioan’ bezala izendatu da datorren urtea, eta ‘Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorra’ izenburupean garapen iraukorrerako lanketa egingo dute datorren ikasturtean.


Gizarteko gainerako alorretan bezala, Covid-19ak ere zuzenean eragin du aurtengo Eskolako Agenda 21 proiektuan. Azken hilabeteetan bizitako egoera ekosistemen degradazioaren eta biodibertsitatearen galeraren ondorio dela baieztatu da. Honek guztiak eragin zuzena izan du ekonomian, kontsumoan eta gobernantza ereduetan, eta eredu horiek aldatu behar direla ere agerian geratu da. Hezkuntzak funtsezko zeregina du horretan guztian, eta marko horretan kokatzen da Eskolako Agenda 21 proiektua.

Aurten, Tolosako ikastetxeetako 4.685 ikaslek parte hartu dute, eta “Jan(h)ariaren atzetik” izenburupean janaria eta ekonomia zirkularra izan dituzte aztergai. Elikagaien xahuketan erreparatuz, kontsumo ohiturak aztertu dituzte eta alternatiba jasangarria eredutzat hartuz, estrategiak diseinatu dituzte. Ekonomia zirkularraren kontzeptua landu dute, eta ikusi da egun jarraitzen den ekonomia eredu linealak ekarri dituen arazoei aurre egiteko ezinbestekoa dela, lehengo baserrietan egiten zenari begiratu eta hura berriz praktikan jarriz.

Hala, elikadura jasangarriak zein ezaugarri izan behar dituen definitu dute ikasleek ikasturte honetan, hiru ezaugarri nagusi zehaztuz. Hala, elikadura jasangarriaren barruan askotariko produktuak lantzea beharrezkoa dela ikusi dute, laboreen aniztasunak lurra aberasten duelako, lurzorua emankorrago eta izurriekiko erresistenteago bihurtzen duelako. Prozesaturik gabeko elikadura bultzatzeak duen garrantzia ere azpimarratu dute, elikadura osasuntsuagoa izateaz gain hondakin eta ontzi gutxiago sortzen duelako. Eta gehiegizko elikaduraren aurrean, elikagaiak alferrik ez ekoiztea ere elikadura jasangarriaren ezaugarri dela ondorioztatu dute.

 

Konpromisoak eta proposamenak

Guzti hau kontuan hartuta, eta Covid-19ak eragindako etxealdiak areagotuta, Eskolako Agenda 21 hezkuntza proiektuaren barruan, gazteek hainbat konpromiso hartu dituzte elikadura jasangarria sustatzeko. Tolosako Udalari ere helarazi dizkiote hainbat proposamen.

Ikasleek hartutako konpromisoak:

  • Erosketak egiterakoan berrerabili daitezkeen poltsak, orga edo tuperrak eramatea.

  • Produktuak erosterakoan ahalik eta hondakin gutxien sortuko dituztenak aukeratzea, ontziratutako produktuak saihestuz.

  • Herrian kontsumitzea eta azokan ekoizleek zuzenean erostea.

  • Km 0 produktuak kontsumitzea, garaikoak eta bertakoak.

  • Janaria etxean prestatzea eta soilik kontsumituko dena. Soberakinak beste errezeta batzuetan aprobetxatzea, izozkailuan gordetzea beste egun batean kontsumitzeko edo sukaldatutakoa ezagunekin partekatzea.

  • Hondakinak ondo sailkatzea eta zabor poltsak soilik beteta daudenean ateratzea.

 

Udalari egindako proposamenak:

  • Bertako produktuen ekoizpena bultzatzeko diru laguntzak sortzea, azokako postuak merketu eta ekoizleei trabarik ez jartzea.

  • Eskualdean azoka gehiago antolatzea.

  • Gazteen inplikazioa bilatzea eta haien ahotsak ezagutzera ematea, gizartearen aldaketarako herritar garrantzitsuak direlako.

  • Plastikoaren erabilera gutxitzeko, hondakinen bereizketa ondo egiteko eta edukiontzien erabilpen egokia egiteko kanpainak egitea. Arauak betetzen ez dituztenei isunak jartzea.

  • Zaborraren kudeaketa egokia egitea, zaborrontzien eta edukiontzien mantenua hobetzea (hustu, garbitu, konpondu…) eta zaborrontzi gehiago jartzea.

  • Azokarako paperezko poltsak jartzea.

  • Konposta egiteko gune gehiago jartzea.

  • Bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko kanpainak egitea.

  • Janaria aprobetxatzearen garrantzia bultzatzeko kanpainak egitea.

  • Herri baratza parkea handitzea.

  • Gazteei zuzendutako baratza ikastaroa antolatzea.

  • Jatetxeetan, tabernetan eta supermerkatuetan soberan geratzen den janaria biltzeko kanpainak antolatzea.

  • Soberan geratzen den janaria hartu nahi duenak horretarako aukera izan dezan gune berezi bat prestatzea.

  • Herriko jaietan zein bestelako ekintzen bueltan egiten diren bazkarietan bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta produktu horiek kontsumitzea.

  • Politika ekologikoak sortzea eta horien alde egitea.

  • Herritarrak informatuta mantentzea.

 

Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean

Aurtengo ikasturtea amaituta, datorren urtekoa prestatzen ari dira Tolosako Udaleko Ingurumen saila, Tolosaldea Garatzen eta Ingurugela. Aurreratu dutenez, Agenda 2030 proiektuari emango diete hasiera. Berrikuntzak etorriko direla esan dute, baina proiektuaren helburu nagusia mantendu egingo da: gazteek arazoak identifikatzeko gaitasunak garatzea eta herritar parte hartzaileak izaten ohitzea, proposamenak eta alternatibak adostuz, beti ere ingurumenaren eta gizartearen babeserako.

Datorren urtea “EA2030 Trantsizioan” bezala izendatu da, hori dela eta, EA21en oinarrizko eredua jarraituko da, EA 2030era pixkanaka hurbilduz. Garapen Iraunkorreko Helburuetara hurbiltzea izango da datorren urteko xedea, “Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean”

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA