-
Tamaina handiko hondakinen, kartoi komertzialaren bilketaren eta edukiontzi marroira eta grisera botatzen diren hondakinen inguruko informazio kanpaina izan da.
-
Hondakin bilketa datuak eta birziklapen ohiturak hobetzeko lanean jarraituko du Udalak, lanketa pedagogikoaren bidez 2023rako gaikako bilketa tasa %70etik %75era igotzea baita helburua.
Hondakin bilketa datuak eta ohiturak hobetzeko eta azken aldian Tolosan antzemandako arazoei irtenbidea ematen saiatzeko egindako “Birzikla dezagun gehiago eta hobeto” kanpainak oso emaitza onak utzi ditu. Izan ere, herritarrek oso erantzun ona eman dute, eta adierazi duten interesak etorkizunera begira Udalak jarritako helburuak betetzera bidean doan herria dela ikusi da Tolosa.
Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “gaur egungo bilketa datuak hobetzeko herritarrak informatzea izan da kanpainaren helburua, eta honek ekarriko dituen emaitzak denboran zehar ikusiko ditugu. Izan ere, sentsibilizazio kanpainak ez dira hasi eta bukatzen, lanketa pedagogikoak jarraipena izan behar duelako denboran. Horregatik, Tolosako Udalak ekintza berriak egiten jarraituko du aurrerantzean ere herritarrak sentsibilizatzen eta kontzientziatzen jarraitzeko”.
Artelatz enpresak lanketa berezia egin du hilabetez herritarrekin, tamaina handiko hondakinen inguruan, kartoi komertzialaren bilketari dagokionean eta edukiontzi grisera zein marroira botatzen diren hondakinen inguruan.
“Horrez gain, kanpainak iraun duen bitartean, kartoia uzteko guneak K ikurrarekin margotu dira, eta horrek erraztu egingo du kartoiak uzteko guneen identifikazioa”, azaldu du Amantegik.
Helburua %75era iristea
Gaur egun Tolosan hondakinen %70 bereizten da. “Tolosarrak kontzientziatuta daude, eta horren isla dira ditugun bilketa datu onak. Baina horiek ere hobetu ditzakegu, eta hori da gure erronkarik eta helbururik nagusiena: 2023 urterako gaikako bilketa tasa %75era igotzea”.
Helburu horretara iristeko, hainbat egitasmo eta ekintza egiten jarraituko du Tolosako Udalak. “Adibidez, organikoaren harira, mankomunitatearekin elkarlanean lan egingo dugu, eta “Birzikla dezagun gehiago eta hobeto” kanpainari lotuta sortu ditugun esku-orriak hainbat hizkuntzatara itzuliko ditugu, informazioa tolosar guztiengana iristeko. Kanpainan zehar herritarren partetik jaso ditugun ohiko zalantzekin txosten bat ere egingo dugu, eta herritarren eskura jarriko dugu hori ere”, azaldu du Amantegik.
Izan ere, ingurumenaren zaintzarako eta kontserbaziorako gaikako bilketa egitea ezinbestekoa da. Datuak hobetzeko herritarren eskura informazioa jartzea eta erraztasunak ematea ere bai. “Tolosako Udalak bide horretan jarraituko du lanean”, Amantegiren esanetan.
Lanketa pedagogikoa
“Birzikla dezagun gehiago eta hobeto” kanpainaren berri emateko esku-orri bat banatu zen Tolosako etxebizitza guztietara. Iñigo Muñoz Ingurumen teknikariak azaldu duenez, 8.000 esku-orri banatu dira guztira kanpainan zehar: “Edukiontzi bakoitzera bota daitezkeen hondakinen sailkapena zein hondakinen bilketari buruzko hainbat datu jaso dira esku-orrietan. Horrez gain, bi ingurumen hezitzaile kalean izan dira egunero bi astez, herrian zehar kokatuta dauden edukiontzi irletan, herritarrei zuzenean informazioa ematen”.
Tolosako komertzioetara bideratutako informazio kanpaina zehatza ere egin da, kartoi komertzialaren inguruko informazioa emateko. Komertzio guztietan kartoia uzteko K guneen inguruko informazioa eman da, puntu guztien kokapena zehazten duen mapa batekin batera.
Tamaina handiko hondakinen inguruko sentsibilizazio eta informazio kanpaina egin da. “Horretarako, ingurumen hezitzaileek hainbat eranskailu jarri dituzte edukiontzi grisetan, bolumen handiko etxeko hondakinei buruzko informazioarekin. Kalean gaizki utzita agertu diren tamaina handiko hondakinetan ere eranskailuak jarri dira”.
800 elkarrizketa eta 412 bisita
Ingurumen hezitzaile hauen egiteko nagusia herritarrei informazioa ematea izan da, eta herritarrek dituzten kezkei erantzutea. Kanpainan zehar ingurumen hezitzaile lanetan aritu den Aiala Ezeizaren esanetan, “guztira 800 pertsona ingururekin hitz egin dugu eta edukiontzi horira, berdera, marroira eta grisera bota daitezkeen edo ezin diren elementu konkretuen inguruko zalantzak argitu ditugu”.
Herriko komertzioetara eta dendetara ere egin dituzte bisitak, guztira 412 establezimendutara (362 komertzio eta 47 taberna). “Kartoia birziklatzeko K puntuen inguruko informazioa eman zaie guztiei. Jasotako datuen arabera 103 establezimenduk ez zuten K puntuen berri, baina gehiengoak adierazi du kartoia uzteko gune horiek erabiltzen hasiko dela”.
Bestalde, Ezeizak jakinarazi du etxeko hondakin handien birziklapenera bideratutako eranskailuak mantendu egingo direla, “herritarrek informazioa barneratu dezaten”.
Azkenik, ingurumen hezitzaileek egin dituzten elkarrizketetan parte hartu duten herritarrek bertako produktuekin osatutako otar baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute. Guztira 656 pertsonek parte hartu dute zozketan. Otarraren irabazlea Arantxa Larrañaga izan da. Zorionak!